Lau lagun atxilotu zituzten Bartzelonan eta Cambrilsen eginiko atentatuen harira; horietako bi espetxera bidali zituen epaileak, eta beste bat aske utzi zuen. Eta beste bati 72 orduz luzatu zion atxiloaldia, epe horretan argitzeko ea zerikusirik izan zuen erasoekin.
Gaur, epaileak behin-behinean aske utzi du atxilotua; Andreuk azaldu du ez dela frogatu atxilotuak harremanik zuenik erasoak egin zituztenekin, baina badaezpadako neurriak ezarri dizkio: astelehenero agertu beharko du epaitegietan, eta Espainiako Estatutik ezingo da irten. 12:30ean irten da Guardia Zibilaren kuarteletik. Fiskalak ez du asmorik erabakiaren aurka helegiterik jartzeko.
Bestalde, mossoek jakinarazi dute identifikatuak dituztela jada ustez atentatuak prestatu eta gauzatu zituzten guztiak. Bat falta zitzaien; Alcanarko etxebizitzaren leherketan hildako bat. Hori ere identifikatu dute. Etxe horretan, bi lagun hil ziren, eztandaren ondorioz, eta bat zauritu; Andreuk espetxera bidali zuen zauritutakoa.