AEB

Kazetari hispano bat kanporatu du Trumpek prentsaurreko batetik

Gaztelaniazko Univision kateko aurkezle ezagun batek immigrazio politikarako egindako proposamenak auzitan jarri dizkio errepublikanoen presidentegai izateko hautagaiari. Bideoa: Jorge Ramos kanporatu duten unea (Univision). [YouTube]https://youtu.be/X3mj51qagx0[/YouTube]

mikel rodriguez
2015eko abuztuaren 26a
13:28
Entzun

"Eser zaitez, ez dizut hitza eman. Zoaz bueltan Univisionera". Donald Trumpek errotik moztu du Jorge Ramos kazetariarekin izandako eztabaida, eta Iowan ematen ari zen prentsaurrekotik kanporatu du, nahiz eta gero itzultzen utzi dion. Alderdi Errepublikanoaren presidentegai izateko hautagaiak kazetariekin kanpainan izandako beste une deseroso eta mediatiko bat izan da, Megyn Kelly Fox kateko aurkezleari egindako iruzkin iraingarrien ondoren. Baina indar mediatiko handiko gertakariak bilakatzeaz gain, bi pasarte horiek Trumpen pentsaeraren bi ezaugarri azaleratu dituzte gordinki: sexismoa, eta hispanoekiko arrazakeria. Bideoa: Ramos aretora itzuli ondoren izan duten eztabaida (Univision).

[YouTube]https://youtu.be/FCQpg7zp4XA[/YouTube]

Iowako Dubuque hirian eman du Trumpek prentsaurrekoa. Hurrengo urtean estatu horretan hasiko da Alderdi Errepublikanoaren presidentegaia hautatzeko caucus-a, eta AEBetako presidentea hautatzeko hauteskundeetan ere garrantzi handia du Iowak. Ramos kazetariak Trumpen proposamenak kritikatu ditu, zehazki Mexikorekiko mugan horma bat eraikitzearena eta paperik gabeko 11 milioi etorkin kanporatzearena. Trumpek prentsaurrekotik kanporatu du, baina ondoren itzultzen utzi dio, eta eztabaida labur bat izan dute. "Ezin dituzu 11 milioi lagun deportatu", esan dio Ramosek. Trumpek erantzun dio hispanoen artean ospe handia duela, eta Nevadan haien artean garailetzat ematen dutela inkestek. "Badakizu zenbat latinok egiten duten lan niretzat? Milaka". 

Kazetari hispanoen protesta

Univision kateko aurkezlea da Ramos. AEBetan gaztelaniaz jarduten duen kate handiena da. Trump eta hedabide hori etsaituta daude, hautagai errepublikanoak immigranteen aurka, baina bereziki hispanoen aurka egin dituen adierazpenengatik eta proposatu dituen neurriengatik. Iragan ekainean Trumpek 433 milioi euroko salaketa bat jarri zuen Univisionen aurka, bien arteko kontratua haustea leporatuta. Kateak uko egin zion Miss USA lehiaketa emitizeari —Trump da horren jabea—, hautagaiak egindako adierazpenengatik. Ramos bera ezaguna da hispanoen aldeko kazetaritza lanengatik. 57 urte dauzka, eta 25 urterekin joan zen Mexikotik AEBetara.

AEBetako Kazetari Hispanoen Elkarte Nazionalak gaitzetsi egin du Trumpek Ramosekin izandako jokabidea. Hispanoak gutxiengo nagusia dira AEBetan, eta bi alderdietako hautagaiek haien botoari gero eta garrantzi handiagoa ematen diote presidentetzarako hauteskundeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.