Joan Manel Abril instrukzio epailearen erabakia ontzat hartu, eta Artur Masen, Irene Rigauren eta Joana Ortegaren helegiteak atzera bota ditu Kataluniako Auzitegi Nagusiak. Ebazpena behin betikoa da.
Abril epaileak ahozko epaiketaren atarian utzi zituen hirurak, prebarikazio eta desobedientzia delituak egotzita. Kataluniaren etorkizun politikoari buruzko prozesu parte hartzailea egin zuten 2014ko azaroaren 9an, nahiz eta Generalitateak antolatutako galdeketa debekatu egin zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak.
Epailearen ebazpena onetsi du orain auzitegiak, eta A-9ko galdeketa "kausa politikoa" dela ukatu du; argudiatu du "delituan ustez gobernuko kideek parte hartu izanak" ez diola izaera politikoa ematen auziari. Gainera, gogorarazi du Konstituzionalaren debekua "bete beharrekoa" zela eta A-9aren inguruko auzia ez zutela abiatu galdeketagatik, Auzitegi Konstituzionalaren aginduari entzungor egiteagatik baizik.
Orain, fiskalak eta akusazioek epe bat izango dute zigor eskaerak aurkezteko.