Kataluniako herritarren erdiek baino gehiagok emango lukete botoa independentziaren alde, Ser irrati kateak argitaratutako inkesta baten arabera. %24k bozkatuko lukete aukera horren aurka, eta %15,9k ez luke jakingo zer bozkatu.
Kataluniak kontzertu ekonomikoa bezalako finantzaketa eredu bat lortuz gero independentziaren aldeko jarreraz ere galdetu du irratiak. Akordio ekonomiko batera heltzeak ez luke eragin handirik izango, %46,8k jarraituko bailukete independentzia aldezten. Kasu horretan, %27 izango lirateke independentziaren kontrakoak.
Estatu bihurtuta Europako Batasunetik kanpo geratzeko aukerez eztabaidatu izan da. Hala balitz, %47,4k bozkatuko lukete independentziaren alde.
Erreferendum bat egiteaz zalantza gutxi dute Kataluniako herritarrek; hamar biztanletik zortzik baimenduko lukete autodeterminazio erreferendum bat. Areago, galdeketa legez kanpokoa izango balitz ere, %59,7 leudeke bozkatzera joateko prest.
Hauteskundeak eginez gero, ERCk lortuko luke boto gehien, %22,1eko babesarekin. CiUk beheranzko bidean jarraituko luke, eta bigarren alderdia izango litzateke, %20,7 lortuta.