Kirkuken eta Kurdistanen atzeratu egin ditu eskualdeko bozak Irakek

Parlamentuak hauteskunde legea aho batez onartu du kurduak nagusi diren eremuetan bozak atzeratzeko baldintzarekin

2008ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Irakeko hemezortzi eskualdeetatik hamalautan hauteskundeak datorren urteko urtarrila amaitu aurretik egitean adostu zen atzo Legebiltzarra. Kirkukeko barrutian eta Iraken menpeko Kurdistango hiru eskualdeetan bozak atzeratzea ebatzi dute diputatuek. Kirkukeko marko instituzionalaren auziari behin-behineko irtenbidea eman diote horrela; kurdu, arabiar eta turkmen giza-taldeen artean gatazka iturri den auzi honen konplexutasuna agerian utziz. Kirkuk hiriburu historikotzat dute kurduek, baina arabiar eta turkmenak Iraken menpeko Kurdistani berriz lotu egin dadin ez dira ados. Petrolioaren gaineko kontrola dago, neurri handi batean, auziaren muinean.

Irakeko Legebiltzarreko saioan atzo parte hartu zuten 191 diputatuen gehiengo zabalak sostengua eman zion eskualdeetako hauteskunde legeari -orotara 275 diputatu daude Legebiltzarrean-. Irakekohemezortzi eskualdetatik hamalautan bozak datorren urteko urtarrila amaitu baino lehen egitea baimenduko du legeak. Kirkukeko barrutian eta Kurdistango hiru eskualdeetako bozak, aldiz, atzeratu egingo dira.

Eskualdeetako bozak urriaren 1ean egitea aurreikusita zegoen, horrela jaso baitzen iragan uztailaren 22an diputatuek onartutako testuan. Jalal Talabani Irakeko presidente kurduak, baina, bozketa hura baliogabetu egin zuen bere presidente eskumenak baliatuta. Kurdistango agintari eta indar politikoek ez zuten aintzat hartu hauteskunde lege hartan Kirkukeko barrutiaren kontura xedatutakoa. Kurduek arbuiatutako testuaren arabera, Kirkukeko barrutian ordezkari kopuru bera izango zuten hiru giza taldeek; alegia, kurduek, arabiarrek eta turkmenek ordezkarien %32 izango zituzten -gainontzeko %4, berriz,kaldear-asiriar gutxiengokoek ordezkatu zuten-.

Estatusa zehazteke

Kurduak ez ziren banaketa honekin bat etorri; Kirkuk euren herrialdeko zati bezala aldarrikatzen baitute. Aliantza Kurduak, bestetik, botoen %60 baino gehiago lortu zuen 2005ko urtarrileko hauteskundeetan eta hori aintzat hartzeko eskatzen zuten kurduek. Kirkukeko etorkizuna eta estatusa herri galdeketa baten bidez erabakitzea aldarrikatzen dute kurduek. NBE Nazio Batuen Erakundea ere bat etorri da eskaera horrekin.

Kirkukeko auziri irtenbidea emateko, zazpi kidez osatuko lan batzorde bat eratu dute eta beranduenez datorren urteko martxorako jakinarazi beharko ditu egindako hausnarketak. Batzorde horretan kurdu, arabiar eta turkmen ordezkari bina eta kaldear-asiriar giza-taldearen ordezkari bat egongo dira.Talde honen ondorioetan oinarrituta erabakiko dute orduan diputatuek Kirkuken eta Kurdistanen hauteskundeak noiz egin.

Kirkukeko barrutiaren eta Iraken menpeko Kurdistango hiru eskualdeen hauteskunde kontuen trenkatzea atzeratuta, Irakeko Legebiltzarrak, nola edo hala, aitortu du auziak lotutadaudela; izan ere, 1976. urtera arte,Iraken menpeko Kurdistango hiru eskualdeetatik baten parte zen Kirkuk: Sulaimaniakoa. Saddam Hussein Irakeko presidente ohiaren erabakiz atera zen hiria eskualdetik.

Saddam Husseinen garaitik

Kirkuk Kurdistandik banatzeaz gainera, Husseinek eta Baath alderdiak hiriaren eta inguruaren arabiartze politika itzela egin zuen. 1991 eta 2003. urteen bitartean 120.000 eta 200.000 kurdu artean indarrez kanporatu zituzten Kirkuketik. Irakeko beste eskualdeetako arabiar sunitak eraman zituzten petrolioan aberatsa den eskualdera. Euren sorlekutik haizatzeaz gainera, Husseinek kurduen aurkako jazarraldiak egin zituen etengabe, 1970ko hamarkadaren hasieratik, 2003. martxoan boteretik bota zuten arte.

Auzi honen atzean zonaldean dagoen petrolioaren gaineko kontrola bereganatzeko borroka dago. Iraken egun ekoizten den petrolioaren %40 Kirkuken du jatorria. Egunean, 900.000 upel ekoizten egiten dira eta Kirkuk aldeko lur azpian 10.000 milioi upeleko erreserbak daude. Ondasun honen gaineko kontrola bereganatzeko lehiak zitaldu egin du mendeetan zehar elkarbizitza baketsuan egon ziren talde kurdu, arabiar eta turkmen arteko giroa.

Irakekin muga egiten duen Turkiak ere ez du batere begi onez ikusten bilakaera hori. Izan ere, Ankararen beldurra da Kirkuk barne izango lukeen Irakeko Kurdistan batek eskumen gehiago lortzea. Hori gertatuko balitz Turkiaren menpe dagoen Kurdistanekin bat egiteko aldarrikapenak indartu egingo lirateke ere.



Diala eskualdean, 28 polizia eta miliziano hil dira borrokak direla eta

Gutxienez hogeita zortzi lagun hil ziren atzo Irakeko Dialako probintzian, Al Duleimat herrian gertatu zen eraso batean. Hildakoen artean poliziak eta milizianoak daude; Sahuas brigadetako milizianoak. Irak 2003ko martxotik okupatzen duten nazioarteko indar armatuen aurka aritu izan diren ekintzaile ohiak dira miliziano horiek. Al Kaedako ekintzaile islamisteiaurre egiteko xedean, segurtasun indarren eta nazioarteko tropen laguntzaile gisa ari dira orain.

Erasoa goizaren amaieran gertatu zen, poliziak hirian sartzera zihoazela. Lekukoen arabera, bide ertzean ezkutatutako bonba bat zartarazi zuten bi ibilgailuk osatzen zuten konboiaren aurka, eta, ondoren, tiroketa bat izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.