KDF Kenyako Defentsa Indarrek twitter bidez egin dute jakinarazpena. Nairobiko Westgate merkataritza zentroko erasotzaileak entrenamendua jasotzen zuten kanpalekuari eraso zioten atzo Somalian Afrikako Batasuneko misioan diren Kenyako armadako kideek. "Erabat suntsitu” zutela esan dute. “Airez bonbardatu zen unean 300 bat miliziano zeuden; horietako asko hilda egon litezke, eta beste batzuk zaurituta. Westgateko erasotzaileek kanpaleku horretan jaso zuten entrenamendua”.
Eraso hau Muqdishon joan den astelehenean egindakoaren jarraipena da, non armadaren iturrien arabera, Al-Shababeko komandanteak hil zituzten: Abdullahi Ali aka Ante Ante eta Abdi Fatah. Droneen bidez, armez betetako eraikin bat eta lau ibilgailu militar suntsitu zituzten, militarren txostenaren arabera, eta "gisa horretako operazio gehiago" egongo dira.
Westgateko gertaera
Al-Shababek bere gain hartu zuen Watsgateko erasoa —72 lagun hil zituzten: 61 zibil, sei soldadu kenyar, eta bost erasotzaile—, kopuru ofizialen arabera. Gutxienez 23 desagertuta daude erasoaz gero, Kenyako Gurutze Gorriak duela bi aste argitu zuenez.
Al-Shababek Afikako Batasuneko misioa Somaliatik atera dadin eskatzen du, eta ateratzen ez bada, horrelako erasoak egiteari eutsiko diola. Afrikako Batasuneko misioak, berriz, Al-Shabab suntsitzeko helburua du, gobernagarritasuna errazteko Somanial, herrialdea gerra zibilaren eta kaosaren artean baitago, 1991tik, Mohamed Siad Barre diktadorea bota zutenetik. Gobernurik gabe geratu zen herrialdea milizia islamisten, gerra jauntxoen eta delinkuenteen talde armatuen esku.