Kaxmirren giza eskubideak urratzeagatik ehun soldadu zigortu ditu Indiak

Hogei urtez egindako urraketen erantzuleak zigortu dituzte; ez dute zehaztu, ordea, zer motatako zigorrak diren

Erredakzioa
2010eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Kaxmirren azken hogei urteotan giza eskubideen kontra egindako urraketen erantzuleek zigorrak jasoko dituzte. Indiako armadako militar batek jakinarazi duenez, 104 soldadu zigortu dituzte urratze horien harira. Zigorrak zeintzuk diren, ordea, ez du zehaztu, ez eta soldaduek egindako urraketak zer-nolakoak izan diren. Epe horretan giza eskubideen urraketen inguruko 1.514 salaketa jaso dituztela eta aztertzen ari diren sei kenduta beste guztiak ikertu dituztela jakinarazi dute iturri militarrek. Horietatik 35 kexu baino ez direla benetakoak diote, salaketen %97 faltsuak zirela.

Bitartekariak

Kaxmirko gatazka dezente gaiztotu da azkenaldian. Ekainaz geroztik egunero-egunero ateratzen ari dira kalera herritarrak independentzia aldarrikatzera, eta soldaduekin izandako liskarren ondorioz, ehun lagun hil dira. Indiak etxeratze agindua ezarri du eta soldaduei indarkeria baliatzeko baimena eman die. Bien bitartean, eta egoerak okerrera egin ez zezan, ordezkari talde bat bidali zuen irailean bere menpeko lurraldera, aurrenekoa aldiz urteetan. Orain, berriz, hiru lagun izendatu ditu negoziazioetan bitartekari lanak egiteko. Manmohan Singh lehen ministroa elkarrizketak abiatzeko prest agertu da; dena den, independentziaz aritzea zaila izango da; izan ere, beretzat aldarrikatzen du lurralde osoa. Pakistan, berriz, autodeterminazio eskubidearen alde da. India eta Pakistan banatzean gelditu zen zatikatuta Kaxmir, 1947an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.