Israelgo Gobernua itxaropentsu dago. Erretiratze planaren aurkariek huts egin zutela eta kokaguneak husteko 48 ordu 24 gaur nahikoak izango zituztela iragarri zuen lehen ministro Ariel Sharonen eledun batek, atzo. 1967ko gerraren ostean beretzat hartu zituen Israelek Gaza Zisjordania eta Ekialdeko Jerusalem. Tel Avivek laguntzak eman zizkien israeldarrei hara bizitzera joateko, palestinarrek euren lurrak berreskura ez zitzaten. Israelek, 38 urteren ostean, okupatutako lurren zati bat palestinarrei itzultzea erabaki du, epe luzera begira Gaza kontrolatzeari eustea ezinezkotzat jotzen duelako. Han bizi diren kolono asko, ordea, han jaio eta hazitakoak dira eta eurenak jotzen dituzte lur horiek. Gazan 8.000 inguru kolono bazeuden ere, 2.000 inguru geratzen ziren atzo.
Kolonoen eta segurtasun indarren arteko borroketan 20 pertsona inguru zauritu ziren, tartean poliziak. Bederatzi ziren hustu beharreko kokaguneak. Gehienetan soldaduak etxeen atarian zain geratzen ziren, barruan zeuden kolonoak aspertu eta beren kabuz atera zain. Horiei beren autoekin ateratzen uzten zieten. Baina Neve Dekalimen eta Moragen sinagogetan itxi ziren hainbat kolono. Azkenean indarra erabili gabe sartu ziren arren, besoetan atera zituzten kolono gehienak. Neve Dekalimdik erretiratzea ez zen uste bezain erraza izan. Kokagunea berez atzo zuten hustekoa, baina arazoak zirela eta, gaur arte atzeratu dute. Soldaduen arabera, kanpotik joandako eskuin muturreko ekintzaileek jarri zituzten oztopo gehienak. Poliziak 60 kolono inguru atxilotu zituen. «Neve Dekalimgo herritar gehienek ez dute barruan jarraitu nahi. Kanpokoak dira arazoak eragiten dituztenak», adierazi zuen Israelgo Poliziako buru Yosi Janonek. Bestalde, Netivoten (Israel) emakume batek bere buruari su eman zion, erretiratzearen kontra protestatzeko. 54 urteko emakumea erredura larriekin eraman zuten erietxera. Kolono askok atera ziren Gazatik atzo, Kissufimgo mugatik. Kexu ziren, hala ere: «Judu batek ezin du beste judu bat kanporatu. Zenbat aldiz entzun dugu hori? Ni judu batek bota nau etxetik». Eriten (33) hitzak ziren. Muga pasatu berri zuen furgonetan. Gure etxeetatik bota gaituzte. Horixe irakur zitekeen ibilgailuan. Neve Dekalimen hamar urtez bizi izan zen. Bost seme-alabak autoaren atzealdean zihoazen. «Nire senarra barruan gelditu da soldaduei aurre egiteko. Ez dakit nora joango garen». Tora liburu sakratua zuen gidariaren eserlekuaren ondoan. «Sinagogan babestu da jendea eta bertako elementu sakratuak gurekin eraman ditugu». Goiza zen Kissufimen. Soldaduak, poliziak eta kazetariak baino ez zeuden mugan. Kolonoen azken ondasunak biltzeko edukiontziak zituzten dozenaka kamioi baino ez ziren barrura sartzen. Tarteka autoak pasatzen ziren mugatik. Bidaiarien aurpegietan samina islatzen zen. Gush Katif askatasunerako jaio zen leloa zuen idatzita autoetako batek, atzealdean. Israelgo bandera zeramaten askok leihoan.Meredek (23) bere ama eta anaiarekin pasatu zuen muga. Azken ordura arte egon ziren etxean, baina soldaduek alde egiteko eskatu zietenean, joan egin ziren. Neve Dekalimen bizi ziren. Tamad (17) anaia atzealdean zegoen eserita eta ama aurrean, negarrez. «Oso triste gaude. Hotel batera goaz orain, baina ez dakigu zehazki non dagoen eta noiz arte egon beharko dugun hor, ez dakigu nolakoa izango den gure etorkizuna». Handik gutxira beste auto bat pasa zen. Einat (29) hiru seme-alabekin zihoan. Negarrez ari zen eta umeen begi-nini ilunek amari begiratzen zioten etengabe. «Atsekabetuta nago. Gurasoen etxera goaz, baina ez dakit gero zer egingo dugun. Gobernuak dirua emango zigula agindu zigun, baina guk oraindik ez dugu sosik ikusi». Oihuak entzun ziren bat-batean. Gush Katifetik autobus bat atera zen. Kolonoei sostengua ematera joandako gazteak zihoazen barruan. Kippa laranja zuen gazte batek soldaduak iraindu zituen. Haserre zegoen oso. Kazetariak gaztearengana hurbildu ziren. «Ikuskizun honekin gozatzen ari zarete zuek. Gurekin dirua irabaztea da zuen xede bakarra», esan zien. Alboan, begietan malkoak zituen neska bat zegoen eserita. Neve Dekalimdik zetorren autobusa. Han babestu ziren kolonoei sostengua ematera joandako gazteak. Beste autobus batean kolono ultraortodoxoak zihoazen. Soldaduak autobusa miatzera sartu ziren. «Zer egiten duzu hemen», esan zion kolono batek soldadu bati. Haurtzaroko ikaskideak ziren. Gush Katifera sartzeko asmoa zuten ehunka israeldar muga pasatzen saiatu ziren goizaldean. Errepideetan, baina, kontrol zorrotzak zeuden. Sderotetik gauez ateratako ehun gazte inguruko talde bat errepide bazterrean zegoen. Moshe (24) lurrean eserita zegoen. «Gauez egin dugu bidaiaren zati handi bat, baina goizaldean soldaduek ikusi gaituzte». Kokaguneetako kolonoak indarrez aterako zituztela aintzat hartuta, dozenaka israeldar pilatu ziren errepideetan kolonoei elkartasuna adieraztera. Bushek eta Sharonek gerra deklaratu digute. Ofakimerako bidean paratu zuten pankarta laranja batean irakur zitekeen esaldia. Bidegurutzeetan, soinean kamiseta laranjak zituzten gazteak bildu ziren. Kolonoak autoetan pasatzen zirenean, txaloka hasten ziren. Askhelonetik hogei kilometrora dagoen bidegurutzean zegoen Judda (24). Autoetan zihoazen kolonoen artean afixak banatzen ari zen. Zuekin gaude zioten elkartasun mezuek. «Kolonoei sostengua adieraztera etorri gara. Oso hurbil sentitzen ditugu gure bihotzetan».
Tiroketa Zisjordanian
Ordu batzuk geroago, Shvut Rachelen (Zisjordania) kolono batek hiru palestinar hil eta beste hiru larri zauritu zituen. Aher Waisganek polizia bati pistola kendu eta inguruan zeuden palestinarrei egin zien tiro. Waisgan atxilotu egin zuten eta Israelgo Gobernuak alerta egoera ezarri zuen, mendekuen beldur.
Hamasek aurretik iragarria zuen erretiratzeak iraun bitartean ez zituela erasoak egingo. Hala ere, borroka armatuarekin jarraitzera deitu zituen ekintzaileak. Hamaseko eledun Mahmud Al Zaharren arabera, erasoei esker erretiratu da Israel Gazatik. Shirat Iam kokagunean (Gaza), aldiz, hamar kiloko lehergailu bat aurkitu zuten soldaduek. Bonba Jihad Islamikoak jarri zuela uste du Armadak.
EKIALDE HURBILEKO GATAZKA. GAZAKO ERRETIRATZEA
Kokaguneak biharko hustu nahi ditu Israelek
Kolono batek hiru palestinar hil eta beste hiru larri zauritu ditu tiroz Zisjordanian; alerta egoera ezarri du Tel Avivek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu