Kiratsa dario etengabe Napoliri

Italia hegoaldeko Campania eskualdeak ez du hondakinak biltzeko eta kudeatzeko EBko araudiak eskatzen duen planik; zabortegiak beteta eta kaleak hondakinez josita daude.

Jon Fernandez.
2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Milaka tona zabor pilatu dira aurtengo Eguberrietan Napoliko kaleetan. Oinezkoek saltoka gainditu behar izaten dituzte sarri zabor poltsak. Ohikoa da napolitarrak sudur zuloak zapiarekin estalita paseoan ikustea, hondakin organiko ustelen kiratsa hiri osora zabaldu baita. Gabonetako jaiegun hauetan larriagotu egin da egoera, baina zaborrarena ez da kontu berria Italiako hegoaldean. Badira hiru hamarkada Napoliri kiratsa dariola.

Campania eskualdeko zaborraren legezko kudeaketa zein legez kanpokoa Camorraren esku dago 80ko hamarkadaz geroztik. Orduan hasi zen mafia Italia iparraldeko enpresen hondakin toxikoak Campanian hustutzen: legez kanpo eta prezio merkean. Harrezkero, zaborraren negozioak ez du etenik izan. Ez da mafia, ordea, zaborraren monopolioa duena. Politikariak ere tartean dira. Hondakinen larrialdia izendatu zuen eremu horretan Erromako gobernuak duela hamabost urte. Baina boterea ezkerraren zein eskuinaren esku egon den arren, larrialdiak bere horretan jarraitu du, konponbiderik lortu gabe.

Hamabost urteko propagandak zeharo nazkatuta dauzka herritarrak. Zaborraren larrialdiaren onuradun zuzentzat jotzen ditu gizarteak mafia eta politikariak. Izan ere, 2001 eta 2009 bitartean zaborraren negozioak 4.500 milioi euro jaso zituen diru publikotik. Hala ere, inork ere ez du arazoaren erantzukizuna bere gain hartzen: lekuko zerbitzuek, probintziakoek eta eskualdekoek elkarri botatzen diote errua, eta ez dira gai hiriak sortzen dituen hondakin guztiak biltzeko.

Napoli probintzian hemeretzi zabortegi daude, baina gaur egun bakarra baino ez da ari lanean, gainontzekoak beteta baitaude. Paradoxikoa badirudi ere, Napoliko herritarrak dira Italia guztian zaborraren zergarik handiena ordaintzen dutenak. 80 metro koadroko etxebizitza batek, esaterako, 360 euro ordaindu behar ditu urtean.

Joan den abenduaren 25ean Italiako armadak esku hartu behar izan zuen, Gabon gauaren ostean zaborretan ito baitzen Napoli. Militarrek 50 tona hondakin jaso zituzten, baina 1.500 tona kalean geratu ziren. Paolo Guacomelli hiriko garbitasun zinegotziak eskaera egin zien napolitarrei etsi-etsian: «Ahal duzuen neurrian, gorde itzazue zaborrak etxean, Gabonetako egunok bizirik igaro ditzagun». Alferrik. Urtarrilaren 1ean, 140 su itzali behar izan zituzten Napoliko suhiltzaileek. Erregai ezin hobeak bihurtu ziren kaleetako zabor mendiak gaueko su artifizialentzat.

Urrian piztu zen zaborraren krisia Italian, Silvio Berlusconi lehen ministroak Napolitik hogei kilometrotara dagoen Terzigno herritik gertu Europako zabortegi handiena zabalduko duela aurreratu zuenean. Arazoa konpondu beharrean, larriagotu egin zuen terzignotarren protestak piztuz.

Zaborraren iraultza

Vesuvio sumendiaren magalean, Vesuvioko Natur Parkean dago Terzigno herria. Napoli probintziako hemeretzi zabortegietatik Terzignokoa da lanean jarraitzen duen bakarra, eta ezin ditu hondakin guztiak irentsi.

Gainera, edozein motatako hondakinak eramaten dituzte zabortegira, eta inguruko biztanleak beldur dira beraien osasunean izan dezakeen eraginagatik. Campaniako eremu batzuetan Italiako batez bestekoa baino hiru aldiz handiagoa da minbizi kasuen eta malformazio genetiko kasuen kopurua. Hainbat ikerketen arabera, Campaniako leku batzuetan dioxinak, lixibiadoak eta bestelako gai toxikoek ur eta janari katea kutsatu dituzte.

Urrian, Berlusconik Vesuvio sumendiaren magalean iragarri zuen Europako zabortegirik handiena irekiko zuela, eta istilu larriak piztu ziren herritarren eta poliziaren artean. Vesuvioko intifada edo Ama bolkanikoen matxinada gisa izendatu zituzten Italiako egunkariek Vesuvioko Natur Parkeko biztanleek Poliziaren kontra eginiko protestak. Gobernuak atzera bota behar izan zuen zabortegi erraldoiaren proiektua. Vesuvioren Lurraldea Defendatzeko Batzordeak eskakizun argia egin dio Berlusconiren gobernuari: ontzi birziklagarrien derrigorrezko erabilpena, zaborra bereizita biltzea eta konposta ezartzen dituen araua sortzea.

EBren presioa

Orain baino lehen, 2008an lehertu zen Napolin zaborraren azken krisi larria, Romano Prodi Gobernuko buru zela. Orduko hartan ere zaborrak hartu zuen Italia hegoaldeko hiria. Arazoari konponbidea bilatu nahian, zaborraren zati handi bat Alemaniara eramatea lortu zuten. Eta Campaniako agintariak orain ere harremanetan dabiltza Alemania, Austria eta Espainiarekin, zaborra Italiako mugetatik kanpora bideratu ahal izateko. Oraingoz, ezezkoak baino ez dituzte jaso.

Europako Batasunak hamabost urte daramatza zaborraren kudeaketaren auzia dela-eta Italia estu hartuz. 2008ko zaborraren krisian Italiaren kontrako zigorrak onartu zituen EBk, Campania eskualdean zaborra kudeatzeko sarea martxan ez jartzeagatik. Besteak beste, 400 milioi euroko laguntza ukatu dio EBk Italiari zigor gisa.

Aurten, Europako Auzitegiak Berlusconiren gobernua zigortu du hondakinen kudeaketari buruzko EBko araudia ez betetzeagatik. Aurtengo urrian Campanian berriz ere zaborraren krisia piztu ostean Napoli bisitatu zuen azaroan EBko ikuskari talde batek egoera aztertzeko. 2.500 tona zaborrek eman zioten ongietorria hiriko kaleetan. «Duela urte bi zuen egoera berbera du Napolik orain ere. Zaborra kalean dago, eta ez dago hondakinen bilketa eta kudeaketarako inolako planik», ondorioztatu zuten.

Dagokion erantzukizuna bete beharrean, arazoa konponduta dagoela dio Berlusconik. «Napoliko zaborraren larrialdia 58 egunetan konpondu dut», esan zuen lehen ministroak joan den abenduaren 23an, gobernuaren urteko balantzea egin zuen prentsaurrekoan. «Horra urteko azken eko-gezurra», erantzun zion Legambiente Italiako talde ekologistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.