Berotegi gasen isurketek eta pilaketak aurrekaririk gabeko kantitateetan jarraitzen dutela eta Lur planeta berotze «arriskutsu» batera daramatela ohartarazi dute gaur #ZientzianElkartuak 2021 txostenaren aurkezpenean. Munduko Meteorologia Elkarteak koordinatuta, hainbat zientzia erakundek parte hartu dute txostenaren atal ezberdinak osatzen. Gaur aurkeztu dute txostena, Glasgown egingo den COP26 bilerara begira. Hain zuzen ere, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak adierazi du «denbora agortzen» ari dela, eta espero duela goi bilera hori benetako «inflexio puntua» izatea, 2050erako zero isurketen helburua lortzeko, eta 2030erako gutxienez %45eko jaitsiera erdiesteko. Besteak beste, NBEren Ingurumenerako Programak (PNUMA), Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), Klima Aldaketarako Gobernuarteko Aditu Taldeak (IPCC), Global Carbon Projectek, Klimari buruzko Ikerketarako Munduko Programak (PMIC) eta Erresuma Batuko Meteorologia Bulegoak parte hartu dute. Haiek laburbildu dituzte, zenbait puntutan, munduak bizi duen ingurumen eta klima larrialdiaren egoera.
Atmosferako gasaren pilatzea
MMEren atmosferaren behaketarako lantaldeak egindako ikerketaren arabera, berotegi gasek metatzen jarraitzen dute, nahiz eta, 2020ko isurketen jaitsieraren ondorioz, litekeena den apur bat mantsotu dela prozesu hori behin-behinean. Metano atmosferikoaren epe motzeko murrizketak Parisko Hitzarmenaren helburuak lortzen lagun dezakeela jakinarazi du MMEren taldeak, baina hala ere, ezinbestekotzat jo du CO2 eta beste berotegi gasen isurketak gutxitzea.
Isurketak, ia 2019koen pare
Erregai fosilek eragindako isurketek orain arteko gehieneko maila jo zuten 2019an: 36,64 gigatona CO2. 2020an %5,6 apaldu ziren -1,98 gigatona-, pandemiak eragindako moteltze ekonomikoaren erruz. Alabaina, Global Carbon Projectek egindako estimazioen arabera, 2021eko lehen zazpi hilabeteotan energiari eta industriari dagozkion isurketak 2019koaren pare (edo gorago) daude. Errepide garraioari dagozkionak oraindik txikiagoak dira 2019an baino, %5 inguru. Itsas eta aire garraioari buruzko daturik oraindik ez dute. Alabaina, oro har, isurketak 2019koen antzeko kantitateetan amaituko dutela ohartarazi dute. Hirugarren gas indartsuenari dagokionez (N20), haren isurketak oraindik gehiago hazten ari direla jakinarazi du.
Jaitsiera aurreikuspenak ez dira nahikoak
PNUMAk egindako ikerketaren arabera, Parisko Hitzarmenak aipatzen duen bi graduko berotzea bermatzeko egungo isurketak 15 gigatona txikiagoak izan behar dira CO2 baliokideetan, eta 32 gigatona txikiagoak 1,5 gradukoa bermatzeko. 2030erako ez da isurketen jaitsiera esanguratsu bat egongo, baldin eta suspertze ekonomikoa ez bada oinarritzen «deskarbonizazio sakon» batean. PNUMAk «pozgarritzat» jo du hainbat herrialdek azaldu dituzten deskarbonizaziorako asmoak, egungo isurketek %63 inguru gutxitzea ekarriko luketelako. Alabaina, askotan aipatzen den moduan, asmo horiek epe luzekoak direla ohartarazi du, eta ezinbestekotzat jo du plan handinahiagoak gauzatzea 2030era begira.
1,5 graduko berotzea, gero eta gertuago
MMEk egindako ikerketaren arabera, 2017-2021 aldiari dagokion airearen batez besteko tenperatura 1,06-1,26 handiagoa izan da industria aurreko aroan baino. Artikoko izotzaren udako hedadura eta lodiera 1981-2010 aldikoaren batez bestekoaren azpikoa izan zen. 2020ko irailean inoizko txikietan bigarrena izan zen izotz geruzaren hedadura. Munduko Meteorologia Erakundeak gogoratu du muturreko fenomeno meteorologiko gogoangarriak izan direla aurtengo udan, eta horien artean azpimarratu ditu Ipar Amerikako tenperatura beroak eta Europa mendebaldean izandako uholde handiak. Fenomeno horiek gizakiak eragindako klima aldaketaren seinale agerikotzat jo ditu.
Hurrengo bosturtekorako klima
Erresuma Batuko Meteorologia Bulegoak egindako ikerketaren arabera, hurrengo bosturtekoan oso litekeena da urtero gainditzea, gutxienez gradu batean, industria aurreko batez besteko airearen tenperatura. «Oso litekeena da igoera 0,9 eta 1,8 gradu artekoa izatea”. Halaber, erakunde horren proiekzioaren arabera, %40ko aukera dago industria aurreko tenperatura 1,5 gradu gainditzea urteren batean. Bosturteko batez besteko tenperaturak 1,5 gradu gainditzea industria aurrekoa ez da horren gertagarria, haren ustez, aukeren %10 bakarrik ematen dio. Prezipitazioen inguruan, Afrikako Sahel inguruan eta goi latitudeetan gehiago izatea litekeena dela jakinarazi du.
Aldaketak, milaka urtean ikusi gabeak
IPCCk egin du ikerketaren beste atal bat, eta haren arabera, gizakiaren jardunak eragin du atmosferaren, lurraren eta ozeanoen berotze bat. Horrek aldaketa bizkorrak eragin ditu atmosferan, ozeanoetan, kriosferan eta biosferan. Aldaketa horiek «aurrekaririk gabekoak» dira milaka urtean, IPCCren arabera. Izandako eraldatze bizkor horren erruz, fenomeno meteorologiko muturrekoak gero eta ohikoagoak dira munduko eskualde guztietan.
Beroaldiak eta infekzioak, batera
Hain zuzen ere, atal horri egin dio bere ekarpena OMEk, gizakien osasunean klima aldaketa izaten ari den eragina aztertuta. Batetik, gogoratu du 2019an, beroaren erruz, 103.000 milioi lanordu galdu zirela 2000. urtekoarekin alderatuta. COVID-19a bezalako infekzioen arriskuari gehitu egin behar zaizkio beroaldiek, sute larriek eta airearen kalitate txarrak dakarten eragina. Horiek kaltea egiten dute planeta osoko herritarrengan, baina bereziki kalteberak diren eskualde eta giza taldeetan.
Itsasoa, gero eta gorago
1900etatik 2018ra 20 zentimetro igo zen itsasoaren batez besteko maila. 2006tik 2018ra 3,7 + 0,5 milimetro igo zen urtero. Isurketak gutxituko balira ere, itsasoaren maila igotzen jarraituko duela jakinarazi dute Gobernuarteko Batzorde Ozeanografikoak, PMICk, meteorologia erakundeak eta Zientzien Nazioarteko Kontseiluak batera egindako ikerketan. Hau da, 0,3 eta 0,6 metro artean igoko da ozeanoen altuera mende amaierara bitartean, isurketak jaitsi eta tenperaturen igoera bi gradutik beherakoa balitz ere. 2300 bitartean 0,3 eta 3,1 metro artean igo daiteke itsasoaren batez besteko maila Lur planetan. Gorakada horretara egokitzea funtsezkoa izango dela jakinarazi dute, bereziki kostaldeko eremu, delta eta hirietan.