Nahasmena, mesfidantza eta mehatxuak dira nagusi Sirian, Kofi Annanen su-eten plana indarrean sartu berritan. NBE Nazio Batuen Erakundeko eta Arabiar Ligako mandatari bereziaren plana betez hainbat probintziatatik tropak ateratzen hasi dela adierazi du Damaskok, baina oposizioak kontrakoa dio. Gobernuak tropak soilik lekuz aldatu dituela salatu dute oposizioko taldeek, eta atzo gutxienez 62 lagun hil zituela armadak herrialdeko hainbat hiritan. Areago, Baxar al-Assaden gobernuak ezarritako epean indarkeria erabat eteten ez badu Siriako Armada Askeak iragarri du eraso egingo diola erregimenari: «Orain arte egin ez dugun moduan». Hala ere, Annanek baikor jarraitzen du: «Goizegi da planak porrot egin duela esateko».
Damaskoren izenean Walid al-Mualem Atzerri ministroak hitz egin du Moskun, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarekin bilera egin eta gero. Tropak kaletik ateratzen ari direla baieztatu ostean, «talde armatuen jardunaren igoera» salatu du Al-Mualemek, eta oposizioari Annanen plana ez betetzea leporatu dio. Damaskok oposizioak su-etena beteko duen bermeak eskatu dizkio Annani: «Ez dizkiegu bermeak eskatuko talde terroristei, jendea hiltzen, baitzen eta azpiegiturak suntsitzen baitabiltza.Annanek eman behar dizkigu berme horiek».
Gainera, su-etena nazioarteko behatzaileen taldea iristearekin batera ezarri behar dela nabarmendu du, eta gaineratu du Damaskok behatzaile berri horien alderdikeriarik eza ziurtatu nahi duela, iazko abenduan Arabiar Ligak Siriara bidalitako behatzaileen objektibotasunik eza iradokita. Moskuk, Siriaren aliatu nagusienetakoak, esan du Annanen plana «irmotasun handiagoz» bete dezakeela Damaskok. Baina hark ere NBEren behatzaile misio baten helduerarekin lotu du su-etenaren ezarpena, eta Errusia misio horretan parte hartzeko prest dagoela gaineratu du.
Lavrovek, era berean, oposizioari egotzi dio erruaren zati bat: «Ezin dugu ahaztu oposizioko talde gehienek ez dutela Annanen plana onartu, ezta SNC Siriako Kontseilu Nazionalak ere».AEBek eta beste herrialde batzuek talde horiengan «zuzeneko eragina» dutela uste du Moskuk, eta uneoro Errusiari eta Txinari buruz hitz egiten aritu ordez indarkeria eteteko euren eragina erabiltzeko eskatu die.
NBEren su-eten plana ezartzeko egutegia atzo hasi bazen ere, bihar arterako epea dute Siriako alde guztiek indarkeria bertan behera lagatzeko. Hain zuzen ere, egutegiaren malgutasun hori nabarmendu du Moskuk, eta atzokoa tropak kaletik ateratzen hasteko lehen pausoa emateko eguna izan zela, ez erabat ateratzekoa. Izan ere, planaren arabera, bihar goizean sartu behar luke indarrean alde guztien su-eten egiaztagarriak.
Turkiatik Iranera
Su-eten planaren lehen eguna bi herrialdetan igaro du Annanek, gatazkaren aldeetako aliatu banari bisita eginez. Turkiako Kilis probintzian egon zen atzo goizean John McCain eta Joe Lieberman AEBetako senatariekin batera, Siriako mugatik oso gertu. Damaskoren errepresiotik ihes egindako errefuxiatuen kanpalekuak bisitatu zituen bertan, euren egoera zein den ezagutzeko.
Kilisetik gertu, hain justu, Al-Assaden armadaren ustezko erasoak izan ziren bezperan, eta bi lagun hil ziren. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak adierazi du ez dagoela argi zer gertatu zen zehazki bi herrialdeen arteko mugan eta ezta nork egin zuen erasoa ere. Halere, Ankaran haserre handia eragin du gertakariak, eta Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak «mugaren urraketa garbitzat» jo du erasoa, eta erantzun gisa «beharrezkoak diren neurriak» hartuko dituztela iragarri du: «Pentsatu ere egin nahi ez ditugun neurriak tartean».
NBEko Segurtasun Kontseiluari bidalitako gutunean Sirian oraindik «bakerako seinalerik» ez dagoela aitortu arren, Turkian egindako adierazpenetan baikor agertu da Annan: «Agerikoa da bake plana ez dela ezarri espero bezala, baina horrek ez du esan nahi ezin daitekeenik ezarri. Goizegi da planak porrot egin duela esateko».
Turkia atzean lagata, Iranera egin du Annanek, Siriaren eskualdeko aliatu nagusiaren babesa lortu eta bake plana salbatzeko asmoz. Bai Siriako oposizioak bai AEBek Al-Assaden errepresioa armekin eta laguntza militarrarekin babestea leporatzen diote Teherani, eta, beraz, solaskide garrantzitsua izan daiteke Siriako indarkeriaren amaiera lortzeko.
Arabiar Ligaren eskaria
Nabil al-Arabi Arabiar Ligako idazkari nagusiak ebazpen bat onartzeko eskatu dio NBEko Segurtasun Kontseiluari, horren bitartez Siria indarkeria baztertzera derrigortzeko. Bide horrek, ordea, blokeoa baino ez du ekarri orain artean. Errusiak eta Txinakeuren beto eskubidea erabili izan dute Mendebaldeko herrialdeek Al-Assaden gobernuaren kontra Segurtasun Kontseiluan aurkeztutako bi ebazpenak atzera botatzeko. «Giza kontzientziak ezin ditu onartu urtebetetik gora dirauten hilketak eta indarkeria», Al-Arabiren esanetan.
Atzo bertan, Damaskok 62 lagunetik gora hil zituen oposizioko Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera. Armadak Bayada eta Jalidiya auzoak bonbardatu zituen Homsen, eta 26 lagun hil zituen. Bestalde, militarrek hogei lagun hil zituzten Haman (herrialdearen erdialdean), zortzi Idliben (ipar-mendebaldean), bost Daraan (hegoaldean) eta bana Alepon (iparraldean), Harastan (hego-ekialdean) eta Deir ez-Zorren (ipar-ekialdean). Malek Kurdi Siriako Armada Askeko bigarrenak, gainera, erregimenaren atxiloketak salatu ditu. Bere armada, berriz, «geldirik» egon dela azaldu du, eta soilik militarren erasoei erantzun diela Alepon, Haman eta Daraan.
Kofi Annan: «Goizegi da Siriako planak porrot egin duela esateko»
Kaletik tropak ateratzen hasi dela dio Damaskok, baina oposizioak kontrakoa baieztatu du; 62 lagun hil ditu armadakSu-etenak NBEren behatzaile taldearekin batera iritsi behar duelakoan dago Siria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu