Zehazki, eskuin muturreko Herri Aliantza Ortodoxoa (LAOS) da egoera horretatik probetxu gehien lortuko duena. 2000. urtean sortutako alderdiak ez zuen diputatu bakar bat ere lortu 2004ko bozetan, ez baitzituen horretarako beharrezkoak diren botoen %3 eskuratu. Orain, ordea, eserleku bat baino gehiago lortuko dituztela iragartzen dute inkestek. Taldeari arrazakeria eta antisemitismoa bultzatzea egozten diote. Alderdiko buru eta lehen ministrorako hautagai Giorgos Karatzerferisek, baina, ukatu egin du halakorik.
Dena den, eta suteetan izandako jokabidearen inguruko kritikei aurre egin ezinik, eskuin muturraren mehatxua ari dira erabiltzen bi alderdi nagusiak botoak bereganatzeko. Kostas Karamanlis lehen ministroak eta Demokrata Berriak alderdiko buruak ohartarazi du muturreko alderdia dela LAOS, eta eskatu die herritarrei protesta botorik ez emateko. Horretaz gain, hautesleak bi alderdi nagusiengana erakartzeko asmoz,adierazi du alderdi txikiei bozkatuz gero, arriskua dagoela Gobernurik ez osatzeko, eta horrek bozak berriz egitea esan nahiko lukeela.
LAGUNTZAK, KANPAINAREN OINARRI. Kritikak isilarazteko edo, Karamanlisen gobernua berehala hasi da diru laguntzak banatzen. Abuztuaren 28an izan zen hori, suteak oraindik erabat itzali aurretik. Suak kaltetutako herritarren zergen kobratzea atzeratu egingo dutela ere iragarri du. Hori guztia hauteskundeak irabazten baditu. Horretaz gain, Karamanlisek badu bere aldeko zerbait, Olinpiar Jokoek Grezian eragin zuten defizita murrizteko gai izan dela hiru urtean. Inoizko joko garestienak izan ziren, 7.000 milioi euro gastatu zituzten, eta horrek %7,9 puntuko defizita eragin zuen. Kontserbadoreak defizit hori %2,6ra murrizteko gai izan dira. Hala ere, Bruselak ohartarazi die asko geratzen zaiela egiteko.
Oposizioan dagoen PASOK sozialistak, berriz, heriotzak ekiditeko gai ez izatea egotzi dio Karamanlisen gobernuari, eta hark ere laguntzak hitzeman ditu bozak irabaziz gero. Sozialistek badute kontserbadoreek ez duten abantaila, bakarrik agintzeko behar duten gehiengoa lortzen ez badute Ezkerreko Koalizioarekin elkar daitezke. Aldiz Karamanlisen kontserbadoreek eskuin muturrarekin bat eginez gero, nazioartearen kritikei aurre egin beharko liekete.
Eskuin muturrak, berriz, aldaketaren aldeko hitzak ditu kanpainaren oinarri. «Gure herrialdearen gainbehera eragin duten iruzurra eta ustelkeriatik aldentzen den eskaintza da gurea. 1974 demokrazia ezarri zutenetik alderdi biko sistema egon da Grezian, eta botoak erosi egin dituzte. Horrek aldatu behar du. LAOS ez dago hemen diruarengatik», dio Lefteris Liviaratos LAOSeko kideak.
Horiek hala, milaka greziarrek gaur erabaki ahal izango duten zer nahiago duten, eta datorren astean ikusiko da gobernu berririk badagoen, ala hauteskundeak berriz egingo dituzten.
Kritika zaparrada Atenasi, kudeaketa txarragatik
Suteek eragindakoa diktadura garaitik izan duten krisi okerrena dela salatu dute askoka. e.
«Junta militarretik bizi dugun krisi okerrena da. Ez du axola nork irabazten duen igandean [gaur]. Bi alderdi handiak ez dira arazoaz ohartzen», dio Petros Markaris idazle greziarrak. Bera ez da, ordea, hala pentsatzen duen bakarra. Askok pentsatu zuten, 2004an, Demokrata Berriak alderdiak bozak irabazi zituenean, egoera aldatu egingo zela. Aurreko Gobernuak inoizko Olinpiar Jokorik garestienak egin zituen, eta izugarrizko defizita utzi zuen. Egia da kontserbadore moderatuek murriztu egin dutela zuloa, baina haiek agintean direla izan dira Grezian inoizko suterik okerrenak: 67 hildako.
Gobernuak dio azpijokoa egin dutela, irabazi politikoak ateratzeko. Herritarrek, ordea, bestelako teoriak dituzte. Nabarmentzekoa da Konstituzioko 24. artikuluak aukera ematen duela garai batean basoak ziren eta sute batean erreak izan diren eremuetan eraikitzeko. Eta horrek bidea irekitzen dio lurren espekulazioari.
BALIABIDE ESKASAK.Suteak saihesteko beharrezko neurriak hartu ez izana ere egotzi diote Kostas Karamanlis lehen ministroari. Basozainek salatu dute azken lau urteetan ez dutela jaso basoak garbitzeko beharrezko dirua. Horretaz gain, ez udalek ez eta Gobernuak ere ez dute eskatu Europako Batasunak basoak babestera bideratutako 24 milioi euroko laguntza. «Urtero, basozainek egin beharreko lanen zerrenda bidali behar diete eskualdeko agintariei eta Nekazaritza Ministerioari, basoak zaintzeko beharrezko dirua jaso nahi badute. 2003tik, baina, ez dugu dirurik jaso», azaldu du George Tzanidakis basozainak.
Horretaz gain, agintariek beren probetxurako ere baliatu dituzte segurtasun zerbitzuak. Lekukoen arabera, agintean dagoen Demokrata Berriak alderdiko alkate batek bere etxea eta hotela babesteko agindu zien suhiltzaileei, eta herritarrak babesgabe utzi zituen. Hori nahikoa ez eta, Zaharon, lau suhiltzaile suteetan hil ondoren, beste askok uko egin zioten suak itzaltzeari. «Gu ere erreta hiltzea nahi duzu ala?», erantzun zion haietako batek alkateari.