Urte hasieratik kobrea %76 garestitu da Londresko merkatuan. Maiatzean jo zuen kobre tonak inoizko prezio handiena, 8.800 dolar. Hori bai, azken egunetan metal gorriaren salneurriak gora egin du atzera, lan gatazka baten erruz. Urteko munduko kobre ekoizpenaren %8 ematen duen Escondida meategiko 2.000 langileek hamabi egun daramatzate greban, eta horrek eragin zuzena izan du merkatuetan, are gehiago enpresak atzo meategia ixtea -orain arte ordezko langileekin ohiko jardueraren %40an ari zen- eta langileen ordezkariekin negoziazioak etetea erabaki ondoren.
350 milioi tona material mugituta, urtean batez beste 125.000 tona kobre ekoizten eta Txileko Barne Produktu Gordinaren %2,5 sortzen du Escondida meategiak. 1990. urtean zabaldu zuten, Atacamako basamortuan, 3.000 metroko garaieran, Antofagasta hiritik 170 kilometro hego-ekialdera, Santiago hiriburutik 1.300 kilometro iparraldera.
Escondida meategiaren jabetza pribatua da. Enpresaren kontrola BHP Billiton multinazional anglo-australiarrak du, akzioen %57,5ekin. Haren lehiakide Rio Tinto holdingarena da beste %30 bat eta Japoniako Jecorena beste %10 bat. Enpresak urteko lehen sei hilabeteetan iaz epe berean baino %212 gehiago irabazi du: 2.918 milioi dolar.
Eta, jakina, etekin itzel horiek ikusita, Escondidako 2.052 langileek soldata igoera eskatu dute. Munduko basamortu idorrenetako batean, ia bakartuta lan egiten duten beharginek, sindikatuen arabera, asko jota 1.000 euro inguru irabazten dituzte hilean; 1.400eraino bonoekin. Hasiera batean %13ko soldata igoera eta 30.000 dolarreko bono bat eskatu zuten. Aste honetan bertan, soldatak igotzeko eskaria %10era murriztu dute, negoziatzeko borondatea erakusteko.
Eskaera hori egiteko, sindikatuak azken hiru urteetan meategiaren salmentek izandako bilakaera hartu dute oinarri. Ustiaketa sarrerak 1.500 milioi dolarretatik 6.300 milioi dolarretara igo dira epe horretan eta orain artean ez dute izan eraginik meatzarien soldatetan.
ETEKINAK, «BEHIN-BEHINEKOAK». Enpresaren arabera, ordea, etekinen hazkunde ikusgarri hori «behin-behinekoa» da. Horregatik, soldatak %3 handitzea eta 16.000 dolarreko bono bat eskaini zuen. Orain, sindikatuekin negoziatzen jarraitzeko eta meategia zabaltzeko, segurtasun baldintzak ziurtatzeko eskatu du zuzendaritzak. Herenegun 500 langile inguruk meategirako sarrera trabatu zuten eta enpresak istiluen aurkako polizia deitu zuen. Ika-miketan langile bat zauritu zen. Greba hasieratik, ordezko langileak jardun dira beharrean meatzean -Txileko legediak hori ahalbidetzen du- eta ohiko jardueraren %40ari eutsi diote. Dena den, greba hasi zenetik 100 milioi dolar galdu dituela dio zuzendaritzak.
Txileko Gobernuak orain arte ez du parte hartu gatazkan, baina hasi da arazoan esku hartzen. Herrialdeko presidente Michelle Bacheletek Ovaldo Andrade lan ministroa bitartekari izendatu du, irtenbide bat eskaini nahian. Ikusteko dago langileek borrokatzen jarraitzeko nahikoa indar izango duten. Txileko legediaren arabera, greba batek hamabosgarren eguna bete ondoren, langileek euren baldintzak zuzenean, bakarka, negozia ditzakete enpresarekin.
Kobreak Txileko esportazioen %40 hartzen ditu, Barne Produktu Gordinaren %9. Codelco enpresa publikoa da handiena, bost meategirekin. Eta hori aintzat hartuta, badago Gobernuari, Codelcoren irabazi itzelak ikusita, gastu publikoa handitzeko eskatu dionik. Lehen sei hilekoan Codelcok 4.625 milioi dolar irabazi ditu.
METAL GORRIA, URRE GORRIA. Baliteke kobrearen salneurriaren bilakaera ziklikoa izatea eta denborarekin merkatzea, baina oraingoz, munduak metal gorriarekiko erakusten duen egarriak sendoa dirudi, AEBen, Indiaren eta, nola ez, Txinaren eskariarekin. Horiek horrela, bada kobreari «urre gorri» deitzen hasi dionik.
Izan ere, garatzeko bidean dauden herrialdeen hazkundearekin batera, lehengaien eskaria ere handituz doa. Kobrearen erabilerak asko dira. Gailu elektriko eta elektroniko guztietan erabiltzen da, hodietan, sukaldeko tresnetan, hainbat aleaziotan eta, esaterako, euroko bost xentimoko txanponetan. Kobrea ugaria da benetan: ordenagailu batek bi kilo inguru kobre izan ohi ditu eta auto batek gutxienez 20 kilo.
Kobre meatzarien basamortuko borroka
Atacamako basamortuan, 3.000 metroko garaieran, munduko kobre meategi handienean lan egiten dute, eta dozena bat egun daramate greban 2.000 meatzarik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu