Mundua

Kazetari estatubatuarraren hilketaren auzian "justizia" egingo dela ohartarazi du Obamak

AEBek berretsi dute egiazkoa dela James W. Folyren hilketa erakusten duen bideoa. Obamak adierazi du Estatu Islamikoa "erauzi beharreko minbizia" dela.

Barack Obama bart gauean, kazetari estatubatuarraren hilketari buruzko prentsaurrekoa eskaini aurretik. RICK FRIEDMAN / EFE
2014ko abuztuaren 21a
07:58
Entzun

Egiazkoa da Estatu Islamikoko miliziano bat James Wright Foley kazetari estatubatuarra hiltzen ageri den bideoa. Hala berretsi zuten atzo AEBetako segurtasun indarrek. Irudiek Washingtonen haserrea eragin dute. Barack Obama presidenteak ohartarazi du bere esku dagoen guztia egingo dutela "justizia" lor dadin. Estatu Islamikoa "erauzi beharreko minbizi bat" dela adierazi du, eta iragarri du ez dituztela etengo Iraken hasitako "bonbardaketa selektiboak".

Duela bi urte bahitu zuten Foley, Sirian. Estatu Islamikoak aste honetan zabaldu du haren heriotzaren bideoa, eta ohartarazi du beste hainbeste egingo dutela beste kazetari batekin, Steven Sotloffekin, baldin eta AEBek bonbardaketak eteten ez badituzte. Ohar bat ere egin diote Washingtoni: "Estatubatuar honen bizia, Obama, zure hurrengo erabakiaren menpe dago".

AEBetako armadak operazio berezia egin zuen uda hasieran Estatu Islamikoak bere esku zituen bahitu estatubatuarrak askatzeko, baina porrot egin zuen. "Lurrez eta airez egin zen bilaketa, Estatu Islamikoaren menpeko eremu batean. Baina ez genuen arrakastarik izan, bahituak ez baitzeuden informazio zerbitzuek uste zuten tokian", azaldu du Pentagonoko eledun John Kirbyk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.