Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari bereziak aitortu du Siriarako bake plana ez dela betetzen ari. Segurtasun Kontseiluari, berriz, «batasuna» eskatu dio, eta esan du bakerako ahaleginak oztopatzen dituztenek «ondorioak» jasango dituztela. «Zer gehiago egin daitekeen erabakitzeko ordua ailegatu da», esan du Annanek NBEren Batzar Nagusian. «Prozesu bakarraren inguruan bat egiten badugu eta ahots bakarrarekin hitz egiten badugu, okerrena saihestu ahal izango dugu», esan du mandatari bereziak, eta era horretan Siria krisitik ateratzea ahalbidetuko dutela. «Gauzak aldatzen ez badira, etorkizunean errepresio bortitza, sarraskiak, indarkeria sektarioa, eta erabateko gerra zibila etorriko dira ziurrenik. Siriar guztiek galduko dute».
Annanek esan du beste aukera batzuk aztertzeko ordua iritsi dela. NBEko diplomatikoen esanetan «harremanetarako talde bat» eratzea proposatuko du Annanek, Segurtasun Kontseiluko bi blokeek onartzea espero dutena. Talde horretan Siriako gatazkan eragina duten herrialdeak egongo direla diote NBEko iturriek, baita Iran ere.
Herrialdean, bitartean, giroa gaiztotzen ari da. Gobernuak herenegun Hama eskualdeko Al-Qubeirren «sarraskia» egin zuela salatu zuen oposizioak eta 78 zibil hil zituztela, tartean haurrak. Egoera horretan, gerra zibilaren arriskua «berehalakoa eta egiazkoa» dela ohartarazi du NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonek.
Houlan gertatu bezala, baina, nahasmena da nagusi Al-Qubeirren jazotakoaren inguruan. NBEren behatzaileen misioak ezin izan du hirira ailegatu eta Sausan Ghoxeh begiraleen eledunak esan du gaur berriz saiatuko direla. Ban Ki-moonek salatu du arma arinekin eraso egin dietela eta misioko buru Robert Mood jeneralak kontatu duenez behatzaileei hirira ailegatzea «oztopatu» diete batak eta besteak. Batetik, Siriako armadak hiriaren inguruan kontrolak ezarri dituela esan du, eta ez dietela aurrera egiten utzi. Bestetik, zibilek NBEren misioko hainbat ibilgailu geldiarazi dituztela azaldu du. Eta azkenik, herritarrek Al-Qubeirrera ez sartzeko eskatu dietela esan du Moodek, euren bizia «arriskuan» egongo litzatekeela argudiatuta.Jenerala kezkatuta agertu da behatzaileen mugitzeko askatasuna «mugatuta» dagoelako. NBEk esandakoari kontra eginda, oposizioko iturriekbegiraleak hirian izan zirela esan zuten atzokoan.
Guztiz bertsio ezberdina kontatu du Siriako Gobernuak Al-Qubeirren jazotakoaz. «Armatutako talde terrorista» bati egotzi dio erasoa, eta hasieran bederatzi lagun hil zituztela esan du Damaskok. Hilketaren ondoren herritarrek laguntza eskatu zutela adierazi du, eta armada hirira iristean armatutako gizonekin liskarrak hasi zirela. Liskar horietan «ustezko bi terrorista» etabi soldadu hil zirela gaineratu du.
Sana Siriako berri agentziak lekukoen adierazpenak aipatuz, «metrailetekin eta jaurtigailuekin terroristek» ingurua txikitu zutela salatu du, eta Siriako armadari babesa eskatu zietenei eraso egin zietela. Reuters berri agentziak, berriz, oposizioaren bertsioarekin bat egin duen lekuko baten kontakizuna jaso du. Lehenik armadak bonbardaketak egin zituela azaldu du honek, eta ondoren oinez sartu zirela soldaduak eta xabihak —gobernuaren aldeko paramilitarrak—. Sirian den Thierry Meyssan Frantziako kazetariak, baina, ukatu egin du gobernuaren aldeko milizia antolaturik existitzen denik.
Erabateko gaitzespena
Nazioarteak aho batez gaitzetsi du Al-Qubeirreko «sarraskia». Turkiako Atzerri ministro Ahmet Davutogluk, dena den, isilik geratzea leporatu die Moskuri eta Teherani. «Iranekin eta Errusiarekin hitz egin dugu, eta biek sarraskiak ez dituztela babesten dioten arren, isilik jarraitzen dute». Moskuk, baina, Hama eskualdeko gertakariak gaitzetsi eta erantzuleak «gogor zigortu» behar direla adierazi du.
Al-Qubeirreko eta Houlako gertakariak Annanen bake plana zapuzteko estrategiaren zati direla uste du Errusiak. «Zalantzarik gabe hainbat indarrek probokazio lazgarrienetara eta zitalenetara jo dute Kofi Annanen planari sabotajea egiteko. Egungo egoeran nazioartearen ahaleginak egonkortu behar ditugu NBEren mandatari bereziaren misioa babesteko», esan du Alexandr Lukaxevitx Atzerri Ministerioko eledunak. Gobernuari eta oposizioari Annanen plana betetzeko deia egin die, baina oposizioko taldeetan «eragiteko beharra» nabarmendu du. «Siriako gatazkaren konponbidean parte hartzen duten atzerriko eragileek euren esku dituzten baliabide guztiak erabiltzea beharrezkoa da oposizioko armatutako taldeei presioa egiteko. Izan ere, horien azken aldiko jokabidea eta nazioarteari esku hartzea eskatu izana planaren kontrakoak dira», gaineratu du. Hori eginez «Houla eta Hamako sarraskiak errepikatzea» saihestuko dutela adierazi du Lukaxevitxek.
Hain justu, oposizioko Siriako Armada Askeak su-etena amaitutzat jo zuen iragan ostiralean. Dena den, Errusiaren Ekialde Hurbilerako ordezkari Mikhail Bogdanovek esan du horrek ez duela esan nahi Annanen plana bukatuta dagoenik, eta gogor kritikatu ditu bake misioak porrot egin duela dioten herrialdeak. Atzo, hain zuzen ere, Erresuma Batuko Atzerri ministro William Haguek esan zuen oraingoz huts egin duela misioak, baina gaineratu zuen ez dagoela hilda.
Herenegun Moskuk proposatu zuen oposizioko taldeen artean «egiazko eragina» duten herrialdeekin, Turkia eta Iranekin,goi bilera bat egitea. Txinak, Iranek eta Frantziak baiezkoa eman diotela esan du Sergei Lavrov Atzerri ministroak. AEBek, baina, Iranen parte hartzearen aurka egin dute.
Bestalde, AEBek, Alemaniak, Frantziak, Italiak eta Persiar Golkoko zenbait herrialdek Annanen planari botere handiagoa ematea eskatu dute, Siriako gatazka konpontzeko. NBEren eta Arabiar Ligaren mandatariaren plana bakerako «aukerarik onena» dela esan dute, baina, irtenbide politikoaren babesean «irmoago» jokatu behar dutela diote. Zigorren bidea hobetsi dute herrialde horiek.
Clintonen proposamena
Azken egunotan Al-Assaden aurkako mezua gogortu du Hillary Clinton AEBetako idazkari nagusiak. «Al-Assadek boterea utzi behar du eta herrialdetik joan», adierazi zuen atzo Istanbulen. Annanen plana betetzeko eskatu dio, «su-etenetik hasita».
Hiru urrats proposatu ditu Clintonek gatazka konpontzeko. Siriako Gobernuak Annanen plana betetzea, Al-Assadek boterea uzte eta Siriatik alde egitea, eta trantsizio gobernua eratzeko negoziazioak hastea, gizarte zibilak kontrolatuko duen Siria demokratikoari bide egiteko. «Sirian jende askok Al-Assaden erregimena babesten du oraindik, aldaketaren beldur direlako. Konbentzitu egin behar ditugu, denak barne hartuko dituen Siria bat babesten dugula erakutsiz», gaineratu du.
Txinak aurre egin dio Clintoni. «Herrialde baten eredu politikoa gustatzen ez zaizulako ezin duzu pentsatzen hasi nola kanporatu bertako gobernua», adierazi du Cheng Guoping Atzerri ministrordeak.
Kofi Annanek aitortu du Siriarako bake plana ez dela betetzen ari
Ban Ki-moonek dio gerra zibilaren arriskua «berehalakoa» dela; NBEren behatzaileek ez dute lortu Al-Qubeirren sartzeaClintonek esan du beharrezkoa dela Al-Assadek boterea eta herrialdea uztea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu