Gaur goizean atera da espetxetik Khodorkovski. Putinek esan zuen "ahalik eta azkarren" emango ziola, eta gaur goizean sinatu ondoren atera da espetxetik. Sotxiko Neguko Olinpiar Jokoen atarian, Errusiako Konstituzioaren 20. urteurrena aitzakiatzat hartuta, 12.000 presori eragin diezaiekeen amnistia bat onartu du Dumak, Vladimir Putin presidenteak sustatuta. Pussy Rioteko musikariei, irailean Artikoan petrolio planta bat okupatzen saiatu ziren Greenpeaceko 30 ekologistei nahiz oposizioak antolatutako protestetan atxilotutako ekintzaile ugariri eragingo die barkamen neurriak, gehienak oraindik epaitu gabeak.
Hasiera batean, baina, amnistiak ez zuela Mikhail Khodorkovski Yukos petrolio konpainiaren sortzailearen eta Alexei Navalni oposizioko buruzagiaren askatasuna ekarriko, hori argi utzi zuten Errusiako agintariek. Amnistia legea indarrean sartu eta biharamunean, ordea, Khodorkovskiri "ahalik eta azkarren" indultua emango diola jakinarazi zuen atzo Putinek. Errusiako presidentearen arabera, Yukos petrolio konpainiaren jabe izan zenak barkamen eskea igorri dio, eta berak onartu egingo du: "Hamar urte egin ditu kartzelan, eta nahiko zigor bada hori".
Indulta Khodorkovskik "arrazoi humanitarioengatik" eskatu duela nabarmendu zuen Putinek: "Ama gaixo dauka, eta dekretua aurki sinatuko dugu". Orain arte Yukoseko buru ohia aske uzteari uko egin badio —Errusiako pertsonarik aberatsena zen atxilotu zutenean—, hark indultu eskaerarik ez zuelako egin izan da, Putinek nabarmendu duenez. Yukoseko buru ohiaren abokatu Vadim Kliuvgantek, ordea, indultu eskaera horren berririk ez zuela adierazi zuen, Putinek aske utziko zutela esan ostean: "Orain arte hura askatzeko eskaera ugari izan dira, baina uko egin izan dio indultua eskatzeari". Khodorkovskiren ama Marinak ere eskaera horren berririk ez zuela esan zion Russia Today agentziari, baina indultua "zerutik eroritako tximista bat" izan dela erantsi zuen.
Putini erronka bota zion
Sobiet Batasunean Alderdi Komunistan aritua, Energia alorreko ministro orde izatera iritsi zen Errusia berrian, perestroikaren urteetan hainbat negozioren sorreran parte hartu ondoren. Eta Yukos petrolio konpainiarekin, herrialdeko pertsonarik aberatsena bihurtu zen. Baina Putinen kontrako oposizioa finantzatzen hasi zelarik, azkar eman zioten kolpea. 2003an atxilotu zuten, dirua bidegabe erabiltzea eta zergak ez ordaintzea egotzita, eta bederatzi urterako zigortu zuten. Siberiako espetxe batera bidali zuten.
2010ean, preso zegoelarik, beste 11 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, petrolioa saldo handitan lapurtu izana eta dirua zuritu izana egotzita. 2014ko abuztuan beteko zukeen zigorra. Khodorkovski espetxeratu ondoren Yukosen kontrako neurri gogorrak hartu zituen Errusiak, eta konpainiaren balioa hondoratu egin zen.