Israelgo Gobernuak Jerusalem ekialdean kolonoentzako 1.600 etxebizitza gehiago eraikiarazteko plazaratu duen asmoak salaketa bipilak eragin ditu nazioarteko komunitatean. Tel Avivek astearte arratsean egin zuen iragarpena, Ameriketako Estatu Batuetako presidenteorde Joseph Biden Israelen zelarik, Ekialde Hurbileko bake prozesua suspertzeko ahalegina egite aldera. Eta Bidenek berak gaizki ikusi du Israelen jokaera; PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruekin bildu zen atzo, eta haien aurrean esan zuen iragarpenak «bake prozesurako konfiantza zapuztu» lezakeela.
Eli Yisahai Israelgo Barne ministroak herenegun eginiko iragarpena gaitzetsi dutenak asko izan dira nazioartean. Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia izan da aurrenetakoa; Israelek lurralde palestinar okupatuetan eratzen dituen kokagune guztiak «nazioarteko legediaren ikuspuntutik legez kanpokoak» direla adierazi du Ki-moonek. Eta horrek eragin ditzakeen ondorioez ere ohartarazi du: «Kokagune hauek ugaltzea Israelek Errepide Mapa sinatzean hartutako konpromisoen kontrakoa da, eta bake prozesuari aurrera egiteko oztopoak jartzen dizkio». Ki-moonek eginiko adierazpenekin bat datorrela azaldu du Europako Batasuneko Atzerri politikarako goi ordezkari Catherine Ashtonek, Europako Legebiltzarrean eginiko deklarazio batean. EBk jarrera hau berretsi du atzo plazaratutako agiri batean, eta gaitzespenaz gainera, bere erabakia bertan behera uzteko eskatu dio Israeli. Bake prozesuan aurreratzeko xedean hartu dituzten konpromisoei eusteko eskatu dio,hain zuzen, Bruselak: «Behin betiko konponbide baterako negoziazioak kolokan jar litzakeen alde bakarreko ekimenak saihesteko eskatzen diogu Israeli».
Biden eta PAN, iritzi bereko
Israelek Jerusalem ekialdeko Ramat Shlomo auzoan 1.600 etxebizitza gehiago eraikiko zituela iragarri zuelarik, AEBetako presidenteorde Joseph Biden Israelen zegoen. Benjamin Netanyahu lehen ministroarekin izan zuen hizketalditik ateratzean, AEBek Israelen segurtasuna bermatuko dutela beti aldarrikatu zuen. Geroxeago, iragapenaren berri izan ostean, kritikoago agertu zen Biden; Ekialde Hurbilerako bake prozesuan aurrera egiteko ahaleginak zapuzten zituela iragarpenak adierazi zuen.
Ramalan (Zisjordania) ere hitz hauek berretsi zituen atzo Bidenek; Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente eta Salam Faiad lehen ministroarekin elkartu zen. Israelek eginiko iragarpenak «bake prozesuari argi eta garbi kalte egiten» diotela adierazi zuen Bidenek: «Denok dakigu bi estatu alboz albo egotearen irtenbideaz kanpobeste alternatibarik ez dagoela etabakerako bide guztiek ikuspegi horretarako urratsetatik ibili behar dutela».
AEBetako Gobernuaren «gaitzespen irmoa» salatu egin zuen Salam Faiadek; Saeb Erekat negoziazio talde palestinarren burua, baina, zuhurrago agertu zen: «Adierazpen irmo hauek errealitatean islatu behar dira, Israel kolonizazioa gelditzera behartuz, Zisjordanian eta Jerusalemen».
Tel Aviv ez dela horretara deliberatua argi da, haatik. Israelgo Barne ministroak damua agertu baitu etxebizitza gehiago eraikitzeko iragarpena«une ezegokian egiteagatik», baina, hortik aurrera, ez du atzera egiteko asmorik batere agertu.
Kokaguneak ugaltzeko iragarpenak salaketa oldea eragin du nazioartean
Joseph Biden AEBetako presidenteordeak berretsi du Israelen egitasmoak «bake prozesurako konfiantza zapuztu» lezakeela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu