Kenyak hasitako gerrari erantzungo dio Al Shababek

Milizianoen taldeak Kenyako tropen aurkako erasoak hasi ditu haiek Somaliako muga igaro ostean

2011ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Mendekua iragarri du Al Shabab Somaliako miliziak. «Kenyak hasi du gerra, eta orain ondorioei aurre egin beharko die», ohartarazi du Muktar Robow Abu Mansoor Al Shababeko bozeramaileak. Duela ia bi aste sartu ziren Kenyako tropak Somalian, herrialdearen erdialdea eta hegoaldea kontrolatzen duen Al Shabab milizia amaitzeko asmoz. Kenyan erasoak eta bahiketak egin izana egozten diote miliziari. Hori ikusirik, Al Shababek erasoaldi gogorrak hasi ditu Kenyako tropen aurka, eta bi hamarkadatako borroka luzearekin jarraitzeko prestasuna azaldu du.

1991n erori zen Siad Barre diktadorearen erregimena, eta Somaliako botere zentrala deseginda geratu zen. Iparraldeko zenbait eskualde banatu egin ziren, eta milizia islamistek indarra hartu zuten orduan. Al Shababek, bestalde, lurraldeko eremu askoren gaineko kontrola lortu zuen, eta hala jarraitzen du gaur egun ere, besteak beste, Kismayu hiri nagusietan bigarrena bere eskuetan baitago. Mendebaldeko gobernuek Al Kaedarekin lotzen duten milizia, gainera, Somaliako Trantsizioko Gobernu Federalaren etsai nagusia da.

Inbasioaren hasiera

«Kenyako tropak gerrara doaz», zioten iragan urriaren 17an Kenyako egunkariek. Egun hartan bertan Al Shababi muga jarri eta herrialderako sarrera oztopatzeko, Somalian sartu ziren Kenyako soldaduak. «Gure lurraldeak Al Shababen terrorismoaren mehatxua jasaten du, eta ezin dugu hori onartu», adierazi du George Saitoti Kenyako Barne Segurtasun ministroak. Esku hartzeko arrazoi nagusia azken hilabeteko bahiketak direla azaldu du —gobernuz kanpoko erakundeetako hiru kide eta bi turista bahitu dituzte—, nahiz eta horiek milizia islamistak egin dituenik ez den erabat frogatu. Richard Onyonka Atzerri ministroak, berriz, esan du Al Shabab etengabe jarri dela harremanetan Nairobirekin. Elkarrizketarako prest agertu da Onyonka, beti ere Al Shababek «indarkeria uko» egiten badio.

Somaliako Gobernuak babesa erakutsi zion hasieran Kenyari, eta Al Shababi aurka egiteko asmoarekin bat egin zuen. Orain, ordea, interbentzio militarraren aurka azaldu da. «Milizianoak suntsitzearekin bat egiten dugu, baina hori lortzeko ez dugu ezagutzen ez genuen esku hartze militarrik onartuko gure herrialdean», argitu du Sharif Sheikh Ahmed Somaliako presidenteak.

Al Shababen erantzuna berehala heldu da. Joan zen astelehenean bi bonba zartarazi zituzten milizianoek Nairobin; pertsona bat hil zen, eta zauritu ugari eragin zituen. Atzo, berriz, lau pertsona hil zituzten Somaliako Gobernuaren auto baten aurkako erasoan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.