Akordioa alderdiaren irteerak kolokan jarri du Poloniako Gobernua. Erabakiak ez ditu koalizioko kideak ezustean harrapatu; izan ere, herenegun lehen ministro Mateusz Morawieckik gobernuko lehen ministrorde eta Garapen ministro Jaroslaw Gowin kargugabetu zuen, Akordioa alderdiko liderra. Marowieckik adierazi zuen hartutako erabakia «bien arteko desadostasun politikoek, eta Gowinen konpromiso faltak» bultzatu zutela.
Azken asteetan gero eta ohikoagoak ziren Akordioa alderdiko hamahiru diputatuen eta PiS Legea eta Justizia alderdiko kideen arteko desadostasunak. Koalizioa utzi ondoren, Gowinek adierazi zuen «hartutako erabakiaz harro» dagoela, eta ez datorrela bat gobernuak proposatutako neurriekin; besteak beste, Gowinek gobernuak aurkeztutako pandemiaren osteko errekuperazio planak jasoko lituzkeen funtsen banaketa kritikatu zuen, eta «milioika herritarren kalterako» izango zirela ohartarazi zion gobernuari.
Akordioaren irteeraren ondorioz, hamahiru eserleku galdu zituen parlamentuan Eskuin Batuak eta PiS Legea eta Justizia alderdiek osatutako koalizioak: Ganberako 430 eserlekuetatik 219 ditu orain. Gainera, gobernuko hiru ministrok beren karguak utzi dituzte. Hala ere, Piotr Muller gobernuko bozeramaileak adierazi zuen «Eskuin Batuak agindutako gobernuak funtzionatzen jarraituko» duela, eta parlamentuan aurkeztutako hedabideen inguruko legea onartua izatea espero duela.
Abuztuaren 31n iritsiko da Poloniako Gobernua kolokan jar dezakeen hurrengo proba: Auzitegi Konstituzionalak Poloniako Konstituzioa Europako legediaren gainetik gailentzen den erabakitzeko epaia.
Hedabideak erdigunean
Hain zuzen, hedabideen jabetzaren inguruko lege proposamenak areagotu zuen Morawieckiren eta Gowinen arteko tentsioa. Gaur bozkatuko dute parlamentuan hedabideei buruzko legea; onartua izanez gero, legeak debekatu egingo luke Europako Esparru Ekonomikotik kanpoko enpresek telebista kateen jabetza izatea. Horrela balitz, AEBetako Discovery taldeak TVN katea —herrialdean ikusle gehien dituen kate independentea— saldu beharko lioke Poloniako kate pribatu nagusiari.
Bart gauean ehunka lagun kalera irten ziren neurria salatzeko, besteak beste, Varsovian. Protestan parte hartu zuten askok adierazi zutenez, legea «adierazpen askatasunaren aurkako neurri bat» da, eta «bestelako iritziak isilarazteko tresna bat» sortzea egotzi zioten gobernuari. Gowinek ere bat egin zuen manifestariekin: «Legeak argi eta garbi urratzen du komunikabideen askatasunerako eskubidea». Gainera, ohartarazi zuen neurri horrek AEBekin duten harremana zaildu dezakeela.
Halaber, Plataforma Zibila oposizioko alderdiak adierazi zuen PiSeko kideei «aurre egiteko prest» daudela, eta legeak oposizioa «batzeko» balio dezakeela. Radoslaw Sikorski Atzerri ministro ohiak honela idatzi du Twitterren: «TVN kateari eskubideak kentzeko bozkatuko da gaur parlamentuan; Poloniako telebista katerik garrantzitsuena da, AEBen jabetzakoa. Legea onartzen bada, autokrazia baterako bidea hasiko dugu, itzulerarik ez duena». Egin dizkieten kritikei erantzunez, Poloniako Gobernuak adierazi zuen proposatutako legedia ez dela enpresa bakar batentzakoa: «Lege honekin, EB Europako Batasunekoak ez diren herrialdeek, hala nola Errusiak eta Txinak, hedabideak erosi ahal izatea eragotzi nahi dugu».
Askok ez dute, baina, Morawieckik azaldutakoa sinisten; izan ere, Poloniako Gobernua sarritan saiatu izan da herrialdeko hedabideen kontrola bereganatzen. AEBetako agintariek legearen inguruan hausnartzeko deia egin zioten lehen ministroari, eta ohartarazi zioten neurri horrek AEBen eta Poloniaren arteko defentsa, enpresa eta merkataritza harremanei kalte egingo liekeela. Halaber, Poloniako ehunka kazetarik eta editorek, gutun bat sinatu, eta gobernuari bidali diote. Gutunean, zera eskatu diote: «herrialdeko prentsa askatasuna galaraztea ekiditeko».