Mende erdian bi eta hiru graduren artean egin du gora Alaskako (AEB) batez besteko tenperaturak, klima aldaketak eraginda. Igo egin da uraren maila, eta kalte nabarmenak eragin ditu Shishmaref herrixkan. Uharte batean dago, kontinentetik hurbil, eta bost kilometro luze eta 400 metro zabal da. Indigenak dira han bizi diren gehienak; 500 biztanletik gora ditu.
Uholdeek eta erosioak etxebizitza eta errepideak suntsitu dituzte; orain arte, hamairu etxebizitza aldatu behar izan dituzte lekuz, urak irents ez zitzan. Erakundeek herri galdeketara deitu zituzten biztanleak, eta herria kontinentera lekualdatzea erabaki du gehiengoak. 2002an egin zuten bozketan ere baiezko botoek irabazi zuten, baina bertan gelditu ziren, behar adinako laguntza ekonomikorik jaso ez zutelako.
Dozenatik gora herrixka, uharteetatik kontinentera
Beste dozena bat herrixkak ere lekualdatzearen alde bozkatu dute, eta kontinentera joango dira. AEBetako Gobernuaren arabera, ia 200 herrixka daude egoera antzekoan, klima aldaketaren eraginez itsasoak etxebizitzak hondatu dituelako. Klima aldaketak ondoriorik larrienetakoak sortu dituen eskualdea da Alaska, tenperaturaren igoerak uharteak ekaitzetatik babesten zituen izotz geruzak urtu baititu.