John Kerry Massachusettsko senataria Astearte Handiko hamar estatutik bederatzitan garaile aterata, George Bushen aurka Etxe Zurirako lehiatzeko bilatzen zuen izar handia lortu du Alderdi Demokratak. Primarioak irabazi ditu Kerryk New York eta Kalifornian ordezkari gehien ematen dituzten sari nagusiak eta baita Ohio eta Georgian ere, non John Edwardsek hark serio hartzeko moduan zuen arerio bakarrak aukerak aurreikusi zituen. Rhode island, Connecticut, Maryland, Minnesota eta Massachusettsen ere Kerrry izan zen nagusi. Lehia utziko duela iragarri zuen Edwardsek atzo. Haren itxaropen bakarra orain Kerryren presidenteorde izateko gonbida dezatela da. Estatu bakar batean izan zuen porrota Kerryk: Vermonteko demokratek zintzo eutsi zioten beren gobernadore ohi Howard Deani, lehia hasi aurretik faboritoa izan zen hautagaiari. Nahiz eta Deanek duela bi aste, emaitza txarrak tartean, bere burua lehiatik atera, botoa oparitu zion Vermonteko demokraten gehiengoak.
Mundu osora zabaldu zen berehala Kerry distiratsuaren irudia, haren emazte Teresa Heinz ketchup inperioaren oinordeko milioidunaaldamenean zuela eta bere hauteskunde taldeko kide irribarretsuak inguratuta. Bushen lehiakide izango dena borrokalari agertu zen jarraitzaileen aurrean, eta hauteskunde kanpaina gogorra iragarri zuen. «Amerika aldaketaren atarian dago», esan zien bildutakoei, «gaur gauean herri osoak eman duen mezuak ezin izan du argiagoa izan: Alderdi Demokrata batu batekin hauteskundeak irabazi ahal ditugu, eta egingo dugu». Bushek herrialdea banandu duela esan zuen, aberatsenei zergak arindu dizkiela, milioika lanpostu suntsitu direla, eta Estatuaren zorra izugarri handitu dela. Kerryren agindua: «Askatasunaren eta zuzentasunaren Amerika guztiontzat».Hauteskundeen emaitzak ezagutzera eman eta gutxira, Kerry garaileari zorionak eman zizkion Bush presidenteak. Kanpaina «bizia» izango delakoan pozik zen Bush, haren eledun Scott Stanzelek adierazi zuenez. Izan ere, aste honetan bertan lehen kanoikada bidaliko dio Kerryri Bushen hauteskunde taldeak. Ostegunean Bushen lehen hauteskunde iragarkiak zabalduko dituzte 17 estatutan.
Lehiarik «gogorrena»
Kanpaina aztertzen diharduten hainbat behatzaileren arabera, Bush-Kerry lehia Estatu Batuetako historian eginiko gogorrena izango da. Finantzaketaren alorrean, behintzat, munduak ezagutu duen garestienetakoa izango dela aurreikus daiteke. Bushek 150 milioi dolar inguru bildu ditu hauteskunde kutxan. Helburua datozen hilabeteotarako 200 milioira heltzea da, eta ezin da baztertu kopurua gainditzea.
Kerry, bestalde, bere finantzak hobetzen saiatuko da datozen asteotan. Oraingoz, Bushen dirutzaren frakzio bat baino ez du bildu. Halere, Kerryk ere funtsa izugarriak ditu. Estatu Batuetako Kongresuko kiderik aberatsena da: hark eta haren emazteak dituzten ondasunak 550 milioi dolar ingurukoak dira.
Kerry izango da Bushen aurkaria
Astearte Handian, hautagai demokrata aukeratzeko egun erabakigarrian, 10 estatutik bederatzitan irabazi du senatariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu