Moshe Katsav Israelgo presidente ohia (2000-2007) bortxaketa eta sexu jazarpen delituen errudun dela erabaki du Tel Aviveko Barrutiko Auzitegiak. Epaia historikoa da, Israelen estatu buru ohi baten aurkako lehenbizikoa baita. 2006an, Katsavek berak salatu zion Menahem Mazuz Estatuko fiskal nagusiari funtzionario bat jazarri egiten zitzaiola. Salaketa, ordea, aurka itzuli zitzaion, funtzionarioak Katsavek egindako sexu erasoak salatu zituelako. Handik urtebetera, 2007ko ekainean, dimisioa eman zuen, eskandaluak hartutako neurriengatik.
Tribunalak adierazi du Katsaven bertsioa «gezurrez beteta» dagoela. Bortxaketa gauzatzeko «aginte postuaz eta indar fisikoaz» baliatu zela ebatzi du, eta akusazioak saihesteko asmoz «une oro frogak sortu» dituela. Auzitegiak ez du jakinarazi noiz emanen duen zigorraren berri. Israelgo legedian, bortxaketagatik gutxieneko kartzela zigorra lau urtekoa da, eta gehiena, berriz, hamasei urtekoa.
Epaiaren arabera, Katsavek, Turismo ministroa zenean (1996-1999), ministerioko funtzionario bati bi aldiz egin zion eraso: bata, bortxaketatzat jo du epaimahaiak, eta bertzea, sexu erasotzat. Ondoren, presidente zen aroan, bertze bi funtzionariori sexu abusuak egin zizkiela eta jazarri egin zitzaiela ebatzi du epaimahiak. Boterea gehiegikeriaz erabili duela, eta Justiziaren lana eragotzi duela dio. Akusazioak lekuko bati jazartzea ere leporatu zion, baina epaimahaiak kargu horretatik absolbitu du.
George Karra epaileak irakurri du ebazpena. Lehenbiziko biktimaren bertsioa ontzat jo dutela azaldu du. «Laidoztatzea arrazoi bakarrak eragin zuen: emakumeak ez zituen onartu akusatuaren maite proposamenak». Defentsak argudiatu du akusazio guzia lehen biktimaren konplota izan dela, Katsavek postutik bota zuela-eta «mendeku gosez» zegoelako. Epaimahaiak, ordea, lekukoen bidez frogatutzat jo du emakumeak kasuaren inguruan egindako lehenbiziko adierazpenak kaleratu aitzinekoak izan direla.
Biktimaren izena ez dute jakinarazi, eta prozesuan A. izendatu dute. Epaia jakin ondoren, emaitzarekin gustura agertu da. «Katsavekin lan egin duten emakume anitzen sufrimendua bukatzeko aukera izan dut».
Israelen, bertze edozein berriri gain hartu zion atzo presidente ohiaren aurkako prozesuak, baita palestinarrekiko gatazkari dagozkienei ere. Benjamin Netanyahu lehen ministroa ere mintzatu zen gaiari buruz. Israelgo Estatuarentzat «egun tristea» zela adierazi zuen. Netanyahuren ustez, epaimahaiak mezu «argia» bidali du: «Gizon eta emakume guztiak berdinak dira legearen aitzinean, eta emakumeek eskubide osoa dute euren gorputzaren gainean». Katsaven abokatu Avigdor Feldmanek iragarri du epaiari helegitea paratuko diola.
Lau urte eskandaluan
2006ko udan, lehen salaketa jaso ondotik, bertze bederatzi emakumeren salaketak jaso zituen presidenteak. Urte bereko abuztuan, Poliziak Katsaven etxea miatu zuen. Ikerketapean egonik, kargua uzteko presio politikoa areagotu zitzaion.
Boterea utzi aitzinetik, baina, Fiskaltzarekin akordioa egin zuen Katsavek: jazarpen kasuak onartuko zituen, bortxaketaren akusazioa kentzearen truke. Horrela, espetxe zigorra saihestu zezakeen. Biktimek irain larritzat hartu zuten akordioa. 2008ko apirilean akordioa tribunalaren aitzinean berretsi behar zuten, baina ezustean, Katsavek horri uko egin zion. Feldman abokatuaren ustez, «kontzientziak» agindu zion hori egiteko. 2009ko martxoan, Fiskaltzak formalki prozesatu zuen, eta leporatutako delitu larrienak, bortxaketa eta sexu erasoa gehitu zizkion akusazioari. Epaiketak urtebete iraun du, eta publikoari itxita egin dute ia osoa.
Katsav Israelgo presidente ohia errudun dela erabaki du epaileak
Emakume bat bortxatu zuela, bertze biri sexu erasoak egin zizkiela eta Justiziaren lana eragotzi duela ebatzi du epaimahaiakKasua argitaratu eta urtebetera eman zuen dimisioa Katsavek, 2007ko ekainean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu