Kataluniako defizit fiskala

Jon Fernandez.
2012ko azaroaren 18a
10:59
Entzun

Zer da defizit fiskala? Lurralde baten biltzen den zerga kopuruaren eta han gastatzen denaren arteko aldea. Katalunian Espainiako Ogasunak biltzen ditu zergak, Bartzelonak ez duelako horretarako eskumenik. Kontua da, zergatan jasotako diru kopuru bera ez dela itzultzen Kataluniara, hortik defizita. Generalitateak kalkulatu duenez, 1980ko hamarkadaz geroztik, defizit hori barne produktu gordinaren (BPG) %8koa izan da, ia-ia urtero. 16.400 milioi euro izan ziren 2009an. Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuen batuketa baino gehiago.

Zer jarrera dute alderdi politikoek itun fiskalaren inguruan? Joan den uztailaren 25ean itun fiskala onartzearen alde bozkatu zuen Kataluniako Parlamentuko gehiengoak (%82,5). Kontzertu ekonomikoaren antzeko sistema bat eskatu zuen legebiltzarrak, Kataluniako Ogasun Agentzia propioa sortuta. CIU, ICV-EUiA, ERC, Joan Laporta eta Ernest Maragallen (PSCko diputatua orduan) aldeko botoak jaso zituen itun fiskalak; PPk, Ciutadansek eta SIk kontra bozkatu zuten, eta PSC abstenitu egin zen. Parlamentuaren babesa jaso ostean Madrilera jo zuen Generalitateko presidenteak Kataluniarentzako itun fiskala eskatzera.

Zertarako eskatu zion Artur Masek zerga ituna Mariano Raxoiri joan den irailaren 20an Moncloan? Kataluniak gaur egun duen defizit fiskala txikitzeko. Zergak berak bilduta eta Espainiarekiko elkartasuna erdira mugatuta, gaur egun duen defizit eta zor publiko handiak txikituko lituzkeela uste du Masek, eta ez liokeela Espainiari erreskatea eskatu beharrik izango. Raxoik erantzun argia eman zion: ez dago itun fiskal bat lortzeko aukerarik. Madrilen ezezkoaren ostean erabaki zuen Masek hauteskundeak aurreratzea eta hurrengo legealdian independentziaren inguruko galdeketa egitea.

Zer dio Madrilek? 1996an utzi zion zerga-balantzeak kaleratzeari, eta garrantzia kentzen die, "zergak herritarrek pagatzen dituzte eta ez lurraldeek" ereduko argudioekin. Hala ere, 2005eko datuekin Ogasun Ministerioak egindako txosten batek antzeko emaitzak eman zituen: BPGaren %8,7ko defizita du Kataluniak. Horren arabera, defizita dute Balear Uharteek (%14,2), Valentziak (%6,3), Madrilek (%5,5), Nafarroak (3,2) eta EAEk (%1,3).

Nora doa diru hori? Superabit handiena dutenak Extremadura (%17,7) eta Asturias (%14,3) dira.

Zenbat diru galdu du Kataluniak? 1990etik 2010era bitartean 160.000 milioi euro, Sobirania i Justicia elkartearen arabera. Kopuru hori Kataluniako BPGren %76 izango litzateke.

Katalanek zelan nabari dute defizita poltsikoan? Herritar bakoitzak hilean behar baino 233 euro gehiago ematen dizkio Espainiako Estatuari; hiru kideko familia batek dagokiona baino 8.400 euro gehiago ordaintzen du urtean. Egunean 60 milioi euro desagertzen dira katalanen poltsikoetatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.