Pedro Sanchezen inbestidura

Kataluniako independentistak esperoan, eta eskuina suminduta

Europako Batasunak "albiste ontzat" hartu du Sanchezen inbestidura. Urkulluk "aro berri bat" irekitzeko aukeratzat jo du.

Alvarez de Toledo eta Casado, inbestidura saioan. JUAN CARLOS HIDALGO, EFE
Iosu Alberdi.
2020ko urtarrilaren 7a
10:34
Entzun

Pedro Sanchez presidente aukeratu eta berehala hasi dira bateko eta besteko eragileak aukeraketaz hizketan. Espainiako eskuinaren erreakzioetan haserrea nabari da. PPko buru Pablo Casadok, esaterako, "ultra" gisa definitu du Sanchez. Denak ez dira hitz txarrak, ordea. Gobernu berriaren afera garrantzitsuenetako bat Kataluniako egoera politikoaren eta hark Madrilekin izan beharreko harremanaren ingurukoa da. Kataluniako bi alderdi nagusiak zain geratu dira, gobernu berria "ekintzetara" noiz pasatuko. Bruselatik, Europako Parlamentuko presidente David Sassoli izan da lehenetako bat Sanchez zoriontzen. Han du hurrengo borroka Espainiako Estatuak. Izan ere, parlamentuaren webgunean Oriol Junqueras, Carles Puigdemont eta Toni Cominen fitxak gehitu dituzte. Gainera, Junquerasek helegitea aurkeztu du Espainiako Auzitegi Gorenean, Espainiako Hauteskunde Batzordeak bere eurodiputatu izaerari buruz hartutako erabakiaren kontra.

Sassolirena ez da izan Pedro Sanchezek nazioartetik jaso duen zorion mezu bakarra. Europar Kontseiluko presidente Charles Michelek ere babestu du Sanchez, eta gehitu du haren inbestidura "albiste on bat" dela Europako Batasunarentzat. Europako Batzordetik, Ekonomia komisario Paolo Gentilonik izan ditu Sanchezentzako hitzak: "Hazkunde iraunkorra, eskubide sozialak eta Europaren batasuna sustatuko ditu". 

"Lortu dugu! Mila esker". Hala adierazi du Unidas Podemoseko Alberto Garzonek sare sozialen bidez. PSOEren eta Unidas Podemosen arteko negoziazioetako iturrien arabera, gobernu berriko ministro izango da Garzon. "Posible da", jarri du koalizio bereko buruak, Pablo Iglesiasek. Iglesias presidenteorde izango da, eta bere gain izango ditu Eskubide Sozialak eta Agenda 2030 alorrak. Agenda 2030ak, besteak beste, klima larrialdiari aurre egitea izango du helburu, eta Ione Belarra nafarra izango du estatu idazkari. Halere, Sanchezek ez du gobernukideen zerrenda emango datorren astera arte.

Kataluniako alderdi independentista nagusiek ezberdin bozkatu dute gaurkoan, baina antzeko hitzak izan dituzte presidente hautatu berriarentzat. PDeCATeko Laura Borras diputatuak adierazi du Sanchezen hitzak "ekintza" bihurtuko diren ikusteko zain daudela. Izan ere, Borrasen esanetan, argitzeko dago Sanchezek Kataluniako aferaren inguruan izaniko iritzi aldaketa benetako usteetan oinarritua dagoen edo "iraupen politiko" hutsa den. Bide beretik joan da ERC ere. Gabriel Rufianek Espainiako Gobernuak hitzartutakoa betetzean eta elkarrizketa sustatzean jarri du haren iraupenerako gakoa. Adierazi du "elkarrizketa mantentzen bada" eurak ez direla izango Sanchezen aurka egingo dutenak.

Gobernuak ere elkarrizketa aipatu du. Behin-behineko Atzerri eta Defentsa ministro Margarita Roblesek adierazi du "elkarrizketaren etapa" irekitzen dela gobernu berri honekin: "Arduraz eta leialtasunez".

Eskuina, haserre

Erasokorragoak izan dira Espainiako eskuineko hiru alderdi nagusietako buruak. Inbestidura saioa amaitu eta gutxira, PPko buru Pablo Casadok sare sozialen bidez adierazi du Pedro Sanchez "ultra bat" dela, bere bazkide "erradikalak" bezala. "Ultra bat da legezkotasunaren, berdintasunaren, tolerantziaren, jabetza pribatuaren eta merkatu askearen aurka atentatzen duena", gehitu du. Ciudadanoseko bozeramaile Ines Arrimadasek ere ez du inbestidura saioan erabilitako tonua aldatu, eta gogor jo du Sanchezen izendapenaren aurka. Sanchezen eta Iglesiasen arteko gobernuak, "separatisten" beharra izanik, "lubakien eta muturren" Espainia behar duela azpimarratu du: "Euren gasolina da".

Voxeko buru Santiago Abascalek, berriz, PSOEko diputatuen eserlekuetatik irainak jaso izana salatu du: "Hori da sozialisten haserrea. Boteretik erabiliko dute". Goiz osoan zehar ohikoak izan dira hitza hartu duten bozeramaileen aurkako oihuak. Aurretik, Voxeko diputatuak eserlekuetatik altxa eta kanpora irten dira EH Bilduko eledun Oskar Matutek hitza hartu duenean. Matutek sare sozialen bidez erantzun die: "Niregatik, betirako gera zaitezkete kanpoan".

Inbestidura ez da erraza izan, inorentzat. Esaterako, Teruel Existe alderdiko diputatu Tomas Guitartek jasaniko "presioak" salatu ditu. Guitartek etxetik kanpo egin behar izan zuen lo bart, Kongresuko segurtasun zerbitzuek hala aholkatuta. Diputatuak 9.000 mezu baino gehiago jaso ditu Sanchezen alde egingo zuela adierazi zuenetik.

"Pizgarri"

Iñigo Urkullu lehendakariak "aro berri bat" irekitzeko aukeratzat jo du Sanchezen inbestidura, eta "gobernagarritasunerako pizgarri" izan behar duela nabarmendu du. Gauzak horrela, eta urte amaierako mezuaren norabideari jarraikiz, "konpontzeko dauden konpromiso eta erronkei" ekiteko ordua dela azaldu du: "Espainiako Gobernu berria estatuak dituen egiturazko erronkei erantzuna ematen has daiteke, arlo guztietan: ekonomikoan, sozialean, lurraldetasunean, instituzionalean eta politikoan". Horien artean kokatu ditu transferentzien egutegia betetzea eta autogobernu estatus berrian aurrera egitea. Nafarroako presidente Maria Txibitek zuzenean ikusi du inbestidura, Kongresuan. Hark ere "etapa berri bat" hasten dela aipatu du, "elkarrizketan, bizikidetzan eta ongizatearen defentsatik eraikia".

LAB sindikatuak, berriz, azaldu du PSOEren eta Unidas Podemosen arteko gobernu berriak "intentzio on asko" dituela, baina "zehaztapen gutxi". Sindikatu abertzalearen esanetan, bi aldeek adostu dutena hilabete amaierako greba orokorreko aldarrikapenetatik "urrun" dago.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.