Irango Errepublika Islamikoaren buruzagi nagusi Ali Khamenei aiatolak «masiboki» botoa ematera joateko mezua zabaldu zuen arren, hauteskunde ontzietan botoa sartu zuten herritarren kopurua eskasa izan zen atzo Iranen. Iraultza Islamikoa izendatu ondorengo zazpigarren Legebiltzarraren osaketa zehaztea xede zuen bozketaren abstentzio maila 2000. urteko azken bozetan baino nabarmen handiagoa izatea espero da orduan herritarren %83 joan zen botoa ematera. Teheran hiriburuan ez zen ilararik ikusi atzo eta, lekukoen arabera, oso jende gutxi joan zen sufragio unibertsalaz aukeratzen den erakunde bakanetakoaren eraketan parte hartzera.
«Logikoa da goizean jende gutxi etortzea. Goizeko otoitzaren ondoren edo bazkariaren ondoren etorriko dira», adierazi zuen hautesbarruti bateko buruak. Alta, hainbat informazio iturriren arabera, arratsaldean ere jende gutxi hurbildu zen. Agintariek, ordea, botoa emateko deia luzatu zuten behin eta berriro eta irratian etengabe esan zuten jendea «erruz» joaten ari zela bozkatzera. Parte-hartzea handiagoa izan zedin hautesbarrutiak hasieran iragarri baino lau ordu geroago itxi zituzten. Horrela, gaur egun Irango presidente Mohammad Khatamiren aldekoen esku dagoen Legebiltzarraren gehiengoa berreskuratzea espero zuten kontserbadoreek. Khamenei aiatolak «iraultzaren kontra daudenei aurre egin ahal izateko» bozkatzera joateko deia egin zuen. «Hauteskunde hauek aurrekoak baino inportanteagoak dira; izan ere, iraultzaren aurkariak jendea bozkatzera joatea eragozten ari dira», adierazi zuen.
Zilegitasun eza salatu dute
Konstituzioaren Zaindarien Kontseiluak milaka erreformistaren hautagaitzak debekatu ondoren, Parte-hartzearen Fronte Islamikoak boikota egin du.
Parte-hartzearen Fronte Islamikoa alderdi erreformista nagusia da eta Mohammad Reza Khatami da buru, Mohammad Khatami Irango presidentearen anaia. Reza Khatamik bozen zilegitasuna zalantzan jarri eta «legezkoa ez den ekintza bati sostengua ematea» astakeriatzat jo zuen. Legebiltzarra kontserbadoreen eskutan gelditzen baldin bada ere, bere ustetan, erreformekin aurrera egin edo «metodo militarrei» heldu beharko diete. «Erreformak herritarren artean errotuta daude eta iraniarrek guregan duten konfiantza lehen baino handiagoa da», helarazi zuen.Hainbat erreformista, alta, bozketan parte hartzearen alde agertu ziren, tartean, Mohammad Khatami presidentea. Bozen emaitzak erabaki gabe zeudela esan eta bere jarraitzaileei botoa ematera joateko eskatu zien «sorpresak» egon zitezkeela argudiatuz. «Herritarrek boto eskubidea baliatzen badute, espero daitekeen aukerak huts egin dezake», esan zuen. Bere ustez, Iraultza Islamikoaz geroztik, «irandarrek etorkizuna erabakitzen ikasi dute». Legebiltzarraren kontrola kontserbadoreen eskuetan gelditzen bada, presidentearen erreforma programa sostengurik gabe eta ahulduta geldituko da.
Apatia nagusi gizartean
Konstituzioaren Zaindarien Kontseiluak Legebiltzarrean ezartzen duen kontrola erakunde haren onespena behar dute diputatuen proposamen guztiek etsipena eragin du herritarren artean. Ildo horretan, kontserbadoreen nagusitasunak gizartean apatia nagusi izatea eragin du.
Ehun kazetariz osatutako talde batek «askatasun eta justizia eza» salatu eta bozetan ez zutela parte hartuko helarazi zuten atzo ohar baten bidez.Shirin Ebadi Bakearen Nobel saridunak ere boikota egingo zuela iragarri zuen herenegun. Hossein Ali Montazeri aiatolak ere uko egin zion atzo bozetan parte hartzeari.Bien bitartean, EB Europako Batzordea «kezkatuta» agertu zen atzo Irango hauteskundeekin eta heldu den astelehenean bozen emaitzak aztertuko dituztela helarazi zuen txandakako presidentetza duen Irlandako agintari batek. «Inork ezin du pozik egon», esan zuen. Giza eskubideen egoeraz eta bozek eragin dezaketen botere egituraren banaketa berriaz arduratuta daudela jakinarazi zuen ere.Ildo horretan, RSF Mugarik Gabeko Kazetariak taldeak herenegun itxiarazi zituzten bi egunkariak irekitzeko eskatu zuen. Shargh eta Yas-e No egunkariek orain arte agintean egon diren ehun bat diputatu erreformisten idazkia kaleratu zuten. Bertan «legezko eskubideak urratzea» eta «Islamaren izenean askatasunak zapaltzea oinarri duen sistema baten agintaria izatea» leporatzen zioten Khamenei aiatolari.
LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK
Khameneik bozkatzeko deia egin arren abstentzioa handia izan da
«Iraultzaren aurkariei aurre egin ahal izateko» bozkatzera joateko esan du aiatolak; Mohammad Khatami presidenteak, berriz, «ezustekoak» egon daitezkeela nabarmenduz, bozetan parte hartzeko eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu