Guztira 5.320.637 kataluniarrek izango dute gaur Kataluniako Parlamentuaosatzen duten 135 diputatuak hautatzeko. Diputatu horiek Generalitateko presidente berria aukeratu beharko dute. Goizeko bederatzietan zabaldu dituzte ateak 2.680 hauteslekuek eta iluntzeko zortzirak arte egongo dira zabalik. Parte hartzeari buruz eman dituzten lehen datuen arabera 13:00etarako hautesleen %25ak eman du botoa. 2003ko hauteskundeetan ordu berean, %26ak baliatu zuen bozkatzeko eskubidea.
LETRA TXIKIAREN ARABERA
CiU dute denek irabazletzat, baina gobernua nola osatuko den argitzen lagunduko dute emaitzek.
Martxelo Otamendi (Bartzelona)
TV3k arazoak dauzka gaur gaueko saio berezian egingo duten tertuliara PSCren bozeramaile esanguratsu bat eramateko. Zerrendako aurreneko guztiak oso lanpetuta daude eta hamargarrenetik aurrera dagoen bat gonbidatzea proposatu diote saioko arduradunei Montillaren kanpaina daramatenek. Zergatik ote? Seguru aski emaitza txarrak aurreikusten dituztelako eta inork ez duelako aurpegia eman nahi. Adierazgarria, kontuan hartzen badugu beste alderdi guztiek zehaztu zituztela haien bozeramaileak telebistaren platoan egingo duten eztabaidarako. Denak pisudunak.
Asko hitz egin da Estatut-a salbatzeko Masek eta Rodriguez Zapaterok Moncloako jauregian larunbat gau hartan egin zuten akordioaren mami ezagunaz eta ezezagunaz. Zapaterok Masen laguntza behar zuen Estatut-a salbatu eta Espainiako Kongresuak onartzeko moduko testu bat kontsentsuatzeko.
Masek lagundu egin behar zion Zapaterori Estatut-a salbatzen eta horren truke, bistan da, Zapaterok Masi zer edo zer eman beharko zion. Zer? Estatut-a salbatu izanaren ohorea? Ez zen aski katalanen aurrean agertzeko; izan ere herritar abertzale askoren aurrean, baita CiUko jendearentzat ere, Masek «traizioa» egin zuen. Mamia izango zuen akordioa behar zuen Masek: Kataluniako lehendakaritza. Zapaterok Maragall baztertu eta horren ordez Masekin lehiatzeko gaitasunik ez daukan Montilla jarri, CiUren buruari errazago jartzeko Generalitat-eko buruzagitza. Hori izan liteke, Moncloako itunaren letra ezkutua, baldin eta letra ezkuturik badago.
Letra ezkutua izan edo ez pentsatu behar da Masek ez ziola Zapaterori Estatut-a salbatzeko mesede hura gratis et amore egingo. Nonbait behar du ordaina.
GOBERNU AUKERAK. Duda handirik ez dago gaurko emaitzei buruz. CiUk irabaziko du, aise eta eserlekuetan gora nabarmen eginda, baina urruti gehiengo absolututik. PSCk behera egingo du Maragallek 2003an lortu zituen emaitzekin alderatuta, ERCk ere behera egingo du eta, PSCra joandako botoa berreskuratuz gora egin lezake Sauraren ICVk. Piquek nahiko lan izango du duela hiru urteko emaitzei eusten.
«Koalizioa derrigorrezkoa izango da, eta edozein dela ere konbinaketa ERC izango da koalizio horren partaide», aurreratu zuen koalizioa norekin egin nahi duen aurreratu gabe Carodek igandeko mitinean. Ez derrigorrez. Pujolek gutxiengoan gobernatu zuen bere azken agintaldian, 1999-2003an, PPren laguntzarekin. Horixe bera egiten saia liteke gaurtik aurrera Mas, baina laguntzailea aldatuta: PSC. Egoera zaila du ERCk, beste biek behar dute (PSCk eta CiUk) koalizioa osatu nahi izanez gero, baina ez sozialistek ez konbergenteek ez dute ERC nahi norberaren koalizioan. 2003an bezala, baina alderantziz. Orduan biek behar zuten eta biek nahi zuten. Orain ez.
CiUk ez du ERCrekin koalizioa osatuko ez diolako barkatuko 2003an sozialistekin hiruko progresista eta katalanista osatu izana. CiUn gogoratu egiten dira, oso ondo eta inork horretara behartu gabe, zein zen ERCren estrategia: zortzi urtean (bi legegintzaldi) Maragall eduki gobernuan, CiU kale gorrian eta Maragall erretiratzekoan, CiUri sorpasso eginez ERC lehen indar abertzalea bihurtu. CiU, hala zioten ERCkoek, boterean egoteko tresna da eta oposizioan zortzi urtez irauteko. Estrategia hori gogoan oso zaila da CiUk koalizio gobernua osatzea ERCrekin, nahiz kalkulagailu parlamentarioak gehiengoa eman bi alderdien itunari. CiUren mendekuaren garaia da. Sozialistekin egitea ezinezkoa da, ez gobernu koalizioa; oso zaila delako gobernu berean CiUko eta PSCko kideak elkarrekin ikustea. Eta PPrekin are ezinezkoagoa, azken urteotan PPk Kataluniarekin izan duen jarrera ikusita.
Ezkerreko hirukoa errepikatzeko aukera emango du gaur gaueko kontabilitateak. Baina horretarako Montillak gertu gelditu beharko du Masen emaitzetatik. Kalkulagailuak ahalbidetuta ere, bien arteko aldea zortzi edo hamar eserlekutik gorakoa baldin bada ez da koaliziorik izango. Eta hor sartzen da Zapatero-Mas itunaren letra txikia. Mas izango da president Montillaren aurretik nahiko aldearekin geratuz gero. Alegia, Montillak ez du hirukoa birsortzeko ahaleginik egingo bien arteko aldea handia bada. Horregatik «agindu» zion Zapaterok Maragalli berriro ez aurkezteko, galtzeko prest den hautagaia nahi duelako Moncloak, egoera lasaitzearen truke. Bakarrik Montillak berebiziko emaitzak lortuta, Masengandik hiruzpalau eserlekutara, saia litezke PSCkoak Zapaterori «errebolta» egiten. Baina hori ez da gertatuko, Masek aise irabaziko dio Montillari.
Zein izango da orduan PSCren papera bihartik aurrera? Espainiako politika nagusia buruan, CiUren gobernuaren egonkortasuna kanpotik bermatuko dute gobernuan sartu gabe; Madrilgo parlamentuan CiUk Zapaterorekin berdin jokatzearen truke. 2004an Espainiako hauteskundeak irabazi zituenetik, IU eta ERC izan ditu Zapaterok erreferentzia nagusia legeak, batik bat prestigio soziala eman dioten aurrerazaleak, onartzeko; baina 2005eko udatik hona ezaguna da PSOEren ahalegina erreferentzia horiekiko menpekotasuna leuntzeko. IU eta ERCren ordez, CiU eta EAJ nahi ditu Zapaterok bidelagun legegintzaldia amaitu bitartean, 2008ko udaberrira aurreratzen ez baditu.
HIRUKOAK EZ DU FUNTZIONATU. PSCk galdu egingo du PSUCren boto historikoa, berriro bere oinordeko naturalera itzuliko dena: ICV. Horregatik da Saurarena hirukoan egondako alderdietatik inkestetan bakarra gora egiten duena. PSUCren boto hori PSCra joan zen 2003an, modu bakarra zelako CiU boteretik kentzeko. Baina Montillarekin irabazteko aukerarik ez dagoenez, betiko lekura itzuliko dira komunista zaharrak. Maragall zaleak diren intelektualek ez diote botoa Montillari emango, boto hori elitista delako eta Montillak perfil hori eskaintzen ez duelako. Etxean geratuko dira.
Eta Montilla hautagaia izan arren, Bartzelonaren gerriko industrialeko etorkin espainiarrak ez dira Cornellako alkate ohiak nahi zuen neurrian bozkatzera joango. 500.000 boto sozialista omen dira Espainiako hauteskundeetan bozkatu bai, baina Kataluniakoetan etxean geratzen direnak. Montillak ez ditu etxetik aterako.
ERCren emaitza inkognita da, baina kanpaina ona egin duten arren, hizketaldi pertsonaletan ez dute transmititzen emaitza onak lortzeko konbentzimendurik.
Legegintzaldi zaila izan du Kataluniak. Hirukoak ez du funtzionatu, Estatut-aren prozesuak gaizki bukatu du, eta neke sentsazioa handia da klase politikoan. Inork ez zuela ospatu Sant Jaume plazan Estatut-aren onarpena.
Duela hiru urte Pujolen erretiroa izan zen. Hiru urte geroago Maragallena. Baina alde nabarmena dago bi erretiroen artean. Pujolen alderdiak sendo segitzen du, eta Maragallen alderdia (PSC) jota dago. PSCren espiritu katalanista galtzeko arriskua dakarte hurrengo urteek. PSC izan dena gero eta gehiago Kataluniako PSOE izateko arriskua baitago. Maragall eta bere taldea albo batera utzi izana esanguratsua da.
Kataluniako hauteskundeak
Kataluniarrek hauteslekuetan dute gaur hitzordua
Arratsaldeko seiretan parte hartzeari buruzko datu berriak eman dituzte. Gaur, 2003an ordu berean baino %6 herritar gutxiago hurbildu da hauteslekuetara. Arratsaldeko seietarako hautesleen %45,29ak eman du botoa. Duela hiru urte egin ziren hauteskundeetan ordea arratsaldeko seiretan %51,17ko parte hartzea egon zen. Xavier Sabate Gobernazio kontseilariak azpimarratu duenez hauteskunde eguna normaltasunez igarotzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu