Ukraina

Kiev prest dago Luhansk hiriko ekintzaileak tiroka kanporatzeko

Ukraina ekialdeko hirietan egoitza ofizialak okupatu dituzten errusiazaleei gobernuak emandako ultimatuma bukatuko da gaurTurtxinov presidenteak adierazi du amore ematen dutenei ez zaizkiela jazarriko

Hainbat errusiazale barrikadan, Donetsken. R. P., EFE
mikel rodriguez
2014ko apirilaren 11
14:45
Entzun

Gaur bukatuko da Donetsken eta Luhansken egoitza ofizialak okupatu zituzten manifestari errusiazaleei Ukrainako Gobernuak emandako ultimatuma. Oleksandr Turtxinov presidenteak eskaintza bat egin zien atzo. «Bermatzen dugu armak entregatu eta eraikin ofizialak uzten dituztenen aurka ez dela jazarpen judizialik izanen», hitzeman zuen. «Hori eginez gero, amnistia legerik ere ez da beharko». Baina Luhansken SBU Ukrainako Segurtasun Zerbitzuaren egoitza hartu dutenei amore eman ezean tiroka kanporatzeko mehatxua egin die. Ekialdea nagusiki errusiera hiztuna da, eta Viktor Janukovitx boteretik kendutako presidenteak babes zabala zeukan. Eskualde horien estatus politikoa aldatzeko erreferendumak eskatu dituzte manifestariek.

«Terrorista bilakatu ziren gatibuak hartu eta minak paratu zituztenean», adierazi zuen atzo goizean Turtxinov presidentearen bozeramaile Andrei Sentxenkok Luhanskeko ekintzaileei buruz. Horregatik, erran zuen haien aurka tiro egiteko agintzea «bertze erremediorik» ez dutela izanen. Herenegun, ordea, SBUren egoitzan dauden ekintzaileek eta bitartekari lanak egiten saiatu den Sergei Tigipko presidentetzarako hautagaiak ukatu egin zuten Luhansken inor gatibu hartu dutela. Errusiako Itar-Tass agentziaren arabera, atzo arratsaldean 1.500 herritar inguru bildu ziren SBUren egoitzaren aitzinean jarritako barrikadetara, ekintzaileei babesa agertzeko. «Erasorik badago, barrenean daudenen amak eta amatxiak fusilen aitzinean paratuko gara. Lehenbiziko egin diezagutela guri tiro», adierazi zion Nina Stepanovna manifestariak Espainiako Efe agentziari. Itar-Tassen arabera, Poliziaren presentzia eskasa zen eraikinaren ondoan, baina inguruko karrikak kontrol postuen bidez itxita zeuzkan.

Presidentearen bozeramailearen arabera, Luhansken egoera larriagoa zen Donetsken baino. Ekialdeko bertze hiri horretan SBUren egoitza ez ezik, manifestariek eskualdeko gobernuarena hartu zuten joan den igandean. Hala ere, Donetskeko ekintzaileek ukatu egin dute Turtxinov presidentearen eskaintza, eta prentsaurreko batean «herriaren armada bat» sortzeko asmoa agertu dute. «Jardunean eta erretiratuta dauden ofizialekin ezarriko dugu talde bat», jakinarazi du Igor Kakidzianovek, ekintzaileek armada horrentzat hautatu duten buruzagiak.

Harekin agerraldia egin duen bertze ekintzaile batek, Denis Puxilinek, Donetsk hiriko alkateari eta eskualdeko agintariei eskatu die lantalde komun bat eratzeko. Horren helburua litzateke, bertzeak bertze, estatus politikoaren inguruko erreferenduma prestatzea. Manifestariek igandean eskualdeko gobernuaren egoitza hartu zutenean, Donetskeko Herri errepublika aldarrikatu zuten, eta maiatzaren 11 baino lehen errepublika horren onarpena erreferendum batean galdetzeko asmoa agertu zuten. Kieveko agintarien aldetik «ekintza erasokorrak» pairatuz gero, Errusiari eskatu zioten «aldi baterako bake indarrak» bidaltzeko Donetskera. Putinek Errusiako Senatuaren baimena dauka Ukrainara armada bidaltzeko, errusiarrak arriskuan daudela iritziko balio.

Kieven indar nazionalistek eta eskuin muturrekoek Janukovitxen aurkako kolpea egin ondoren, Ukrainako estatu egitura kolokan paratu da, errusiera hiztunak diren eskualdeetan agintari berrien aurkako erreakzioa hagitz indartsua izan baita. Krimeako kasua da adibide argiena, aste gutxi batzuetan Ukraina utzi eta Errusiako parte bihurtu baita.

Egun ez ofiziala bilerarako
Sektore errusiazaleek eta Errusiak berak Ukrainaren federalizazio bat aldarrikatu dute irtenbidetzat, eskualdeetako gobernuek autonomia handia izateko. Auzi hori eztabaidagai nagusietako bat izanen da AEBek, Errusiak, Europako Batasunak eta Ukrainak egitekoa duten bileran. Iturri ez ofizialen arabera, hilaren 17an eginen dute, Genevan (Suitza).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.