Goizean, 06:55ean, atera dira Lledonerseko espetxetik (Bartzelona) Jordi Cuixart Omniumeko presidentea, Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuko presidenteorde ohia eta Joaquim Forn, Raul Romeva eta Jordi Turull kontseilari ohiak. Ordubete geroago irten dira espetxe berean dauden Josep Rull eta Joaquim Forn kontseilari ohiak eta Jordi Sanchez ANCko presidente ohia.
Carme Forcadell Parlamentuko presidente ohia ere atera da Wad-Rasetik eta Dolors Bassa kontseilari ohia Puig de les Bassestik (Girona). Espetxean dauden Kataluniako buruzagi independentistek aste honetan jaso dute hirugarren gradua, eta astelehena bitartean etxean egon ahal izango dira.
Espetxetik ateratzean Cuixartek esan du hirugarren gradua jaso izanak ez duela beretzat esan nahi berezirik, euren nahia delako «jazarpena behin betiko amaitzea». Forcadellek ere gogorarazi nahi izan du hirugarren gradua ez dela «askatasuna» eta oraindik zigorra betetzen ari direla. Turullek aitortu du, erabateko askatasuna ez den arren, aspalditik zuela egun hau buruan: «Jende guztiari eskerrak emateko gogoa dut, indarra, kemena eta itxaropena eman dizkigutelako».
Espetxetik irten berritan Catalunya Radiorako eginiko elkarrizketan, Cuixartek adierazi du agintaldia amaitzean Omniumeko presidentetza uzteko asmoa duela: «Egin dut egin behar nuen guztia». Agintaldia amaitu bitartean, baina, lanean jarraituko duela azaldu du, Estatu espainolak ezin duelako erabaki «Omniumeko presidentea nor izango den».
Hiru egunez etxean
Hirugarren graduarekin astelehenera arte egongo dira kalean buruzagi independentista espetxeratuak. Astean hiru gau pasatuko dituzte, beraz, etxean, eta lau, espetxean. Astegunetan, gainera, egunez ere irten ahal izango dira, eta zortzi eta 11 ordu bitartean egongo dira kartzelan. Espetxetik kanpo igaroko duten denboran, orain arteko lanekin eta boluntariotzekin jarraitu ahal izango dute.
Lledoners, Puig de les Basses eta Wad-Ras espetxeetako tratamendu batzordeek presoei hirugarren gradua ezartzea proposatu zuten uztailaren 2an, eta Kataluniako Gobernuak ontzat eman du asteon proposamena. Halaber, Fiskaltzak erabakiaren kontrako helegitea aurkezteko aukera izango du espetxe zaintzako epailearen aurrean. Hura ere hirugarren graduaren alde agertuko balitz, bigarren instantzian helegitea aurkezteko modua izango luke Fiskaltzak. Kasu horretan, Espainiako Auzitegi Gorenak izango luke azken hitza.