Iazko azaroaren 9an Kataluniako Parlamentuak onartutako haustura adierazpenean ez du delitu zantzurik antzematen Kataluniako Auzitegi Nagusiak, iritzita ez dela "indarkeria altxamendurik" egon, soilik legebiltzarraren esparrura mugatzen dela eta ebazpena jada bertan behera utzia duela Espainiako Auzitegi Konstituzionalak.
UPDk eta Manos Limpias elkarteak salaketa aurkeztu zuten Carme Forcadell legebiltzarreko presidentearen eta adierazpena babestu zuten parlamentarien aurka. Fiskalaren eskariari jarraituz, epaileak ez ditu salaketak aintzat hartu.
Auzitegiak argudiatu du ezin direla alderatu "indarkeriazko altxamenduak" eta "parlamentuan egindako legez kanpoko edo konstituzioaren kontrako ekintzak". Haren arabera, "matxinatze" delituak "indarraren erabilera" dakar; haustura adierazpenaren ondoren, ordea, ez da ordena publikoa nahasi, ebazpenean idatzi dutenez.
Homs ikertzeko eskaera
2014ko azaroaren 9ko prozesu parte hartzailearen harira, berriz, Francesc Homs Kataluniako Gobernuko orduko bozeramailea ikertu nahi du fiskalak. Horretarako, Kataluniako Justizia Auzitegiari eskatu dio Espainiako Auzitegi Gorenari proposa diezaiola ikerketa abiatzea.
Zehazki, A-9ko galdeketan izandako papera aztertu nahi du fiskalak. Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan diputatu gisa aukeratu zuten Homs, eta beraz, foruduna izanik, Gorenak ikertu beharko luke.