Tauakkul Karmanen (Taiz, Yemen, 1979) bizitzako helburu nagusia askatasuna lortzeko kateak apurtzea izan da. Kazetari eta abokatu gisa aritu izan da lanean; baina, batik bat, ekintzailea da.
Katerik Gabeko Emakumezko Kazetarien Elkartea sortu zuen 2005ean, adierazpen askatasunaren alde egiteko. Eserialdiak, manifestazioak eta bestelako protestak antolatu ditu hainbatetan. Gobernuak irrati bat eta egunkari bat itxi zituenean protesta egin zuen. Gerora, ezkontzeko haurren gutxieneko adina igotzeko kanpaina bat egin zuen. Eta orain ere kalean ari da, Ali Abdula Saleren erregimenaren aurkako protestan. Besteak beste, ikasleen batzarrak antolatu ditu, eta emakumeen ahotsaren irudi bilakatu da matxinadan.Ehunka emakumerekin kalean kanpatuta dago otsailaz geroztik. «Ametsik basatienean ere ez nuke halakorik imajinatuko. Harro nago gure emakumeez», adierazi du.
Saleren gobernuak mehatxu egin dio, maiz atxilotu izan dute, komunikabide ofizialetan irrigarri utzi izan dute, eta isilarazteko, kargu bat ere eskaini diote. Karmanek, baina, tinko eutsi die bere ideiei, eta horregatik miresten dute askok.
Isla oposizioko alderdi islamista eta kontserbadoreko kidea da, eta Yemengo erreforma demokratikoa printzipio islamikoetan oinarritzearen alde egiten du. Iaztik aurpegia —begiak izan ezik— estaltzen zion nikaba etxean uztea eta ilea soilik estaltzen dion zapia janztea ere kate bat apurtzea izan da, ziurrenik, hiru seme-alaba dituen ekintzaile honentzat.•
Tauakkul Karman
Kateak apurtuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu