Kataluniako Parlamentuak herrialde horren independentziaren aldeko proposamena eztabaidatzearen bezperan, mugimendu independentistako hainbat taldek eta pertsonek Kataluniako Batzar Nazionala eratzeko deialdia egin dute. Asanblea hori hilaren 30ean osatuko da, eta Kataluniako estatutu independentearen oinarriak finkatzea izango du helburu nagusia. Independentzia horretarako gehiengo soziala lortzea ere xede izango du. Atzo zabaldutako inkesta baten arabera, katalanen %34k baiezkoa emango lioke independentziari eta %30ek ezezkoa.
Ernest Benach Kataluniako Parlamentuko lehendakari ohia eta Joan Manuel Tresserras kontseilari izandakoa han zirela, herritarrei Kataluniako Batzar Nazionalean parte hartzeko deialdia egin zieten atzo, Bartzelonan. Han ziren alderdi independentistetako ordezkariak ere: ERCko Joan Tarda, Oriol Junqueras eta Bernat Joan, Solidaritat Catalanako (SI) presidente Toni Strubell, Democracia Catalanako Anna Arque eta CUPeko Josep Manuel Ximenis. Haiekin batera Maria Merce Roca idazlea, Joel Joan aktorea eta Jaume Sobreques historialaria.
CiUkoen kontraesanak
Subiranotasunari buruzko debateak indarra hartu du azken egunotan, batik-bat Bartzelonan independentziari buruzko galdeketa egin ondoren. Bost hautesletik batek eman zuen botoa, eta haietako %90ek baiezkoa eman zioten independentziari. Aldeko botoen artean zenbatu ziren Artur Mas Generalitateko presidentearena, bere kontseilari askorena eta 23 urtez lehendakari izandako Jordi Pujolena, guztiak CiUkoak.
Baina CiUko diputatuen botoa bestelakoa izango da gaur, independentziari buruzko eztabaida Parlamentura iristen denean. SIk proposatuta, diputatuek independentzia deklaratzeko legea bozkatuko dute, lehen aldiz. Proposamenak ez du aurrera egingo, CiUk ez duelako alde egingo. Talde horren lehentasuna Espainiako Gobernuarekin zerga bilketari buruzko akordioa lortzea da.
Kataluniako Batzar Nazionala sortuko dute hilaren 30ean
Parlamentuak gaur eztabaidatuko du independentzia aldarrikatzen duen SIren proposamena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu