SUDANGO GATAZKA

Khartumen estrategia ezkutua

Gobernuak pobrezian dauden tribu arabiarren eta beltzen arteko zatiketa sustatzen du, agintean jarraitzeko

Kristina Berasain Tristan.
2004ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Afrika nimiño bat da Sudan. Bere baitan kontinente osoaren aniztasuna eta konplexutasuna islatzen duen eremua. Iparraldeak eta hegoaldeak bat egiten duten lekua. Afrika arabiarra eta beltza uztartzen dituen askotariko herrialdea. Orotara, seiehun talde etniko bizi dira bertan eta laurehun hizkuntza eta dialekto mintzatzen dira. Iparraldeko etnia arabiarren musulmanak eta nomadak eta hegoaldeko etnia beltzen artean animistak edo kristauak eta nekazariakborrokak izan dira maiz, bereziki, nomadek finkatuta dauden nekazarien lurraldeak eskuratu nahi izan dituztelako.

Darfur, berriz, Sudan nimiño eta konplexu bat da. Herrialde osoaren aniztasuna bere baitan islatzen duen eskualdea. Orotara sei milioi pertsona bizi dira bertan, arabiarrak iparraldean eta beltzak hegoaldean. SLM Sudan Askatzeko Mugimendua eta MJE Justizia eta Berdintasunaren aldeko Mugimendua talde armatuak iragan urteko otsailean matxinatu ziren. Bertan bizi diren herritar beltzak miseria gorrian izatea leporatu zioten Khartumi. Sudango Gobernuak, alta, milizia arabiarrak trebatu zituen matxinoei aurre egiteko. Basamortuko nomada musulmanek janjauid izenez ezagun diren miliziak eratu eta mendebaldeko matxino eta herritarren kontrako borroka abiatu zuten iazko ekainean. «Kalashnikovak dituzten deabruaren zaldikoak» dira janjauidak. Geroztik 50.000 pertsona inguru hil dira eskualdean. Nazioarteak «garbiketa etnikoa» egitea leporatu dio Gobernuari.Khartumek milizia arabiarrari sostengua ematea ukatu eta gatazkaren oinarrian etnien arteko liskarrak daudela helarazi du behin eta berriro. Louisa Ait Hamadouche adituaren arabera, ordea, zatiketa etnikoa aipatzea ezkutuko estrategia bat baino ez da: «Arabiarrek eta beltzek pobrezia dute komunean eta, hartara, Gobernuari bi taldeak aurrez aurre jartzea interesatzen zaio, horrela bere aurka bat egin ez dezaten. Pobreen arteko gerra sustatu dute gobernagarritasuna bermatu ahal izateko. Horren beldur dira». Marc Lavergne aditua bat dator ere tesi horrekin eta Gobernuaren estrategia urte hauetan guztietan eragingarria izan dela iritzio dio: «Iparraldea eta hegoaldearen arteko, hau da, arabiarren eta beltzen arteko gerra zibila 1983. urtean piztu zen eta oso lagungarria izan zaio Khartumi gerra hori». Jean Louis Peninou adituaren ustez Khartumi berdin zaio arabiarrak edo beltzak izan, «biak berdin berdin tratatzen ditu».Omar Hassan Ahmed al Bashir presidenteak 1989. urtean estatu kolpea eman eta agintea eskuratu zuen. Bi urte geroago sharia legea onartu zuen eta gobernu islamikoa ezarri. Milizia osatzeko jatorri arabiarreko herritarrak aukeratu izana, beraz, ez da kasualitatea. Orain janjauidak talde paramilitarretara bideratzeko denbora bila ari da Khartum; izan ere, Sudango Armadan 90.000 soldadu baino ez daude.Khartumgo gobernua eta gerrillariek negoziazioak abiatu zituzten atzo Afrikako Batasuneko bitartekariak tartean. Bakoitzak bereari eutsi zion, ordea. Gerrilariek milizien bortxaketak salatu eta Gobernuak gerrillariek ez dituztela armak utzi salatu zuen. Amnesty International erakundeak begirale talde bat bidali zuen herrialdera egoeraren inguruko txosten berri bat egitera.Europako Batasunak, berriz, genozidiotzat har daitekeen jakiteko ikerketa bat egiteko agindu zuen herenegun. Genozidioaz mintzatu zen aurreneko herrialdea Ameriketako Estatu Batuak izan ziren.

Genozidioa eta petrolioa

Khartum zigortzeko beste ebazpen bat aurkeztu berri dio Washingtonek Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari. Bertan janjauid miliziak desarmatu ezean «petrolioaren inguruko zigorrak» ezarriko direla zehazten da. Darfur mundu zabaleko egunkarietako titularretan ageri denetik, aurreneko aldia da petrolio hitza aipatzen dela. Segurtasun Kontseilua aurki da ebazpen proposamena eztabaidatzekoa. Txina, dena den, ez dago ebazpena onartzeko prest eta betoa jartzea espero da. Pekinek abstentzioa eman zuen iragan uztailean bozkatu zen ebazpenean bertan ez zen petrolioaren inguruko zigorrik aipatzen.Txinak mila milioi dolarreko hitzarmen bat sinatu berri du Khartumekin petrolioa ustiatzeko eta Txinako Petrolio Konpainia Nazionalak Darfurren dagoen petrolio guztia ustiatzeko baimena du. Arjelia, Pakistan eta Errusia kontra bozkatzearen aldekoak dira ere.

Washingtonen xedea herrialdean dagoen petrolioa bereganatzea da horrela bere hegemonia sostengatu ahal izateko. Alemaniak eta Erresuma Batua ebazpenaren alde agertu dira. Sudango herritarrak, beltzak zein arabiarrak, gosez hiltzen ari diren bitartean lurraldearen aberastasuna izugarria da. Baliabide naturalak ugariak dira: petrolioa, urrea, mineralak, ura... Sudan hegoaldean daude, Darfur hegoaldean tartean, petrolio zelaien %75a.Eguneko 200.000 petrolio upel esportatzen ditu Khartumek gaur egun eta hemendik bi urtera eguneko milioi bat petrolio upel ateratzea espero da. Petroli erreserbak 600 milioi eta 1,2 bilioi upel artekoa da. Txinaz gain, Malaisia, Iran, Franzia, Herbehereeak eta Kanadako petrolio multinazionalak dute Sudanen petrolioaren monopolioa.

-

Datua





10.000

Nazio Batuen Erakundearen arabera, hilabetero 10.000 iheslari hiltzen ari dira Darfurren eta 200 milioi dolar behar dira errefuxiatuta dauden milioi bat pertsonen bizitza salbatu ahal izateko. Osasunerako Mundu Erakundeak kanpalekuetan dauden pertsonen %38,8k malnutrizioa dutela helarazi du malnutrizioa larria da kasuen %6an. Guztira 50.000 pertsona hil dira 2003. urteko otsailetik Darfurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.