Kofi Annan NBEko idazkari nagusiak bat egin zuen atzo Paris, Mosku eta Berlinen jarrera honekin, zeren eta, Colin Powell AEBetako Estatu idazkariarekin ostegun arratsean izan zuen bileraren ondorioak aipatzean nabarmendu baitzuen Irak okupatzen duen koalizioak ardura gehiago onartu beharko diola NBEri, Segurtasun Kontseiluak nazioarteko eskuhartzea handitzeko ebazpen berri bat har dezan gurako badu. Annanek berretsi zuen ez dela kasko urdinik bidaliko Irakerat, baina gaineratu zuen balitekeela Segurtasun Kontseiluak ontzat ematea NBEk gaur egun deramatzan jarduerak zabaltzea eta nazioarteko indar baten gain ezartzea.
«Horretarako, haatik, koalizioko indarrek erabakiak eta ardurak partekatu behar lituzkete beste gobernu zenbaitekin», ohartarazi zuen Annanek, «hori ez balu onartuko, oso zaila litzateke Segurtasun Kontseiluko kide guztiek ontzat jo dezaten ebazpen bat bozkatzea». NBEko idazkari nagusiak nabarmendu zuen Iraken kontuaz moldatutako azken txostenean, nazioarteko indar batek bere gain har ditzakeen hogei bat ardura zehaztu zituela, hala nola Irakeko legezko gobernu baten erakuntza bultzatzea, justizia sistema baten antolatzen laguntzea eta ekonomia berreraikuntzaren sustatzea.
Annanekin izan zuen bileran, ordea, Colin Powellek baieztatu zuen Washingtonek gura duela Segurtasun Kontseiluak ebazpen berri bat aurki onartzea, munduko herrialde gehiago «animatu» daitezen Iraken egonkortasuna bermatzen eta berreraikuntzan esku hartzerat.
«NBEn partaide diren herrialdeei konpromiso zabalagoa eskatzeko formulazio bat nahi ginuke moldatu», zehaztu zuen Powellek, ebazpen berri baten idazkera aipatzean. Haatik, AEBetako diplomaziaburuak argi eta garbi esan zuen Washingtonek ez duela gogorik Iraken gaur egun daukan kontrola partikatzeko. «Aginpidea banatzeko kontua ez da izan Annan jaunarekin izan dudan solasaldien barne; izan ere, bakoitzaren eginkizunak zein diren argi dakigu», aditzerat eman zuen.
Susmoak zaindariengan
Joan den asteartean NBEko Bagdadeko egoizaren aurka gertatutako atentatuaren behin betikobalantzerik ez dago oraingoz, Canal Hotel ohiaren puskakinen artean biktima gehiago egon litekeelakotz. Oraingoz balantzea 24 hildako eta ehundik gora zauritutakoa da.
Kamioi-bonba bat lehertarazita egin zen erasoaren errebeindikazio bat aipatu zuen atzo Dubai emirrerriko Al Arabia telebista kateak, Mahomaren Bigarren Armako Abanguardia Armatuak izenpetutako agiri bat eskuratu zuela esanda. Haatik, errebeindikazio honen sinesgarritasuna zalantzazkoa da oraingoz.
Atentatu hau burutu dutenek NBEko egoitzan bertan laguntzailerik izan dutenetz argi nahi dute FBI AEBeko polizia federalekoek eta susmo batzuk dauzkate egoitzaren zaindarien aldderat. Hauek Saddam Hussein agintean zelarik izendatuta egon ziren NBEko arma ikuskatzaileak egoten ziren lekuaren babesteko. Bestalde, beste bi soldadu estatubatuarrek bizia galdu zuten atzo Iraken, erasoetan.
ARMEN AUZIA
Australiako Gobernuak datuak faltsutu zituela dio aditu batek
Australiako informazio zerbitzuetako azterketa egile ohi batek jakinarazi duenez, Camberrako gobernuak handitu egin zituen Saddam Husseinen agintearen esku ustez zeuden suntsipen handiko armen arriskuaren kontua. Andrew Wilkie informazio zerbitzuetako jardule ohiak akusazio horiek egin zituen Australiako Senatuak abian jarri duen ikerketako itaunketetako lehen egunean. Bere gobernuak Iraken aurkako erasoan parte hartzeko erabakiarekin konforme ez zelako dimititu zuen, Wilkiek zehaztu zuenez, «Ebaluazio Bulego Nazionalak jasotako informazioak lehen ministroaren bulegora zuzen-zuzenean joaten ziren eta hau moldatzen zituzten exajerazioak». Aztertzaile ohiak gehitu zuen: «Gutxien-gutxienez, zintzotasun eskasez jokatu dira Gobernuaren zerbitzuak».