Okupazioaren menpe eta egoera larrian da Irak eta honen berreraikuntza askoren kezka da, nagusiki irakiarrena beraiena, beraiek baitira inbasioaren, okupazioaren zein ere NBEk urtetan ezarri eta berriki altxatu bahimenduaren ondorio latzak pairatzen dituztenak. Mendebaldearen ildoei jarraiki herrialdea berreraikitzeko diru laguntzak dira atzo eta gaur artean Madrilen egiten ari diren emaileen konferentziako ardatza. Atzo NBEko idazkari nagusi Kofi Annanek «eskuzabaltasuna» eskatu zien Irak berreraikitzeko diru laguntzak emateko kritikoek inbertsio hitza darabilte prest agertu diren gobernuei. Altabada, segurtasuna bermatzea beharrezkoa dela ohartarazi zuen.
Annanek adierazi zuenez, Irak berreraikitzeko misioaren arrakasta segurtasun baldintzak hobetzearen menpe dago. 74 estatuetako, nazioarteko 20 bat erakundetako eta gobernuz kanpoko dozena bat talderen aurrean egindako hitzaldian NBEko buruak esan zuen emaileen konferentziaren aldetik «seinale bat» espero duela, «Irak berri bat, egonkorra, independentea eta demokratikoa» eraikitzeko nazioarteko komunitateak duen konpromisoa erakusteko.
Berreraikuntza eta demokratizazioa banaezinak direla nabarmendu zuen, eta NBE Irakeko herriari laguntzen segitzeko prest dagoela gogoratu. Halere, «segurtasun ez eta indarkeria maila altuak finkatutako helburuak betetzeko eragozpen serioa» direla gaineratu zuen.
Zentzu horretan, NBEko Segurtasun Kontseiluak berriki onartu 1551 ebazpenean agertzen diren berreraiketarako exijentzia guztiak «zirkunstantziek ahalbidetzen dutenean» betetzearen inguruan baikor agertu zen.
Annanen ustez, segurtasun eremu bat, «buruzagitza irakiar bat» eta, epe luzera, aldaketa instituzionalak arlo ekonomikoan eta politikoan berrosatzeak lehentasuna du, «geroko belaunaldiei zilegitasuna eta itxaropena emateko».
Horrez gain, esan zuen NBEk eta nazioartekoak Iraki laguntzeko egingo dituzten eginahalak urte askotan luzatzea beharrezkoa izango dela. Adituen arabera, Irakek duen behar ekonomikoa 35.000 milioi dolarretakoa da 2004 eta 2007 artean.
Atzerri Harremanetarako Europako komisario Chris Pattenek esan zuen 2004rako beharrezkotzat jo duten diru kopurua Munduko Bankuak 9.300 milioi dolarretan finkatua jasotzea espero duela. Gehitu zuenez, gaur Europako Batasunak ofizialki aurkeztuko du Iraki emango dion kopurua. Atzo aurreratu zuenez, osotara 1.400 milioi inguru euro emango ditu Bruselak, berreraikuntzarako eta giza laguntzarako %50ean banatuta. Europako Batzordeko iturri batzuen esanetan, hurrengo urterako «700 eta 750 milioi euro arteko laguntza» emango du Europak. Kopuru horretan Batzordearen eta estatu kideen banakako ekarpenak sartuko dira.
Aurten Europako Batzordeak dagoeneko 100 milioi euro bideratu ditu Irakerako, baina «segurtasun arazoak direla-eta»soilik 67 milioi gastatu dira. Gainera, EBko estatu kideek 731 milioi euro bideratu dituzte 2003an, giza laguntzarako. Horietatik 380 milioi gastatu edota gastatzeko prozesuan dira.
Irakiarren hitza
Madrilgo konferentzian Irakeko Gobernu Kontseiluko ordezkari Mouaffak Ar-Rubaiek atzo adierazi zuen NBEk oraindik jarraitu behar duela elikagai arloko laguntzak ematen, eta, horregatik ezin duela Petrolioa Elikagaien Truke programa bukatutzat jo.
«Kontuan izaki irakiarren %60k elikagaien beharra duela, ahal duguna egin behar dugu programa Gobernu Kontseiluari traspasatzeko, arazorik sortu gabe», esan zuen Kofi Annanek. Alabaina, Ar-Rubaiek argi utzi nahi izan zuen «segurtasun sare bat, ekonomia zutik eta lanpostu maila on bat izan arte», elikagaien banaketak «orain arte bezala» segitu beharko du. «Ez dugu jendea gosez hil dadin utziko», erantsi zuen.
«Ez dut uste dirua eskaleen moduan eskatzen ari garenik. Potentzial izugarriko ekonomia dugu, eta une zail batean laguntza bat da behar duguna», azaldu zuen ordezkari irakiarrak.
Estatu Batuetako Estatu idazkari Colin Powellek atzo esan zuen Munduko Bankuak jarritako diru kopuruak betetzeko «denbora» beharko dela. Nazioarteko Diru Funtsaren iritziz, «segurtasun iraunkorra berrezartzea» ezinbestekoa da berrosaketa ekonomikoa laguntzeko.
Bitartean, Londresen egoitza duen Christian Aid laguntza taldeak atzo salatu zuen AEBek Bagdaden gidatu administrazioak ez duela argi utzi zer egin duen Irak berreraikitzeko kudeatu dituen milioika dolarrekin. «Washingtonek jasotako 5.000 milioi dolarretatik soilik 1.000 milioien erabilpena azaldu du».
Gurutze eta Ilbehera Gorriko Elkarteen Federazioak «urrats positibo» iritzi zion konferentziaren garapenari, baina «beharrak baliabideak baino handiagoak» izango direla ohartaraziz.
IRAKEKO OKUPAZIOA. BERRERAIKUNTZA
Kofi Annanek eskuzabal izatekoesan die 'emaileei'
Herrialdea Mendebaldearen ildoei jarraiki berreraikitzeko diru laguntzak ematea eta segurtasuna bermatzea ezinbestekoak direla ohartarazi du NBEko idazkari nagusiak Madrilen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu