KLIMA ALDAKETA

Klima aldaketaren aurka AEBen "inoizko" planik handiena hasi du Obamak

Helburua da 2005ean AEBek zituzten karbono isurien tasa %32 jaistea 2030. urterako. Urte amaieran klimaren goi bilera egingo dute Parisen.

Barack Obama Etxe Zurian eginiko agerraldian. MICHAEL REYNOLDS, EFE
Jone Amonarriz
2015eko abuztuaren 3a
19:08
Entzun

Klima aldaketa geldiarazteko 2030. urtea jarri du jomugan Barack Obama Estatu Batuetako presidenteak. CO2aren isurketak %32 gutxitzea izango da Energia Garbiaren Planaren (Clean Power Plan) helburu nagusia, haiek elikatzen baitute gehien, ustez, berotegi efektua. Portzentaje horrek 2005eko datuak izango ditu erreferentzia. Bi erreakzio oso ezberdin piztu ditu proiektuak; sektore industrialarena batetik, eta energia berriztagarrien sektorearena bestetik.

“Klima aldaketa ez da etorkizuneko belaunaldien arazoa dagoeneko”, baieztatu du Obamak sare sozial batean argitaratutako bideoan. Kezka hori ardatz hartuta neurri zorrotzak eta asmo handikoak iragarri ditu: gas toxikoen emisioei oztopoak jartzea, eta energia berriztagarrien aldeko apustua, besteak beste. “Estatu Batuek berotegi efektuaren aurka inoiz egindako urratsik garrantzitsuena” izango dela iragarri du, eta hala definitu du bere plana.

Presidentetzaren hasieratik, lehentasunen artean zuen Obamak karbono emisioen jaitsiera. 2010ean osasun publikoaren erreforma lehen lerroan jarri orduko, atzean geratu bazen ere, gaiari berriro heldu dio. Duela lau urte osatu zuen planaren zirriborroa, eta astelehenean sinatu du Etxe Zurian Gina McCarthy Ingurumenaren Babeserako Agentziako (EPA) zuzendariak; han eman ditu planaren inguruko azalpenak Barack Obama presidenteak.

[Youtube]https://youtu.be/RQ6N8zN3RCA[/Youtube]

Errepublikanoek eta sektore industrialaren lobbyak iragarri dituzte jada planarekiko desadostasunak, eta proiektua “maniobra politikoen bidez desafiatuko” dutela jakinarazi dute, prezio energetikoak igoko dituen “erasoa” egin izana egotziz administrazioari.

“Neurri sortak energia sektorean eta sare elektrikoan prezioak igotzea ekarriko du”, ziurtatu du Meatzaritzako Elkarte Nazionaleko (NMA) presidente Hal Quinnek. Bestalde, landa eremuetako komunitate txiroenak energiaz hornitzeaz arduratzen den Elektrizitate Kooperatibak zifra jarri dio igoera horri: “%10 igoko da, gutxienez, elektrizitatearen prezioa; neurriz kanpokoa litzateke estatubatuar ahulenentzat”. Eguzki Energia Industrien Elkarteak, berriz, erabaki "historikoa" dela esan du, eta "benetan beharrezkoa".

Parisen munduko hitzarmena

Estatu Batuek uko egin zioten 2005ean Kiotoko protokoloan parte hartzeari. Hogeita hamar herrialde industrializatuk sinatu zuten munduko hitzarmen hau, zeinak klima aldaketa eragiten duten gas kutsagarrien isuria jaistea zuen helburu. Parisko Klima Aldaketaren Goi Bilera izango da hurrengo hitzordua, 2015eko abenduaren 15ean. Berotegi efektuak bi gradu zentigradu gaindi ez ditzan hitzarmen bete beharreko bat lortzea izango da bilkuraren helburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.