HAUTESKUNDEAK BRASILEN

Klase ertainak du Planaltoko giltza

Brasilgo presidentetzarako lehenengo itzulia jokatzen ari dira. Ustelkeria kasuek ez dute lortu Rousseff presidentea itotzea, eta inkestetan aurrea hartu die Silva eta Neves beste hautagai nagusiei.

Dilma Rousseff eta Marina Silva hautagaiak, herenegungo eztabaidan. ANTONIO LACERDA / EFE
Adrian Garcia.
2014ko urriaren 5a
07:27
Entzun

Brasilgo klase ertaina ehun milioi lagun inguruk osatzen dute —herrialdearen biztanleen erdiak—, eta horiek erabakiko dute gaurko hauteskundeetan Planalto jauregiko hurrengo lau urterako maizterra zein izango den. Luis Inacio da Silva Lula PT Langileen Alderdiko buruzagi ohiaren eta herrialdeko presidente izandakoaren gizarte politikei esker loditu da multzo hori. Berrogei milioi lagun inguru pobreziatik irten utzi eta klase ertainera batu dira azken hamar urteetan, baina askok ez dute argi Lularen ondorengo Dilma Rousseffi emango ote dioten botoa. Egoera ekonomikoak desitxuratu egin baitu PT hautagaiak jasotako oinordetza, eta klase ertainak oraindik gauza asko hobetzeko daudela ikusten du. Hala eta guztiz ere, Rousseff da faboritoa gaurko bozak irabazteko. Baina ziurrenik, bigarren itzulia beharko du botereari eusteko. Marina Silva PSB Brasilgo Alderdi Sozialistako presidentegaiak eta PSDB Brasilgo Sozial Demokraziaren Alderdiko Aecio Nevesek urriaren 26ko bigarren txandan inkestak iraultzeko itxaropena dute. Guztira 11 hautagai lehiatuko dira gaur.

Ia 143 milioi brasildarrek bozkatuko dute gaur —horretara behartuak daude—. Presidentea aukeratu ez ezik, estatuetako 27 gobernadoreak, kongresuko 513 diputatuak eta senatuko legebiltzarkideen herenak hautatuko dituzte. Inkestetan goranzko joera hartu du Rousseffek azken asteetan, eta, aurreikuspenen arabera, botoen %47 eskuratuko ditu. Silvak eta Nevesek, berriz, %27 eta %24, hurrenez hurren. Bigarren itzulian ere Rousseffen alde egiten dute inkestek.

Herenegun eginiko azken eztabaidan, ustelkeria kasuek tarte handia hartu zuten, oposizioko hautagaiek Petrobras estatuaren enpresaren auzia ekarri baitzuten gogora. Gobernuko hainbat kideren ustelkeria kasuak izan dira Rousseff presidentearen aurkarien arma erabilienak. Epaitegiek azaleratu dute PTko goi kargudunen mensalao edo hileroko ordainketen sistema, eta gobernuaren eta PTren irudia hondatu egin da ezinbestean. Herritarren lehentasunen artean dago ustelkeriaren aurkako borroka. Hala eta guztiz ere, Petrobraseko aferak ez dio inkestetan kalte nabarmenik egin PTko hautagaiari.

Rousseff presidenteak Lularen sostengua izan du kanpainaren azken egunetan. Lulak bi agintalditan eskuratutakoa nabarmendu du Rousseffek eztabaidan, eta zalantzan jarri du beste hautagaiek lortutakoa kudeatu dezaketenik. «Nork atera zituen pobreziatik 40 milioi lagun? Nork du horri eusteko eskarmentua? ».

Silvaren lurrikara

Silvaren hautagaitzak astindutako lurrikara baretzea lortu du Brasilgo presidenteak, eta arnasaldia eman diote inkestek azken asteetan. Abuztuan, Eduardo Campos PSBko hautagaia hegazkin istripuan hiltzean, Silvak lehen lerrora jauzi egin zuen eta hauteskunde kanpaina aztoratu zuen. PT eta Alderdi Berdeko kide izandakoa da, eta alderdi sozialistaren zerrendan bigarrena zen. Erabateko arreta bereganatu zuen Silvak berehala, eta horrek eragina izan zuen inkestetan. Istripuaren aurretik, hirugarren zen PSB, eta Rousseffek erraz irabaziko zuela zirudien. Baina ezbeharraren ostean, inkestek Rousseffen eta Silvaren arteko berdinketa iragarri zuten, eta bigarren itzulian Silva gailendu zitekeela zioten.

Silvarena uneko fenomenoa izan zitekeela esan zuten analista batzuek. Eta halaxe gertatuko dela dirudi. Puztu bezain azkar hasi baita inkestetan hondoratzen. Beheranzko joera hori apurtzeko zerga erreforma proposatu du, haren esanetan, gutxien irabazten duenek gehiago ordaintzen baitute.

Haserretuen-en hautagaia izaten saiatu da Silva, azken bi urtetan gobernuaren aurka kalera atera direnen botoa eskuratzeko asmoz. Bi alderdi handienak arbuiatzen dituzten zalantzatiak erakartzeko ahaleginak egin ditu. Badu horretarako iragan berezia. Jatorri umila du hautagai ekologistak: kautxu eremu sail batean lan egiten zuen familia behartsu baten alaba da, eta hamasei urte arte ez zuen irakurtzen eta idazten ikasi.

Rousseffen gobernuaren aurkako ezinikusia baliatu du PSBko presidentegaiak. 2013an piztutako protestetan herritarrek erakutsitako politikarekiko desatxikimendu horri zukua ateratzen saiatu da kanpainan: «Manifestazioek erakusten dute erakundeek ez dutela gizartea ordezkatzen». Egoera iraultzeko, «politika berria» iragarri du, «gaitasun handiko pertsona zintzoez» osatutako taldeekin. Banku Zentralari indar gehiago eman nahi dio, Rousseffek ez bezala. Presidentea interbentzionistagoa da, eta uste du Banku Zentrala «laugarren botere bat» bihurtu daitekeela.

Neves izan da kaltetuena PSBko hautagaiaren agerpenarekin. Silvak hark baino hobeto ordezkatzen baitu aldaketa. Politikarien familia bateko kide da PSDBko presidentegaia. Minas Gerais estatutuko gobernadore izateari utzi zion 2010an, inkestetan %90eko onespena zuela. Enpresa taldeen eta inbestitzaile askoren sostengua du. Rousseffek guztiz kontrakoa ordezkatzen du. Izan ere, presidenteak inkestetan gora egitean behera egin dute merkatuek. «Rousseffek, Lulak bezala, inbestitzaileak uxatzen ditu», esan du Nevesek. Baina babes horrek kalte egin dakioke. Gizarte ikuspegi gutxiko alderditzat jotzen dute PSDB, eta gobernuarekin nekatuta dauden klase ertaineko gazteek bizkarra eman diote Silvaren alde egiteko.

Egoera ekonomikoa

Gobernatzaile gisa egindako lana nabarmendu du Nevesek, eta ekonomiara bideratzen saiatu da kanpaina. Batetik, Rousseffen agintaldian Brasilgo ekonomiak sufritutako atzeraldia gogoratzeko. Bestetik, Silvaren eskarmentu falta azaleratzeko. «Hautagai batek [Silvak] gauza asko promestu ditu, baina ez dakizki nola bete».

Brasilgo hurrengo presidenteak ekonomian jarri beharko du arreta. Azkenaldian uzkurtu egin da, eta aurreikuspenen arabera, oso gutxi haziko da aurten, %0,3ren bueltan. Gainera, inflazioa %6,5era igo da, gobernuaren %4,5eko muga gaindituz. Egoera horretan piztu daitezkeen protesta sozialei aurre egin beharko dio. Kontuan izanik, gainera, 2016ko Olinpiar Jokoek inbertsio handiak eskatuko dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.