Protestak herrialde arabiarretan

Koalizioak lurreko indarrei eraso die erresistentziari aurrera egiteko bidea eginez

Gaddafiren nagusitasun militarra kaltetuta, Libiako ekialdean Ajdabija berreskuratzeko aukera eman diote aliatuek oposizioariNATOk ez duela erasoaren «zuzendaritza politikoa» hartuko berretsi du Frantziak

mikel rodriguez
2011ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Muammar Gaddafiren erregimenaren aurka nazioarteko koalizioak hasi duen erasoaldiak giro nahasia sortu du. Alde batetik, Libiako ekialdean diktadorearen indarrek aurrera azkar egitea oztopatu dute koalizioaren hegazkinek. Erresuma Batuak dio erregimenaren aire indarra suntsitu duela koalizioak, eta hegazkinik gabe, Gaddafirentzat hagitz zaila izanen da oposizioaren hiriburua, Bengazi, hartzea. Milizianoek, ordea, ez dute baliabide nahikorik erasora jotzeko, Gaddafiren indarrak gehiago direlako lurretik ere. Egoera horrekin Libia de facto bi zatitan banatuta gelditu liteke: ekialdean oposizioa, nazioarteko aire indarrek babestuta; mendebaldean, berriz, Gaddafi, bonbardaketek zigortuta, baina lurretik nagusi. Koalizioaren azken bonbardaketek, ordea, erregimenaren erasoa geldiarazi dute, erresistentziari aitzinera egiteko aukera emanez.

NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren ebazpenaren arabera, esku hartzearen helburu bakarra zibilak babestea da. Beraz, aire erasoek ez liekete oposizioko miliziaren behar estrategikoei erantzun behar. Ebazpenak, ordea, ez du zehazten zein ekintzak babesten dituen zibilak eta zeinek miliziari mesede egin. AEB Ameriketako Estatu Batuetako armadako kontralmirante Gerard Hueberrek adierazi duenez, koalizioak Gaddafiren lurreko indarrak bonbardatu ditu Az Zauian, Misratan eta Ajdabijan. Eta azken bi hiri horiek garrantzi estrategiko handia dute oposizioarentzat.

Misrata erreboltariek mendebaldean kontrolpean duten hiri bakarra da, Tripolitik 200 kilometro ekialdera. Azken egunetan, Gaddafik gogor egin dio eraso tankeekin eta artilleriarekin, eta hiriaren erdiguneraino sartu da. Oposizioaren arabera, atzo hamasei lagun hil zituzten erasoetan. Geroago, ordea, aliatuek erregimenaren indarrak bonbardatu zituzten, eta erasoaldia gelditu zuen Gaddafik. Oposizioak salatu du erregimenak egunotan giza ezkutuak erabili dituela tankeak aire erasoetatik babesteko, baina Hueberrek adierazi du bonbardaketek ez dutela zibilik hil.

Ia 200 eraso egun bakarrean

Ekialdean, berriz, koalizioaren esku hartzeak Bengazitik urrundu ditu erregimenaren indarrak, eta borroka frontea 160 kilometro hegoalderago, Ajdabijan dago. Hiri hori da alde bakoitzak kontrolatutako lurraldeen arteko muga. Koalizioaren bonbardaketak jasan ondotik, baina, erregimenak lurreko erasoak eten behar izan ditu, eta hori balia dezake miliziak bere ahulezia gainditu eta Ajdabija hartzeko. Hueber kontralmiranteak jakinarazi duenez, astearte eta asteazken artean ia 200 eraso egin dituzte aliatuek —AEBek gehienak—, «zibilak babesteko lehentasunarekin». Arratsean, Tripoli bonbardatu zuten aliatuek, bortzgarren egunez jarraian.

Arlo diplomatikoari dagokionez, NATOk hartu beharreko rola da eztabaidagai nagusia. Frantziako Atzerri ministro Alain Juppek berretsi du aliantzak ez duela hartuko Libiako operazioaren «zuzendaritza politikoa», eta François Baroin Gobernuko bozeramaileak zehaztu du NATOren eginkizuna «teknikoa» izanen dela. Operazioan parte hartzen ari diren herrialdeak Londresen elkartuko dira heldu den asteartean. Afrikako Batasuna eta Arabiar Liga ere gonbidatu dituzte.

NATO guztien ahotan dabilen arren, aliantzako kideak oraindik ez dira ados jarri esku hartzeari buruz. Seigarren bilera egin zuten atzo, eta Turkiak eta Alemaniak ezezkoari eutsi zioten. Alemaniak, gainera, uko egin dio armen bahimendua betearazteko itsas kontrolean parte hartzeari;atzo hasi ziren NATOko ontziak zaintza lanetan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.