Estatu Islamikoaren kontrako borrokaren ikur nagusienetako bat zen Kobane (Kurdistan), eta borroka horren garaipenaren ikur ere bilakatzekotan da. Firat agentziaren arabera, gerrillari kurduek Kobane askatu dute gaur, eta orain dela hilabete eta erdi EIren bandera zegoen lekuan YPG/J milizien bandera jarri dute.
Azken orduetan askapena berehalakoa zela jakinarazia zuten kurduen eta Siriako oposizioko Giza Eskubideen Behatokiak. Idris Nuaman Rojavako (Kurdistan mendebaldeko) Gobernuko Atzerri ministroak adierazia zuen Kani Kordane auzoan [ekialdean] borro0kek jarraitzen zutela, EIko kideak han bilduta zeudelako.
134 egun pasatu dira muturreko islamistek Kobane hartu zutenetik. 134 egun horietan txikituta geratu da hiria, eta borroken ondorioz 200.000 lagunek egin behar izan dute handik hanka. Kobane askatzeko erabakigarria izan da kurduen borroka. Gerrillariei Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoko pexmergak gehitu zitzaizkien joan den urte amaieran.
Horiez gain, baina, AEBen airezko erasoek balantza kurduen aldera bultzatu dute. Herrialde hori buru duen aliantzak azken 24 orduetan hamazazpi eraso egin ditu Kobanen.