Energia atomikoa

Kezka sortu du Eskandinavian atzemandako erradioaktibitate isuri batek

Iturria zentral nuklear bat dela uste dute nazioarteko erakundeek. Errusiak ukatu egin du bere plantetan istripurik gertatu izana.

Besteak beste, Errusiako mendebaldeko Kolako zentral nuklearra dago isuriaren eremuan, baina hango arduradunek ukatu dute ezbeharrik gertatu izana. RIA NOVOSTI / ROMAN DENISOV
Edu Lartzanguren.
2020ko ekainaren 29a
17:32
Entzun

Erradiazio isuri baten zantzuak atzeman dituzte airean Eskandinavian, eta galdera bat dabil bolo-bolo: non dago isuriaren iturria?

Zesio-134, kobalto-60 eta rutenio-103 isotopo erradioaktiboak atzeman dituzte Norvegiako iparraldeko eta Spitsbergen uharteetako estazioetan, baita Helsinkin eta Stockholmen ere.

Ezohiko isotopo konbinazioak susmoa sortu du, halakoak tipikoak direlako zentral nuklearretako istripuetan, adituek esan dutenez. Suediako Erradiazio Segurtasun Aginteak (SSM) adierazi du neurtutako mailek ez dakartela arriskurik gizakien osasunarentzat, baina isuria nondik datorren ez dakitela gaineratu dute.

Vienan egoitza duen CTBTO Proba Nuklearrak Erabat Debekatzeko Itunaren Erakundeko ordezkariek adierazi dute litekeena dela isuria «iturri zibil» batetik atera izana, eta hori non egon daitekeen adierazteko mapa bat argitaratu dute. Mapan Eskandinavia iparraldeko eta Errusiako eremuak nabarmendu dituzte, eta horietan hainbat zentral nuklear daude.

Herbehereetako Osasun Publikorako eta Ingurumenerako Institutu Nazionalak ostiralean esan zuenez, atzemandako isuriaren osagaiek «erakutsiko lukete zentral nuklear bateko erregaia kaltetu dela». Isuriaren jatorria «Errusiako mendebaldean» zegoela esan zuen erakunde horrek.

Suedia eta Finlandiako zentral nuklearretako kudeatzaileek ukatu egin dute euren plantetan ezbeharrik gertatu izana. Errusiak gauza bera adierazi du.

Errusian zentral nuklearrak kudeatzen dituen Rosenergoatom konpainiak esan duenez, gune horretan dituen bi zentralak —Leningradokoa eta Kolakoa— «normaltasun osoz» ari direla lanean, eta ez dutela isuri baten berririk eman. «Bi zentraletako eta inguruetako erradiazio mailetan ez da aldaketarik gertatu ekainean; erreaktoreen funtzionamendu normalarekin bat datoz».

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak larunbatean esan zuen CTBTOk zabaldutako informazioaren «jakinaren gainean» dagoela. «Halakoetan ohikoa denez, IAEA bere bazkideekin jarri da harremanetan, galdetzeko erradioisotopo horiek atzeman dituzten euren herrialdeetan, eta zer edo zer gertatu ote den isurketa horiekin lotuta».

2017ko udazkenean bezala

Antzeko egoera gertatu zen 2017ko udazkenean. Orduan, antzeko osagaiak atzeman zituzten Europako hainbat herrialdetako airean. Gero jakin zen, ezbehar bat edo industriaren hitzetan «gertaera bat» jazo zela Majaken (Errusiaren hegoaldean) dagoen erregai nuklearra prozesatzeko plantan. Antza denez, oker bat egin zuten erregaia lantzeko prozesuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.