Kiskalitako eskola batean jarri dute erreferendumerako hautestontzietako bat Ox hirian, Kirgizistango hegoaldean. Bozkaleku inprobisatuak ez du leihorik, eta lurrean beira zatiak daude oraindik. Gulnarak, erreferendumaren antolatzaileak, toki hoberik ez dela argitu du. Inguruan gauzak okerrago egon behar dute. «Eraikin hau ez dago hain gaizki; horregatik erabaki dugu erreferenduma hemen egitea. Ziur naiz jendea etorriko dela eta botoa emango duela». Roza Otunbaieva Kirgizistango behin-behineko presidenteak irmo eutsi dio erreferendum konstituzionala egiteko asmoari; herrialdeko egitura politikoa aldatzen ez badute Kirgizistanen gauzak daudenetan segituko dutela argudiatuz. Beste asko, baina, beldur dira galdeketak egoera okertuko duen.
«Orain ez da kaosa besterik Ox hirian. Egoera hau amaitu behar dugu; horregatik nahi dugu erreferenduma egin», azaldu du bozkalekuko mahaia zuzentzea egokitu zaion Ainura Exmatovak. «Uzbekoek botoa emateko aukera dute; baina ez ditu inork horretara behartuko».
Parte-hartze handia nahi du Otunbaievak. Eta ahaleginak egin ditu hauteskundeetarako giro ez den eremuetan ere parte-hartzea sustatzen: larrialdi egoeran dauden guneetan legedia moldatu du, galdeketa ahalbidetzeko. Horrez gain, Uzbekistango errefuxiatu guneetan bozkalekuak jarri ditu, Kirgizistandik hara ihes egin duten uzbekoek botoa eman dezaten. Uzbekoen artean gehienak ditu alde Roza Otunbaievak; haatik, hainbatek iritziz aldatu du azken egunetan, behin-behineko gobernuak Ox hiriko erasoei aurre egin ez, eta tragedia eragozten asmatu ez duelako.
Hil honen hasieran hasi ziren kirgiz etniakoen eta uzbekoen arteko liskarrak Oxen. Datu ofizialen arabera, 275 lagun hil dira ordutik; Otunbaievak bi mila ere izan daitezkeela onartu badu ere. Biktima gehienak uzbekoak dira. «Egindako ikerketatik ondoriozta dezakegu erasoak sistematikoak izan direla, bereziki uzbekoak bizi diren auzoetan egindakoak. Hainbat kasutan, oso ondo antolatuta zeuden erasotzaileak», azaldu du HRW Human Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundeak. Borroketan parte hartu izana zuzenean egotzi ez badie ere, segurtasun indarrek erasoekin zeresana izan zezaketela ohartarazi du HRWk. Hala, gertatutakoa ikertzeko exijitu dio Gobernuari.
Otunbaievak uste du herrialdeko arazo handienetako bat dela armadaren gaur egungo egituraketa; izan ere, segurtasun indarren artean gehienak kirgiz etniakoak dira. Alde horretatik, erreforma konstituzionalari ezinbestekoa deritzo behin-behineko presidenteak. «Monoetniaren arazoa sustraietatik erauzi behar da; etnia guztiek hartu beharko lukete parte armadan».
Konstituzio berria
Konstituzio berria indarrean sartzen bada, Otunbaieva datorren urteko amaiera arte izango da behin-behineko presidente. Horrez gain, bost urtean behin egingo dituzte parlamenturako hauteskundeak, eta presidentearen agintaldia ezingo da sei urtetik gora luzatu. Funtsean, dena dela, herrialdearen egituraketa politikoa dago jokoan: presidentetza sistema albo batera utzi, eta parlamentu bidezkoa ezarri nahi baitu Otunbaievaren gobernuak. Haren ustez, indarrean den sistema konstituzionalak botere gehiegi aitortzen dio presidenteari; parlamentuak, berriz, politikan eragiteko ahalmen eskasa du. Horri buelta emanda, Estatua bera demokratikoago egin nahi du Otunbaievak.
Hainbaten ustez, baina, presidenteak ez du testuinguru hoberena aukeratu erreferenduma egiteko. Hala, galdeketagatik Kirgizistango hegoaldean egoerak okerrera egingo duen beldur dira adituak; horien ustez, herritarrek gaizki edo oso gaizki egitearen artean aukeratu behar dute gaurko herri galdeketan.
Herrialdeko hegoaldean eta iparraldean, baina, gauzak ez dira berdin. «Gobernuak iparraldeko botoekin atera nahi du erreferenduma aurrera», adierazi du Nur Omarov Kirgizistango Politikarien Elkarteko buruzagiak. «Baina iparraldean ere nahiko jarrera anbiguoa agertu dute. Jendeak badu hegoaldean gertatzen denaren berri». Behin-behineko gobernuak hegoaldeko tragedia gelditzen asmatu ez duelako, askok ezezko botoa emango dute. Omaroven hitzetan, baina, galdeketaren arazo handiena erreferendumean bertan dago: «Errepublika parlamentarioak ez dira bideragarri Kirgizistanen. Biztanleriaren gehiengoak ezagutza lausoa du parlamentu bidezko sistemaz eta presidentetza sistemaz... Funtsean, jendeak ez daki zer ari den bozkatzen».
Bakieven erantzukizuna
Omarovek eta beste askok uste dute Otunbaievak erreferenduma atzeratu beharko lukeela, hegoaldean gauzak bere onera itzuli artean gutxienez. Haatik, behin-behineko presidentearen ustez, liskarrak sortuz, hori izan du helburu Kurmanbek Bakiev apirilean agintetik egotzi zuten presidenteak.
Bakievek eta haren senideek eragin dituzte, Otunbaievarenustez, Oxeko borrokak. Sanjar Bakiev presidente ohiaren ilobak baieztatu egin dio hori Kirgizistango Poliziari. Herenegun atxilotu zuten Sanjar, Jalal-Abadeko mendietan -Ox inguruan-. Liskarrak eragitea, Estatuko erakundeak asaldatzea eta hilketa leporatzen dizkiote Kurmanbek Bakieven ilobari.
KIRGIZISTANGO GATAZKA. Erreferendumak berriz borrokak eragin ditzakeela ohartarazi dute
Presidentetza sistema baztertu eta parlamentu bidezkoa ezartzeko, erreferendum konstituzionala egingo dute gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu