EB Europako Batasuneko buruzagiek kostata adostu dute abenduan Kopenhagen (Danimarka) defendatu beharreko plana. Klima aldaketari aurre egiteko neurriak eztabaidatuko ditu orduan nazioarteak; Kyotoko Protokoloa ordezkatuko duen ituna hitzartzeaizango dute helburu. Horri begira, jarrerak bateratzeko bilera egin dute EBko gobernuburu eta estatuburuek, bi egunez, Bruselan (Belgika). Hasiera batean, egun batekin aski izango zutelakoan zeuden, baina, Europa ekialdea planarekin bat ez zetorrela ikusita, atzora arte luzatu zituzten negoziazioak.
Isurtzen duten CO2 kopurua murriztu dezaten garapen bidean diren herrialdeei eman beharreko diru partidak zituzten eztabaidagai. Izan ere, nazioarteak diruz laguntzen ez baditu ez dutela isurketak gutxitzeko neurririk hartuko ohartarazi zuten haiek. Europa ekialdeko bederatzi herrialdeak, baina, ez daude prest EBko gainontzeko kideek bezainbeste diru emateko. Bruselan adostutakoaz ez dute xehetasunik eman, baina planari planto egin zioten herrialdeak konbentzitu dituztela ondoriozta daiteke.
Europako Batzordeak joan den hilean aurkeztu zituen gutxi gorabeherako zifrak. Haren arabera, industrializatuta dauden herrialdeek urtero 100.000 milioi euro eman beharko dizkiete garapen bidean daudenei, itun berria indarrean jartzen denetik 2020ra arte. Dirutza horretatik 22.000 eta 50.000 milioi euro artean diru publikoa izan beharko du, eta gainontzekoa industriak jarri beharko du. Era berean, jarri behar den diru publikoaren %10 eta %30 artean EBko patrikakoa izatea da bidezkoena Europako Batzordearentzat. Plan horri jarraiki, EBko 27 kideek urtean 2.000 eta 15.000 milioi euro artean bideratu beharko dituzte horretara.
Erabakitzeko, bi irizpide
Kide bakoitzak eman beharrekoa erabakitzeko, bi irizpide kontuan izatea proposatu zuen Europako Batzordeak: herrialde bakoitzak isurtzen duen CO2 kopurua, batetik, eta ordaintzeko duen gaitasuna, bestetik. Gas gehien isurtzen dutenek eta BPG barne produktu gordin handiena dutenek jarri beharko dute partida handiena, alegia.
«Polonia bezalako herrialdeok oso tarte txikia daukagu garapenari uko egin gabe isurketak murrizteko», adierazi zuen Poloniako Europako Gaietarako ministro Mikolaj Dowgielewiczek atzoko bileraren hasieran. «Eta ez dugu Europa ekialdeko folklore museoa izan nahi, garatu egin nahi dugu».
Bestalde, klima aldaketaren kontrako plana adostea ez da izan Bruselako goi bilerako lorpen bakarra. Frantziako presidente Nicolas Sarkozyren adierazpenen arabera, EBren erreforma prozesuak aurrera egin dezan ere lortu dute buruzagiek: «Lisboako Ituna abenduaren 1ean jarriko da indarrean, ziurrenik».
Sarkozyren baikortasuna Txekiako Gobernuko kideen adierazpenei zor zaie. Jan Fischer lehen ministroaren arabera, Vaclav Klaus presidenteak jada ez du trabarik jarriko ituna berresteko. EBko gainontzeko kideek Txekiak eskatutakoari men egin diotenez, Txekiako Auzitegi Konstituzionalak epaia eman ondoren, ez duela baldintza gehiago jarriko esan du Klausek berak. Oinarrizko Eskubideen Gutunetik salbuestea eskatzen zuen Pragak. Lisboako Ituna Txekiako Konstituzioaren kontrakoa den edo ez jakinaraziko du Konstituzionalak asteartea. Ezezkoa espero da.
Klima aldaketari aurre egiteko plana adostu du Europako Batasunak
Lisboako Ituna indarrean abenduaren 1ean jarriko dela iragarri du Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu