Urtebete eskasean bitan operatu dute Kirchner, bihotzeko arazoengatik. Bizitzaestresagarria -politikoegia- zeramalako, gauzak lasaiago hartzeko agindua zioten medikuek. Haatik, atzo goizaldean, krisia izan zuenean, bilera batean bilduta zegoen politikari peronista; lanean.
Zalantzarik gabe ondare politiko mardula utzi du Kirchnerrek. Berak politika uztea eta bizitzak bera uztea kasik gauza bera izan dira. Maite ez zutenek ere zail dute Kirchner politikak bizi zuela ukatzen. Haatik, segur aski hortik zetorkion politika egiteko modu pasionala; azkenaldian nabarmena bihurtua zena.
Haren irudiaren indarragatik mantendu dituzte isilpean presidente izandakoaren osasun arazoak. Sekula ahul agertu ez zelako; baita hurrengo urtean presidentetzarako bozak egingo dituztelako ere -Kirchnerrek bere hautagaitza aurkeztuko zuela iragarria zuen-. Eduardo van der Kooy Clarin egunkariko zutabegileak uste du senar-emazte peronistek ahaleginak egin dituztela Kirchnerren arazoak zentro politikotik urrun mantentzen; haren irudiko, presidentetzarako hautagaia ahul zegoela estali nahi izan dute. Nahiz eta iragan urteko bozetatik kirchnertarren ahulezia nabarmena izan den. Iaz Parlamenturako hauteskundeak egin zituzten Argentinan, eta emaitzek agerian utzi zuten peronisten beherakada. Kirchnertarrentzat ordura arte jasotako kolperik gogorrena izan zen.
Krisi ondorenak
Peronismoan gora egin ondoren, 2003an eskuratu zuen presidentetza Nestor Kirchnerrek. Garai zailetan tokatu zitzaion herrialdea gidatzea; krisi ondorenak taxuz gainditu zituelako, baina, ospea irabazi zuen. Boteregile trebea izan zen, eta estatuburu suharra. Ezagutu dutenek diote edozer eragiteko gai zela, eta inoiz zerbait eragin gabe utzi bazuen, hori ezaxola izango zela. Kirchnerrek asmatu zuen aliantza politikoa osatzen; komenigarritasunaren kulunkan alde batera edo bestera egiten. Finean, pragmatikoa izan zen: presidentetzara Eduardo Duhalderen eskutik heldu bazen ere, kargua ziurtatu eta hilabete batzuetara hautsi zituen harekin zituen konpromiso ideologikoak.
Krisi garaian ekonomia indartzea, langabezia murriztea, eta besteak beste, pobreziaren datuak txikitzea aitortzen diote Kirchnerri. Baita giza eskubideen aldeko erreformak sustatzea eta Justizia goitik behera aldatzea ere. Halaber, eliteko politikagintzari neurria hartu zionetik, ez du hura uzteko asmorik agertu. Aitzitik, azken hilabeteetan edonon nanoak atera zaizkie kirchnertarrei: nekazariei ezarri nahi zizkien zerga berrien harira, besteak beste.
Nestor Kirchnerrek presidentetza utzi eta gero ere, baina, kirchnerismoak bizirik jarraitu du; azken hiru urtean Cristina Fernandezen eskutik. Hemendik aurrera aukera gutxi izango ditu, alabaina: Fernandezek berak une zailei egin beharko die aurre hemendik eta bozak bitartean.
Laudorioak
Hilda gero trapu zaharrak ateratzea txukuna izaten ez delako eta, gustatu ala ez, Kirchnerrek ongi egindakoak gogoratzea merezi duelako, Armentiako alderdietako ordezkari guztiek omenaldia egin diote presidente izandakoari. Gauza bera egin dute giza eskubideen aldeko erakundeek ere; hala nola Maiatzeko Plazako Amonek. «Bere herriagatik bizitza eman du. Argentinarentzat ezinbestekoa den pertsona bat galdu dugu», adierazi du Estela de Carlotto erakundeko presidenteak. «Ez dakit zer egin Cristinarekin. Herriaren ardura tokatu zaio, eta hain bakarrik egongo da aurrerantzean...».
Argentinan bertan ez ezik, nazioartetik ere gorazarre egin diote Kirchnerri. Harentzat laudoriozko hitzak baino ez dituzte izan dozenaka agintarik. Besteak beste, Hugo Chavez Venezuelako presidenteak: «Cristina maitea... zenbat sufrimendu! Argentinak eta Latinoamerika osoak hain galera handia jasan du! Gora Kirchner betirako!».
Agintari gehienek nabarmendu dute Argentinako historian giltzarri izan dela Kirchnerrek egindako lana. Horrez gain, adierazi dute haren heriotzak ezustean harrapatu dituela.
Kronologia
1950. Otsailaren 25ean jaio zen Nestor Kirchner, Rio Gallegosen, Santa Cruz probintzian.1976. Zuzenbide ikasketetan lizentziatu zen, La Platako Unibertsitate Nazionalean. Han ezagutu zuen Cristina Fernandez, bere emazte izango zena. Ikasle garaian egin zen, halaber, Alderdi Peronistako kide. Zuzenbide ikasketak amaituta, hala ere, hurrengo zazpi urteetan abokatu gisa aritu zen lanean, Fernandezekin batera.
1987. Rio Gallegos hiriko alkate izendatu zuten.
1991. Santa Cruz probintziako gobernadore kargurako aukeratu zuten. 2003ra arte aritu zen zeregin horretan. Hainbeste urtez gobernadore izateko legedia erreformatu zuen.
1992. Alderdi Justizialistako Probintziako Batzordeko kide izendatu zuten, Santa Cruzen.
1996. Alderdi Justizialistaren barruan korronte peronista sortu zuen.
2003. Presidentetzarako bozetarako bere hautagaitza aurkeztu zuen; Carlos Menem presidente izandakoaren (1989-1999) aurka lehiatu zen.
2007. Lekukoa emazteari pasatu zion: Cristina Fernandezek presidente kargua hartu zuen.
2008. Alderdi Justizialistako buruzagi izendatu zuten.
2009. Argentinako Parlamenturako hauteskundeetan eserleku bat eskuratu zuen. Peronistek jasandako beherakadagatik, baina, Alderdi Justizialistako buruzagitza uztea erabaki zuen.
2010. Maiatzean Unasurko idazkari nagusi izendatu zuten. Atzo, ordea, bihotzekoak jota hil zen Nestor Kirchner.