Emaitza ofizialen arabera, Calderon izango da Mexikoko hurrengo presidentea. Baina hark ezin izango du kargua hartu epaileek Lopez Obradorren helegitearen inguruko erabakiren bat hartzen duten arte. Irailaren 6a dute horretarako azken eguna.
BOTO GEHIEN DITUENA GARAILE.Bere garaipena berretsi du Calderonek, gogoraraziz demokrazian boto gehien dituenak irabazten duela, eta nabarmenduz berak 15 milioi boto lortu dituela. Aldi berean, ordea, errespetua helarazi die hauteskundeetan aurkari izan dituenei. Horien artean, baita Lopez Obradorri ere: «Ulertzen dut eta errespetatzen dut bere justizia nahia, eta kanpainan esandakoa berresten dut, hau da, milioika mexikarren bizi duten pobrezia gainditzeko eta berdintasunaren alde lan egingo dudala». Era horretan, beste hautagai batzuen alde bozkatu dutenen konfiantza bereganatu nahi izan du buruzagi kontserbadoreak.
Hala eta guztiz ere, Calderonek ez du inoiz garaipena zalantzan jarri, eta jada iragarri ditu agintaldi berrirako proiektuak. Mexikok Latinoamerikako buruzagitza bere gain hartzea da Calderonen helburuetako bat. Horretaz gain, nazioarteko harremanak ere sendotu nahi ditu, batez ere AEB Ameriketako Estatu Batuekikoak. Egungo presidente Vicente Foxen alderdikidea izanik, haren politikarekin jarraituko du Calderonek, Kubaren eta Venezuelaren kalterako. NBEko Giza Eskubideen Batzordean Kuba zigortzearen alde bozkatu zuen Mexikok duela bi urte, eta geroztik bi herrialdeen arteko harremanak okertu egin dira. Era berean, iaz, Mexikok Venezuelan zuen enbaxadorea kendu zuen Foxek, bi buruzagien arteko harreman kaxkarrak zirela eta.
Bestalde, presidentetzarako hauteskundeek bitan zatituta utzi dute herrialdea: hegoaldeak Lopez Obradorren alde bozkatu zuen bitartean; iparraldeak Calderonen alde egin zuen. Ondorioz, Mexikoko hurrengo presidenteak batzuen eta bestearen interesak hartu beharko ditu kontuan agintzeko garaian. «Ez dugu ahaztu behar Calderonek soilik 15,2 milioi boto lortu dituela eta hautesleak, aldiz, 71 milioi inguru direla», azaldu du Mexikoko Patronalek Konfederazioko buru Alberto Nuñezek.
Epaileek irailaren 6a arteko epea dute Lopez Obradorren helegitearen inguruko erabakia hartzeko
Mexikok Latinoamerikako buruzagitza bere gain hartzea da Calderonen helburuetako bat
Soslaia
Inork espero ez zuen garailea
Inork ez zuen espero. Alderdikideek ere ez zuten askorik maite. PAN Ekintza Nazionalerako Alderdiko hautagai ofizial egin zutenean ere, alderdikideek gutxietsi egiten zuten. «Emaiozue botoa txiki, burusoil eta betaurrekodun horri», esan zuen PANeko presidente Manuel Espinok, Mexikoko Presidentetzarako bozetarako kanpaina hasi zutenean. Baina, azkenean, ezustekoan bada ere, berak, Felipe Calderonek (Morelia, 1962) irabazi du.Eskuin muturrekotzat dute batzuek, eta demokrata zintzotzat besteek. Energia ministro izan zen garai batean, baina karguan zegoela Presidentetzarako bozetara aurkezteko nahia agertu zuen. Orduan presidente zen Vicente Foxi ez zitzaion hori gustatu eta jendaurrean errieta egin zion. Calderonek kargua utzi behar izan zuen. Baina ez zen besoak gurutzatuta geratu, eta hautagaitza lortzeko lan egin zuen. Kanpaina hasi eta berehala, lanpostu gehiago lortuko zituela hitzeman zuen, eta nabarmendu zuen ez zela inoiz inongo iruzurretan nahasi. Kanpaina hasi eta hilabetera, ordea, oposizioak salatu zuen influentziak erabili zituela bere koinatuaren mesedetan. Ondorioz, sostengua galdu zuen Calderonek. Baina oposizioak hainbat hutsegite egin zituen, eta horri esker gora egin zuen Calderonek, eta azkenean puntu bat baino gutxiagoko aldearekin bozak irabazi.
Bere aita PANeko sortzaileetako bat eta ama alderdi bereko diputatua izanik, kontserbadorea da oso Calderon bera. Sexu bereko pertsonen areko ezkontzaren, abortuaren eta eutanasiaren kontra dago. Aldiz, bizi osorako kartzela zigorra defendatzen du, eta argi utzi du AEBekin harreman estuak izaten jarraitzeko nahia. ARANTXA ELIZEGI