G8-ren goi bilera

Klima aldaketa eztabaidagai G8koen goi bileran

Atzo hasi eta ostirala bitartean, G8ko estatuak, Gleneaglesen (Eskozia) goi bilera ari dira egiten. Mahai gainean izango dituzten gai nagusiak, Afrikako kanpo zorra ezabatzea eta haiekiko laguntza handitzea, eta munduko klima aldaketari aurre egitea dira. AEBetako presidenteak, George W. Bushek esan du, klima aldaketaren arduradun bakarra ez dela AEB. Bestalde, globalizazioaren eta pobreziaren aurkako taldeek, protestak egin dituzte leku askotan. Euskal sindikatuek ere, herrialde aberatsak iruzur egiten ari direla salatu dute.

2005eko uztailaren 7a
15:00
Entzun
AEBek, Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak, Italiak, Kanadak, Japoniak eta Errusiak osatzen dute G8 taldea, hau da, munduko herrialde industrializatuenek. Mahai gainean dituzten eztabaidagaiei, protestaz inguratuta eman diote hasiera. Gaurkoan, klima aldaketa izango dute hizpide. Eta baliteke, AEBetako presidente George Bush klima aldaketaren gaineko jarreretan babesik gabe gelditzea. Izan ere, Washington da gas kutsagarriak igortzea murrizteko 1997an Kyoton (Japonia) sinatutako ituna berretsi ez duen bakarra. Bushek, Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairrekin egindako bileraren ostean adierazi zuen, klima aldaketaren arazoaren ardura ez dagokiela AEBei bakarrik. Txina eta India energia kontsumitzaile handiak direla ere gaineratu zuen. “Kyoto ondorengo aldia hasteko garaia dugu” , gaineratu zuen AEBetako presidenteak. Bestetik, Blairrek adierazi zuen “G8ko gailurrean, arazo guztiak ebatzi ezin baditzakegu ere, batzuk ebatzi ditzakegu”.

Greenpeace erakunde ekologistak neurri irmoak eskatu dizkie G8koei klima aldaketari aurre egiteko.

Afrikaren gaineko eztabaida, hiru gaitan oinarritzen da: kanpo zorra, laguntza eta merkataritza harremanak. Azken puntu hau jotzen da, Afrikako kontinentearen garapena eragozten duen oztopo handienetakotzat. Bestetik, kontinentea deskolonizazioaren ondorioak pairatzen ari da.Aspaldi da Afrikako agintariak ohartu zirela kontinentearen etorkizuna afrikarren eskuetan dagoela. Horregatik eskatu diete hainbatek, agintari askori jokabidea aldatzeko.

Beste behin ere, globalizazioa eta pobreziaren kontrako taldeek, estatu aberatsen hitz hutsen politika salatu dute. Herrialde txiroenei armak salduz dirua irabaztea leporatu diete manifestariek G8ko kideei. Iazko Bakearen Nobel saridunak, Wangari Maathaik, esan du kanpo zorra ezabatzeak bakarrik ez duela Afrikaren pobrezia konponduko. Arazoari aurre egiteko, ezinbestekotzat jo zuen ustelkeriaren aurka borrokatu eta herritar guztiek heziketa jasotzeko eskubidea izatea. Euskal sindikatuak, Bilboko BBVAren aurrean elkarretaratzea egin zuten, Beste mundu bat posible da. G8ri ez lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.