Gaur goizean jakinarazi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi duela Kataluniako Gobernuaren Kanpo Harremanetarako Plana. Nagusiki, Europako Batasunarekiko harremanak zehazten zituen planak. Ebazpena aho batez onartu dute epaileek, egitasmoak estatuarena den konpetentzia bat errespetatzen ez duela eta.
Sanchezen gobernuak urriaren 18an adostu zuen Kataluniako gobernuaren egitasmoa inpugnatzea. Isabel Zelaa bozeramaileak adierazi zuenez, planak ez dio estatuari aipamenik ere egiten, eta elkarren arteko koordinazioa baztertzen du. Testuinguruan ere egin du azpimarra Zelaak, eta esan du Estatu Kontseiluaren arabera, kanpo harremanetarako plana "Espainiaren nazioarteko irudia zikindu nahi duen prozesu independentista batean" kokatzen dela.
Madrilek abuztuan ohartarazi zion Kataluniako gobernuari konpetentziaren aferaz, baina Alfred Bosch kanpo harremanetarako kontseilariak bere politika internazionala "legezkoa, legitimoa eta beharrezkoa" zela argudiatu eta "koma bat ere" ez zuela mugitu argitu zuen.
Azken egitasmo hori Sanchezen gobernuak bertan behera utzi dituen beste ebazpenei gehituko zaie; tartean, autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen zuena eta Espainiaren eredu monarkikoa zalantzan jartzen zuena. Kanpo harremanetarako planaren kasuan, Espainiako Konstituzioko 161.2 artikulua erabili dute Generalitateak onartutako plana berehala indargabetzeko. Artikulu horrek dioenez, Espainiako Gobernuaren eskaria tramitera onartua bada, automatikoki uzten da bertan behera egitasmoa. Kataluniako Gobernuak alegazioak aurkezteko aukera izango du orain.