KURDISTAN

Kerry: "Kobanek ez du EIren kontrako estrategia definitzen"

Ameriketako Estatu Batuetako estatu idazkariak aitortu du Estatu Islamikoari Iraken aurre egitea dela lehentasuna.

Kurduak eta ISeko miliziak borrokan Kobanen, Urfatik —Turkiaren mendeko Kurdistandik— eginiko argazkian. TOLGA BOZOGLU / EFE
2014ko urriaren 13a
08:16
Entzun

Agerraldi bat egin zuen atzo Kairon John Kerry AEBetako estatu idazkariak, eta bertan zehaztu zituen EI Estatu Islamikoari aurre egiteko aliantzaren estrategiaren lehentasunak. Kerryren esanetan, Irakeko armada berriro osatzea da zeregin nagusia. Horretarako, ordea, denbora behar dela azaldu du.

EI Kobane bereganatzeko borrokan ari dela-eta, Kerryk "tragediatzat" deskribatu du bertan gertatzen ari dena, baina ohartarazi du hango egoerak ez duela EIren kontrako koalizioaren estrategia definitzen.

Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek, berriz, nabarmendu du Kobanen gertatutakoak ez direla Turkiaren ardura —Siriaren mendeko Kurdistanen dago Kobane, Turkiaren mugan—, eta "traidore" deitu die EI babestea egozten diotenei.

Larunbatean, ekintzaile talde batek eskaera ofiziala egin zien AEBei Siriako kurduen YPG miliziei armak eman diezazkieten EIri aurre egiteko. 100.000 sinadura biltzeko helburua daukate. Esan dute "arma hobeekin" YPGek Kobane hiritik bidali ahalko luketela EI.

EIko hamahiru kide hilik

Kurduek Kobane hegoaldetik egin dute aurrera azken orduetan, eta EIko hamahiru kide hil dituzte, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak jakinarazi duenez. Erakundeak azaldu duenez, kurduak zeuden gune bati eraso egin dio EIk lau aldetatik, baina bertako biztanleek eutsi, eta aurrera egitea ere lortu dute, EIren esku zeuden bi gune bereganatuz.

Gainera, nazioarteko koalizioko hegazkinek bost bonbardaketa egin dituzte Kobanen eta inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.