Kataluniako autogobernua «indartzea» proposatu du Sanchezek

Espainiako presidentea Aragonesekin bildu da gaur, Bartzelonan, eta adierazi du «katalanen bizi maila hobetzeko» bost akordio sinatu dituztela. Autodeterminazioaren inguruko erreferendumari dagokionez, ez dute aurrerapausorik eman.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Pere Aragones Generalitatekoa.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Pere Aragones Generalitatekoa gaur izan duten bileran, Bartzelonan. QUIQUE GARCIA / EFE
iraia vieira gil
2023ko abenduaren 21a
18:52
Entzun

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Pere Aragones Generalitatekoa lehen aldiz bildu dira gaur, Bartzelonan, azaroaren 16an Sanchezen inbestidura saioa egin zutenetik. Amnistiarako lege proposamena eta gobernu bien arteko harremanak izan dituzte hizpide, besteak beste, baina kontu batzuk argitzeko dituzte oraindik ere. Alde horretatik, Sanchezek adierazi du negoziazioetan jarraitzeko prest dagoela, eta Kataluniako autogobernua «indartzearen» aldekoa dela. Sanchezek uste du amnistiarako legea onartzeak, hain zuzen, instituzio bien harremanak «normalizatuko» dituela, eta, beraz, aukera izango dutela Kataluniako gatazka gobernuburu bien arteko «elkarrizketen» bidez konpontzeko. «Denentzako onuragarriak» izango diren erabakiak hartuko dituela adierazi du, «herritarren gehiengoa» ebazpen politikoetan islaturik egon dadin.

Sektore independentistek egin nahi duten autodeterminazioaren inguruko erreferendumari dagokionez, baina, ez dute aurrerapausorik eman. Sanchezen arabera, Espainiako Konstituzioaren oinarriekin bateragarria da amnistiarako lege proposamena; erreferenduma, ordea, ez. «Ez dago mundu osoan halako erreferendum bat egitea onartzen duen konstituziorik; herrialde batek ere ez du onartzen bere lurraldeetako bat banatzea», esan du Espainiako Estatuko agintariak. Aragonesek ziurtatu du berak Katalunia «defendatzen» eta autodeterminazioaren aldeko jarrera izaten jarraituko duela, nahiz eta badakien PSOEk zein iritzi duen. Bileraren ondoren, nork bere aldetik egin ditu adierazpenak.

Autodeterminazioaren auziaren inguruan aritzeaz gain, «katalanen bizi maila hobetzeko» bost erabaki hartu dituzte. Batetik, katalana «babesteko» eta eleaniztasuna «bermatzeko» hizkuntza lege berri bat adostu dute, eta, bestetik, bizitzeko gutxieneko diru sarreren eskuduntza Kataluniak kudeatzea onartu dute. Horrez gain, Rodalies trenak hobetzeko konpromisoa hartu dute agintari biek, eta horren inguruan aritzeko bilera «tekniko» bat antolatu dute urtarrilean. Era berean, hurrengo urteko lehen hiruhilekoan Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko mahaiaren bilera bat egitea adostu dute.

Akordioek asmo bakar bat dutela ziurtatu du Aragonesek: «Kataluniako herritarrek merezi dituzten zerbitzuak jasotzea». Izan ere, Generalitateko presidentearen arabera, haur pobrezia «izugarria» dago Katalunian, eta bizitzeko gutxieneko diru sarreren eskuduntzak horri aurre egiteko aukera emango die. Lurralde finantzaketari dagokionez, gainera, Sanchezek jakinarazi du Espainiako Gobernuak Kataluniak duen «zor biziaren» %20 ordainduko duela. Diru laguntza hori Espainiako Estatuko gainerako lurraldeek ere eskatu ahalko dute. Sanchezek Generalitateari eskainiko dion «babes ekonomikoa» eskertu badu ere, Aragonesek Espainiako presidenteari gogorarazi dio Kataluniak burujabetza fiskala izatea garrantzitsua dela.

ANCren protestak

ANC Biltzar Nazional Katalanak deituta, dozenaka lagun Generalitatearen jauregiaren aurrean elkartu dira gaur, Sanchezen aurka protestatzeko. Voxek ere Espainiako Presidentearen kontrako manifestazioa antolatu du gaur, amnistiarako lege proposamena aurkezteagatik. Biek topo egin dutenean, talde biak banatzeko erabakia hartu du Poliziak, istiluak ez gertatzeko.

Bestalde, Alberto Nuñez Feijoo oposizioko liderrarekin bilduko da Sanchez bihar. Espainiako presidenteak aurreratu du konstituzioa indartzeko eta elkarlanean aritzeko proposamena egingo diola. «Elkar ulertzeko beharra dugu, herritarren bizitza hobetzea gure esku dagoelako», azaldu du.

Espainiako Kongresuak amnistiarako lege proposamena onartzen duenean, gainera, Carles Puigdemont Kataluniako presidentearekin biltzeko asmoa ere baduela adierazi du Sanchezek, goizean RAC1 irrati katean eskaini duen elkarrizketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.