Suak hondamendia eragin du Australian azken hilabeteotan, eta horien biktimak zenbatzen jarraitzen dute. Koalak galtzeko arrisku handiagoan daude, suteen eraginez, WWF erakundeak adierazi duenez. Hondamendiaren tamaina kalkulatzeko ikerketa bat egiten ari da Australiako Legebiltzarra, eta horretarako eraturiko batzordean mintzatu dira erakunde ekologista horretako adituak.
WWFko Natur Politiketako zuzendaria da Stuart Blanch, eta, esan duenez, lehorteak, suteak eta azken egunetako uholdeak «heriotza geldo batera» kondenatzen ari dira koalak, haien bizilekuak —eukalipto basoak— suntsitzen ari direlako.
Inork ez daki zenbat koala dauden Australian. Zenbait kalkuluren arabera, 100.000-200.000 lirateke. Suak horietako 10.000 hil dituela kalkulatu dute. Blanchek batzordean esan duenez, koala populazioa %80-85 murriztu da Hegoaldeko Gales Berria estatuan. Gaineratu duenez, baliteke eskualde horretako koala populazioa erabat galtzea 2050. urterako.
Agintariek urtarrilean emandako datuen arabera, sugarrek 10,4 milioi hektarea suntsitu dituzte, horien erdiak baino gehiago Hegoaldeko Gales Berrian. Chris Didckman Sydneyko Unibertsitateko irakasleak egindako kalkuluen arabera, 1.250 milioi animalia hil dira hondamendian.
Koalak (Phascolarctos cinereus) martsupial belarjaleak dira. Bakarrik Australian bizi dira, eta ez uharte osoan, baizik eta hango hego eta ekialdeko kostan. Zuhaitzetan bizi da, eta gutxitan jaisten da lurrera. Egunean 20 orduz egin dezake lo. Asko hil zituzten XX. mendearen hasieran, haien larrua saltzeko. Geroztik, ahaleginak egin dira haien populazioak handitzeko, baina azken hilabeteotako hondamendiak kolpe handia eman die berriz.