Espainiako Auzitegi Konstituzionalak onartu egin du Kataluniako herri galdeketak arautzen dituen legearen aurkako helegitea martxan jartzea. Kataluniako Generalitateari «garrantzi politiko berezia» duten gaiei buruzko erreferendumak egitea eragoztea da helburua, Espainiako konstituzioaren aurka doazelakoan. Lege horretako artikulu nagusiak etenda geldituko dira auzitegiak erabaki bat hartu bitartean.
Iazko martxoan onartu zuten herri galdeketen legea; haren arabera, Kataluniako gobernuak berak erreferendumerako deia egin dezake. Gutxienez parlamentuko bi talderen, diputatuen bosten baten, 95 udalerriren —gutxienez 500.000 biztanle bildu behar dituzte— edokatalanen %3ren babesarekin ere egin daiteke horretarako eskaera. Legeak dioenaren arabera, estatuak baimendu behar ditu ekimen horiek.
Espainiako Gobernuarentzat, ordea, gehiegizko eskumenak eman dizkio Generalitateak bere buruari; helegitearen bidez, argi utzi nahi izan du bera dela garrantzi handiko auzi politikoak erabakitzeko erreferendumera dei dezakeen instituzio bakarra.
Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluak iazko ekainerako adierazi zuen helegitea jartzeko asmoa. Sei hilabeteko epea eman zion gobernu katalanari legea eztabaidatu eta moldatzeko, baina ez zuten adostasunik erdietsi.
Azkenean, abenduaren 23an jarri zuen legearen aurkako helegitea. Haren iritziz, Espainiako lege nagusiaren aurka doa, eta Kataluniako gobernuak edo udalerriek herri galdeketak egiteko eskumena baino ez dute. Gainontzeko auzi politikoak —besteak beste, Kataluniaren independentziari buruzkoak— erabakitzeko autoritatea Madrilek izango du.
Hain zuzen ere, legea hala betez gero, Espainiako konstituzioarekin bateragarria izango dela uste du Espainiako Gobernuak.
Kataluniaren txanda
Espainiako Kongresuari eta Senatuari ez ezik, Kataluniako Generalitateari eta legebiltzarrari ere igorriko diete helegitea; hala erabaki du Auzitegi Konstituzionalak osoko bilkuran. Erakunde horiek hamabost egun izango dituzte euren burua aurkeztu eta alegazioak egiteko.
Interneten, zeresan handia sortu du albisteak. Hala ere, gutxi izan dira oraindik gaiari buruzko iritzia eman duten politikari eta erakundeak.
Felip Puigek, Kataluniako Gobernuko Barne sailburuak, Catalunya Radiori egindako adierazpenetan esan du Generalitateak «errespetatuko» duela Konstituzio Auzitegiaren erabakia. Hala ere, horrek ez die katalanei erabakitzeko eskubidea kenduko, bere esanetan: «Herri honek abian jarri nahi duen egunean, Auzitegi Konstituzionalak ere ez gaitu geldiaraziko». Auzitegi Konstituzionalak Kataluniaren asmo demokratikoei «oso modu mugatzailean» erantzun diela uste du.
Joana Ortega presidenteordearentzat ere, estuegi ikusi du Espainiako Gobernuak legea, baina esan du ziur dela Auzitegi Konstituzionalak Kataluniaren aldeko erabakia hartuko duela.
Azken bi urteotan Kataluniaren autodeterminazioari buruzko hiru erreferendum antolatu dituzte. Lehenak, 2009ko irailaren 13an egin zutenak, polemika handia eragin zuen, antolatzaileekudalaren aretoak erabili nahi zituelako bozketak egiteko.
Ekimenak arrakasta izan zuen azkenean; botoa ematera deituta zeuden 6.500 lagunetik %40k hartu zuten parte; horietatik %95ek independentziari aldeko botoa eman zuten.
Kataluniako herri kontsultak eten ditu Espainiako Auzitegi Konstituzionalak
Behin-behineko neurria da, Madrilek herri kontsulten legeari jarritako helegitea aztertu arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu