Herritarrei euren etorkizun politikoaz galdetzea "zilegi" dela esan zuen atzo elkarrizketa batean Martin Rodriguez Sol Kataluniako fiskalak, eta adierazpen horiengatik kargutik botako du Espainiako fiskal nagusi Eduardo Torres Dulcek, horretarako prozedura hasita. Kargugabetzea ez da berehala egingo, ordea. Egun batzuk beharko dira dimisioa egiazko egiteko.
Iazko uztailean izendatu zuten Rodriguez Sol Kataluniako fiskal. Europa Press berri agentziak hari eginiko elkarrizketa batean, fiskalak esan zuen "zilegi" dela galdeketa egitea, baina zehaztu zuen "legezkotasunarekin bat" datozen galderak egin beharko liratekeela.
Torres Dulcek hura kargutik kentzeko prozedura hasi du, eta Fiskalen Kontseilua batzar batera deituko du gaiaren inguruan eztabaidatzeko. Rodriguez Solek, berriz, ukatu egin du "subiranotasun prozesu bat zuzenean edo zeharka babesten" duela, eta ziurtatu du "egungo araudiarekin" ez dela posible independentzia erreferendum bat.
ERCk eta CiUk gogor kritikatu dute fiskalaren kargugabetzea. Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak gogoan izan du Juan Antonio Chicharro Espainiako Armadako generalak iragan astean esandakoa — "aberria demokraziaren aurretik" dagoela esan zuen—. Masek kritikatu du Chicharro ez dutela zigortu eta, aldiz, "legearen araberako" adierazpen batzuk egiteagatik egotziko dutela fiskala.
ERCko parlamentari Marta Rovirak, berriz, "harridura" adierazi du, Espainiak "erabakitzeko eskubidearen alde agertzen den demokrata orori jazartzea" erabaki duelako.